
Uztaileko eta abuztuko asteazkenetako iluntzean Guggenheim Bilbao Museoaren terrazara hurbiltzen direnek «pertsonalitate handiko taldeek zuzenean sortuko duten erritmo biziko jazz musikaz gozatu ahal izango dute», Art & Music Summer Edition hartuko baitu museoak. Sarrera, kopa bat barne, aldez aurretik erreserba daiteke museoaren webgunearen bidez eta leihatiletan, Bilboko museoak jakinarazi duenez.
Thalatha taldeak hasiko du zikloa uztailaren 1ean. Marta Payeras pianistak, Javier Gomez kontrabaxu jotzaileak eta Pablo Ortiz bateria jotzaileak osatutako hirukotea da.
Taldeak
Ondoren, uztailaren 8an, Oscar Garrido Quartet arituko da (Oscar Garrido tronpeta, Amaia Izarzugaza pianoa, Martin Irigoras bateria eta Javier Gomez kontrabaxua); uztailaren 15ean, Nico Andino Quartet (Nico Andino tronpeta, Alex Huelves pianoa, Leon Sierra baxu elektrikoa eta Daniel Pimenta bateria); uztailaren 22an, Abraham de Roman Quartet (Abraham de Roman saxo tenorra, Marco Martinez gitarra, Arturo Valero kontrabaxua eta Hilario Rodeiro bateria); eta uztailaren 29an, Guillermo Elizaga Quartet (Xavi Maldonado saxo tenorra, Angel Gonzalez gitarra, Ot Granados kontrabaxua eta Guillermo Elizaga bateria).
Abuztuan sartuta, Aiama Trio izango da hilaren 5ean (Amaia Izarzugaza pianoa eta ahotsa, Edorta Izarzugaza bateria eta Johnatan Alvarez baxu elektrikoa); Andoni Aizpuru Quartet, 12an (Andoni Aizpuru saxo altua, Andres Navascuez pianoa, Aritza Castro bateria eta Jon Ander Amigo baxua); eta Yuriy Yaremko Trio, 19an (Yuriy Yaremko gitarra, Pablo Lopez Barrios bateria eta Martin Gros kontrabaxua).

