
Rio de Janeiro: favelak, feijoadak eta caipirinha
Gauza asko egin daitezke Rio de Janeiron: Copacabana, Ipanema edo Leblon hondartzetan pasieran ibili eta bainatu, bertako “feijoada” jan, “caipirinha” edan, Selaron eskailerak ikusi, “favelak” ezagutu... Eta, nola ez, bertako sinboloak bisitatu: Pao de Açucar eta Kristo Erredentorea, besteak beste.
Pao de Açucar eta Kristo Erredentorea. Biek aukera handia eskaintzen dute hiria ikusteko. Lehenengoa itsas mailatik 396 metrotara dago. Bigarrena, 710 metrotara, Corcovado izeneko mendixkan, eta bazter guztietatik ikusten da Jesusen gizairudia besoak zabalik. Dena den, hemen ez da bukatzen Rio de Janeiroko eskaintza. Badago beste Rio bat brasildarren plater nazionala eskaintzen duena (feijoada: babarrun beltza eta arroz zuria), choperi-etan garagardoa edateko aukera ematen duena; edota caipirinha-z (cachaza eta lima xehatua, azukrea eta izotza) egarria asetzeko parada ematen duena, besteak beste. Eta, nola ez, brasildar musikarena (sanba, bossa nova, forro…), aldakarik herdoilduena dantzan ipintzen duena.
Gustu guztientzako olatuak
Rio de Janeiroko hondartzek (Copacabana, Ipanema, Leblon, Barra da Tijuca...) berezko nortasuna dute. Egunero jende askok hartzen du aterpe hondarraren zurian, baina batzuek aisialdirako (futbola, boleibola, surfa, bodyboarda...) erabili bitartean, beste batzuek sosa irabazteko aprobetxatzen dute. Dena dela, bainulariak eta saltzaile ibiltariak bat egiten dute elkarren beharra asez, eta txurroak, izozkiak, freskagarriak, fruta, koko eta kanaberari zukua ateratzen diete.

Jaiegunetan hondartza ondoko kaleetan ez da trafikorik egoten; oinezkoek agintzen dute eta, orduan, aire libreko polikiroldegi bihurtzen da, non jendeak gimnasia, taichi, korrika, patin, txirrindulaz ibiltzeko aprobetxatu egiten duen. Rioko itsas kostak 80 kilometro ditu. Zenbaitzuek kilometro batzuk egiteko asmotan, bizikleta erabiltzen dute, Copacabanako bidegorrian hasi eta Ipaneman (“ur arriskutsua” tupi-gurani hizkuntzan) edo Leblonen amaitzeko.
Hondartzetan ibiltzeko askatasun osoa badago ere, bertakoek badakite zer-nolako jendea egoten den alde bakoitzean
Hondartzetan ibiltzeko askatasun osoa badago ere, bertakoek badakite zer-nolako jendea egoten den alde bakoitzean. Izan ere, hondartzetako posto-ek erreferentzia gisa balio dute. Copacabanan, esaterako, 3. Posto-an homosexualak elkartzen dira; Rua Santa Clara eta Rua Constante Ramos-en artean, berriz, gazteak eta boleibol jokalariak egoten dira: Rua Xabier da Silveiran, udatiar eta prostitutak; eta Ipaneman, surflariak, ondoko faveletakoak eta intelektualak. Ipanemako hondartzan jende asko egoten da egokitutako lekuetan kirola egiten izerdi patsetan eta giharrak lantzen.
Halarik ere, edertasunak ez du ezagun egin Ipanema; 60ko hamarkadaren hasieran Tom Jobinek eta Vicious de Moraesek egindako ‘A garota de Ipanema’ (Ipanemako neska) izeneko kantuak egin zuen ospetsu. Orduko kafetegi eta taberna asko artista, intelektual eta liberal aberatsen topaleku bihurtu zen, baina 1964ko militar kolpeak eta horrek ekarri zuen errepresioak buhame asko atzerrira joatera behartu zuen. 70eko urteetan Leblon izan zen gaueko giroaren lekua, Ataulfo de Paiva etorbideko taberna eta jatetxeetan hasi baitziren elkartzen belaunaldi berriko artista eta musikariak. Gaur egun, hango giroa atsegina da, baina Rioko gaueko saltsa eta piperra Lapan dago.
