Vous avez accédé à un article payant en utilisant un clic de votre compte personnel.
Oiartza Pampliega
Ossau haraneko larreak, Gave de Brousset errekak zeharkaturik. (Oiartza Pampliega)
Bearno, zentzumenekin gozatzeko lurraldea
Bearno berezko nortasuna duen lurraldea da, azaletik soilik behatua izateari uko egiten diona bidaiariei xuxurlatuz: «Ezagut nazazu bideetan, Pirinioetako haize fina aurpegian sentituz, pedalei eragiten, ardiak larreetara eramaten edo Jurançon ardo zuria dastatzen. Zentzumenekin bidaiatzeko prest?».
Paue, Bearnoko hiriburua, Pirinioetako gailurren parean zabaltzen da balkoi natural baten antzera. ‘Le Boulebard des Pyrennées’ etorbidean zehar paseatzen sumatzen den lasaitasunak, monumentu eta eraikinen dotoreziak eta bertako artisauekin konektatzeko aukerak bidaia sentsorial honen abiapuntu bikaina bilakatzen dute hiria.
Denis Diderot dramaturgo frantsesak zentzumenen inguruan idatzi zuen: «Ukimena zentzumenik sakonena da», eta hori esperimentatzeko modurik onena da Montpensier kalean Phando familiak duen tailer-denda bisitatu eta Frantziako hego-mendebaldeko artisautza pieza famatua ezagutzea: Le Parapluie des Pyrénées. Phando familiaren laugarren belaunaldiak egiten duen ‘Artzainen aterkia’ ez da edozein aterki. Artzainen lana erosoagoa egiteko espresuki diseinatutako eta egindako aterkia da, baina eskuetan hartu behar da haren dohainak ezagutzeko. Posible al da haize bortitzak jasateko gai den eta Pirinioetako tximisten kontra balio duen aterkiak bizitza osorako irautea?
«Dastamena, zentzumen superstizioso hori», zioen Diderot jaunak, maiz tabu kulturalek baldintzatzen duten zentzumena delako. Baina gaztak, elikagai unibertsala izanik, ia planetako kultura guztietan dauka bere adierazpena, herri bakoitzaren historiaren eta nortasunaren isla izanik. Horregatik, Bearnoko lurraldea ezagutu nahi duenak Pirinioetako bihotzera egin beharko du bidaia: Ossau harana, Bearnok babestutako jatorri deitura duen ardi gaztaren jatorri eta transhumantziaren sehaska.
Bearnotarren artean aski ezaguna da Henrike III.a Nafarroakoa eta VI.a Frantziakoa Jurançon ardo zuriz beratutako baratxuri alea ezpainetan igurtziz bataiatu zutela, indartsu izateko
Bertako larreak Ossau-Irati gaztaren jatorri deitura babestua sortzeko eredu gisa hartu ziren, eta murgiltze esperientzia osoa izateko leku aproposena da, udan zehar, goiko larreetan dauden artzain etxolak bisitatuz. Horrela, Gave de Brousset errekastoaren ondoan dagoen etxola batean, Regis artzaina topatu dugu, Bearnoko artzaintzaren eta gazten inguruan solastatzeko. Hitz gutxitan azaldu digu zein den Ossau-Irati gaztaren sekretua: maitasunez zaindutako larreak, euskal-bearnotar ardi arraza bera eta artzain bakoitzak gazta egiterakoan ematen dion berezko ukitua.
Domaine du Cinquau, Jurançon ardoaren upategia. (Oiartza Pampliega)
Merezi duen esperientzia da bertatik bertara ikustea gazta kobrezko lapiko erraldoietan egosten edo mendietara ongi egokitutako adardun ardien artean paseatzea. Ez dugu handik alde egingo Ossau-Irati gaztari kosk egin eta Bearnoko artzaintza tradizioaren zaporea dastatu gabe.
JURANÇON
Gaztak ardoarekin batera binomio klasikoa osatzen du; horregatik, Bearnon zeharreko bidaia sentsorial honek Jurançon antzinako izendapena duen ardoa ezagutzera eramango gaitu. Pirinioetako oinetan, Paue eta Oloroe erreken artean, Bearnoko urrea deskubritzera goaz.
Bearnotarren artean aski ezaguna da Henrike III.a Nafarroakoa eta VI.a Frantziakoa Jurançon ardo zuriz beratutako baratxuri alea ezpainetan igurtziz bataiatu zutela, indartsu izateko. Mito hori dela eta, ardo horrek garai onak bizi izan zituen, kontsumoa lurraldeko etxeetara zabaldu baitzen, filoxeraren eta bi mundu gerren erruz ia desagertu zen arte. Egun, Jurançon deiturako mahastiek 1.400 hektarea hartzen dituzte; erdiak kooperatiba batek kudeatuta eta beste erdiak 75 ardogile independenteren lurretan banatuta.