Selaron eskailera
Selaron eskailera Janeiroko erdian dago, Lapa eta Santa Teresa auzoen artean. 1990ean hasi eta etengabe eguneratzen den proiektua Jorge Selaron artista txiletarrak egin zuen. Eskailerak 125 metro luze du eta 215 harrizko maila. Eskailerak ospe handia hartutakoan, Selaron teilak eta zeramikak jasotzen hasi zen Rio de Janeiroko bidaiariek oparituta, eta, eskertzeko, emandako guztia bere proiektuan erabiltzen saiatu zen. Gainera, obrari eusteko modu ona ere bazen. Izan ere, Selaronek diruz arazoak zituen. Mundu osoko kolore, tamaina eta forma ezberdinetako zeramikazko piezen artean, Euskal Herriko mapa eta lauburua ere ikusi genituen. Selaron 2013ko urtarrilaren 13an aurkitu zuten hilda, bere lan ikonikoaren ondoan. Gorpua erreduraz beteta aurkitu zuten, pintura disolbatzaile kaxa baten ondoan. Orain arte kasua ez da argitu.
Rocinha: Rioko “favelarik” handiena
Leku gehienetan, aberatsek txiroei goitik behera begiratzeko joera badute ere, Rio de Janeiroko bazter auzoetan, Brasilgo beste leku askotan bezala, paperak trukatu egin ohi dira. Izan ere, Rioko mendi magaletan, XIX. mendearen bukaera aldera, etxe bizitzaren krisia zela eta, inolako kontrolik gabe egindako etxetxoek sekulako aukera ematen diete faveletako bizilagunei.
Kanpotik ikusita, favelek mendi magalari eskegitako gotorlekuak dirudite, baina behin barruko labirintoetan etxeek beren estetika dute eta barruko munduak bere nortasuna, eta arauak
Rio de Janeiroko postalek bestelako kolorea erakusten badute ere, 950 favelez osatutako paisaia ezin albora daiteke. Hori bai, horietako baten bat ikusi nahi izanez gero, hiru hauen artean aukeratu behar izango da: Rocinha, Vidigal eta Santa Teresa. Gainerakoak, banden arteko gora-beherak direla eta, oso arriskutsuak dira. Klase ertaineko brasildar gutxik ezagutzen ditu favelak. Halakoentzat kale erpin eta zoko-mokoetan ibiltzeak txirotasuna, bazterkeria, delitua eta gainerako keriak suposatzen ditu. Kanpotik ikusita, favelek mendi magalari eskegitako gotorlekuak dirudite, baina behin barruko labirintoetan etxeek beren estetika dute eta barruko munduak bere nortasuna, eta arauak. Rocinhan, esaterako, komando vermelho (komando gorria) izeneko narkotrafikanteek agintzen dute. Hori bai, eurek esandakoa eginez gero, ez omen dago inolako arazorik.

Rocinhan etxe gehienek jabego titulua dute; halarik ere, gainerako hiritarrek baino zerga gutxiago ordaintzen dute. Copacabanan jendea eskean ikusten da, lapurretak daude, baina Rocinhan, arauak betez gero, ez omen da ezer gertatzen. Guri, behintzat, ez zitzaigun ezer gertatu. Hori bai, kale kantoi askotan droga trafikatzaileak bezeroei itxaroten egoten dira, bizkarzorroak eta plastikozko poltsak begi bistan.
Egondako egunean, kale bazterretan, gizonezko bi metrailetak eskuan ikusi genituen. Beraiengandik 50 metrotara polizia postua egon daiteke eta, ezer gertatuko ez balitz bezala, emakumeak umetxoekin eskutik helduta ibiltzen dira pasieran. Inor ez da harritzen. Inork ez du inor salatzen. Hala ere, batzuetan poliziek sarekadak egiten dituzte eta hildakoak erruz izaten dira. Baina noiz edo noiz suertatutako gora-behera horiek alde batera utzita, Rocinhan bizi diren ehun mila pertsonak gainontzeko leku askotan ez bezala amesteko sekulako aukera dute. Rocinha eta Gavia, Rio de Janeiroko auzorik aberatsena, elkarren ondoan daude. Leihoa zabaldu eta hantxe dute aberastasuna aurrez aurre.