Gazta ontzeko gela La Laiterie Paloise denda-tailerrean, Pauen. (Oiartza Pampliega)
Diderot jaunak usaimena limurtzaile hutsa zela zioen, eta Jurançon ardoari buruz ari garenean, esandakoa baieztatzea baino ez zaigu geratzen. Gros Manseng eta Petit Manseng mahats motekin egiten den ardo zuri hau edozein liluratzeko gai da, lehorra nahiz gozoa izanik.
Enoturismo esperientzia bikainaz gozatzeko, abenduaren 6an, Jurançon ardoaren ibilbidean egingo diren ate irekien jardunaldiak ezin aproposagoak dira. Horrelakoetan, ekoizleak eta ardoak bertatik bertara ezagutzeko aukera egoten da, giro ezin hobean. Bisita intimisten aldekoak diren horientzat, ordea, Cinquau upategia bisitatzea aukera ona izan daiteke. Cinquau familiaren 17. belaunaldiaren upategia enoturismoari irekita dago: upategia bisitatzeko, ardo dastaketak egiteko, bai eta autokarabanaz mahastien artean lo egiteko ere. Aukeratzen dena aukeratzen dela, argi dugu esperientziak ez duela inor epel utziko.
Crottin gazta sorta hiriko dendetan. (Oiartza Pampliega)
PAYS DE NAY, PEDALEI ERAGITEN
«Zentzumen guztietatik ikusmena da azalekoena». Horra Diderot jaunaren baieztapena; eta, oraingo honetan, bat gatoz haren esanarekin. Bearnoko paisaiak ezin ederragoak dira, baina ez gara konforme haiek ikuste hutsarekin, sentitu ere egin nahi ditugulako. Horregatik, ikusmenaz harago gozatzeko, Pays de Nay ezagutzera joango gara era berezi batean: ikusiz eta sentituz, pedalei eraginez bizikleta gainean.
Pays de Nay Paue eta Lourdes hirien erdibidean kokatzen den Bearnoko eskualde natural eta historikoa da. Bearnoko paisaiaz gozatzeko leku aproposena da, zalantzarik gabe, Pirinioetako gailurretatik lautadara trantsizio bikaina erakusten duen orografia daukalako.
Pau hiriko gazteluko arkupeak. (Oiartza Pampliega)
Velosud bizikleta ibilbideak Frantziako hegoaldea zeharkatzen du kostatik kostara eta Nay herriko bastidan abiatzen den V81 tartea haren zatirik ederrena da. Hegoalderantz abiatuta, pedalei eraginez eta Paueko Gave ibaiari jarraituz, soroak, behi larreak eta La Saligue ibaiaren ertzak inguratzen dituen landaredi tipikoa zeharkatzen dira.
Atzeko aldean gailentzen den Pirinioetako mendikatearen siluetari so egiten diogun bitartean, haranaren haize leuna senti daiteke azalean. Jarraitu pedalei astintzen. Hamabost kilometro osatzen dira Baburet pasarela zeharkatu eta Betharram haitzulora iritsita. Familia askoren planik gogokoena izaten da goiza pasatzeko.
BETHARRAM, KAREHARRIZKO KORRIDORETAN BARRENA
Ikusmena emeki-emeki itzaltzen da Betharram haitzuloen barrunbeetan sartzerakoan, entzumenari protagonismoa emateko. Argiak itzal bilakatzen diren unean, lurrazpiko haitzulo sistema honetara iragazten diren ur tanten soinua anplifikatua entzuten da: plo-plo! Diderot jaunak zioen bezala, entzumena harroena da zentzumenetan, gizakiak, oro har, nahi duena baino ez duelako entzuten, beti bere egoa handitzen duenari lehentasuna emanez.
Turismoarentzat argiztapen elektrikoarekin egokitutako munduko bigarren haitzuloan barrena oinez abiatu behar da, Léon Rossek, Pirinioetako lehen argazkilari paisajistak, sentitu zuen zirrara gure egiteko. Bidean, elkarri lotutako bost solairuen benetako dimentsioa deskubritzen da eta korridoretan barrena aurrera egin ahala, lurreko putzuen kontra lehertzen diren tanten soinu sarkorra errepikatzen da; milurtekoetan, urak kareharrian egindako bidea seinalatu nahiko balute bezala: plo-plo!
Goiko solairuak aretorik zaharrenak eta konkrezio geologiko harrigarrienak ditu; guztietan nabarmenena Herkulesen zutabea da. Bi muturrek, elkartzeko, oraindik 5.000 bat urte beharko dituztela jakitea edonor txunditzeko modukoa da. Lehenengo solairua laua eta irisgarria da eta gurpildun aulkian doazen bisitarientzat guztiz egokitua. Bigarren solairuan, laurogei metro beherago, ibaiaren ur korronte bizia; aurrena txalupaz eta ondoren trenez zeharkatu beharko dugu irteeraraino.
Bearnok erakutsi digu bidaia ahaztezinak ez direla kilometrotan neurtzen, geure zentzumenetan esnatzen diren emozioetan baizik.