Tombstone, mendi irregularren lurraldea
Kanadako Yukon lurraldearen bihotzean, behinola Klondikeko urre-sukarreko esploratzaileen epizentro izandako Dawson City ondoan aurkitzen da Tombstone, mendi irregularren lurraldea. Parkeak eskaintzen duen ibilbide klasikoaren kronika dira lerro hauek.
125 bat urte berandu iritsi naiz Klondikeko urre-sukarrera; dagoeneko Dawson Cityko inguruetan geratzen den urre apurra ez da behin egondakoaren milioigarren partea ere. Baina ni ez naiz hain iparraldera urre bila etorri. Gainera, garaiz kanpo nabil Euskal Herrira indiano bueltatzeko. Orduan, zerk ekarri nau hona?
Ez dakizuenentzako, Yukon Kanadako lurraldea da, ipar-mendebaldean kokatua, Alaskaren ondoan. Hona autoz iritsi nintzenean, errepideko publizitate-kartelak honakoa zioen: “Yukon, larger than life”. Ia inor bizi ez den toki hau itzela da, alimalekoa. Eta bai, esloganak egia dio, bizi bat baino gehiago behar dira toki hau ezagutzeko.
Labur, glaziazio garaian Beringo itsasartetik kontinente berri hau zapaldu zuten lehen gizakiak hemendik ibili ziren, eta haiekin batera garai hartako mega-animaliak: mamutak, kobetako lehoinabarrak… Lurra induskatuz gero, mineral preziatuez gain, hezurrak aurkitzea aise erraza da. Gerora, urreak erakarrita europerrak ere iritsiko ziren; eta, gaur egun, meatzaritzan, petrolio eta gas industrian, egurgintzan zein bestelako ofiziotan dabiltzan 45.000 biztanle bizi dira hemen; horietatik laurden inguru indigena, nazio desberdinetakoak: hän, kaska, tagish...
Hän herriak Ddhäl Ch'èl Cha Nän deitzen dio Kanadako Yukon probintziako lur eremu honi, euskarara itzuliz «mendi irregularren lurraldea» litzatekeena
Mendizale edo bidaiazaleei Kanadako mendietara noala esanda denek Mendi Harritsuak izango dituzte gogoan: Banff, Jasper… Eskalatzaile sutsuak direnek jakingo dituzte beste toki batzuen izenak, hala nola Bugaboo edo Squamish; jaitsierako bizikletan dabiltzanek, bestalde, Whistle edo Fernie. Leku hauek guztiak ederrak, arras. Iparralderago joateko asmoa izanez gero, Alaska datorkigu burura: Denali. Baina han goian, AEBtako muga pasatu gabe badira Yukon lurraldean bi harribitxi: Kluane eta Tombstone. Gaur bigarrena dakarkizuet; lehendabizikoa bertze kronika baterako uzten dut.
Tombstone
Hän herriak Ddhäl Ch'èl Cha Nän deitzen dio Kanadako Yukon probintziako lur eremu honi, euskarara itzuliz «mendi irregularren lurraldea» litzatekeena. Tombstone Lurralde-parkeak, bere 2.200 kilometro karratuetan, mendi tontorrak, permafrostak zizelkatutako lur-eremuak eta berezko fauna eta flora gordetzen ditu: baso borealetatik hasi eta artikora hedatzen den tundra, hartzak, altzeak, elur-oreinak… Aipatu beharra dago parkea Tr 'ondëk Hwëch' in Land Claim Akordioaren ondare bat dela eta haien tradizioaren barnean dagoela. Kanadako mendizale askok “Iparraldeko Patagonia” deitzen diote kokapen honi, bestearekin duen antzekotasunagatik ei.

Dawson City eta Dempster autobidea
Tombstone Lurralde Parkera iristeko errazena Dawson Citytik abiatzea da eta nik horrela egin dut. Uztaileko hirugarren asteburuan herriko musika festibalaz gozatu dut eta ondoko igandean Klondikeko urre bailarako 6. kontzesio librean urrea bilatzen ahalegindu naiz. Esku hutsik baina aberats bueltatzen naiz, hala ere.

Astelehenean, azkenean, Klondike autobidean abiatu naiz, berriz, baina oraingoan bueltako bidean. Hiritik 20-30 minutu inguru gidatu ostean ezkerretara Dempster autobidea hartu dut, aurretik, badaezpada, errepide gurutzean depositua betez. Dagoeneko Kanadan zeharreko bidaian ikasi dut depositua ahal den guztietan bete behar dela, sagardotegietako lema aintzat hartuz: gutxi ta sarri.
Benetako abentura da Dempster autobide hau, ia 1.000 kilometro inguru luze dena eta Ozeano Artikora eraman zaitzakeena. Jende andana ikusi dut errepidean iparraldera edo bueltan hegoaldera: autoan, motoan… Abenturero diren horietako askok bidaiatzen dute asfaltatu gabeko errepide hau. Batzuk Zirkulu Polar Artikora iristearekin konformatzen dira; besteak, Tuktoyakt rarte, ozeanora arte. Hasieran nik ere hara joateko asmoa izan nuen; gero ohartu nintzen, ordea, autobideko altxorra bidegurutzetik ordu eskasera zegoela.
Ibilbidea
Tombstone parkean edozein ibilbide egin baino lehen beharrezkoa da interpretazio-zentroan izena ematea. Hor aldamenean badago gaua igarotzeko kanpin-eremua, baina ezin dizuet deskribitu nolakoa den, nire lehen gaua dagoeneko mendian izanen baita.

Tombstonen egindako ibilbidea klasikoa izanen da, joan-etorria berdina dena. Lasai asko egin nuen, bakarrik hasiz eta mendian ezagututako mendizaleekin bukatuz. Ibilbidea erraza da, umeekin egin daitekeena. Mendian lasterka dabiltzanek egun bakarra edo bi nahikoa lukete; beste era batera gozatzen dugunontzako hiruzpalau egun gomendatuko nituzke, lasaitasunez gozatzeko.
Kanadako beste lurralde-parke zein estatu-parke askotan bezala, Tombstonen egun batzuetako zeharkaldiak egiteko izena eman beharra dago, eta gaua igarotzeko tasak ordaindu
Txarrena, txarrik baldin badago, tokiak inprobisaziorako aukera gutxi eskaintzen duela. Kontutan hartuz babesturiko eremua dela, ibilbidea oinezko bidean zehar egin behar da, txintxo-txintxo. Ez dago, beraz, ibilbide zirkularrik egiteko aukerarik eta gehienok txango berdina egiten dugu: errepidetik Talus lakura arte joan eta bueltatu, tartean Grizzly eta Divide lakuetatik pasatuta. Hiru laku hauetan bakarrik daude akanpatzeko tokiak eta hortik kanpo lo egiterik ez dago, babes-eremua baita. Toki bakoitzean dozena bat inguru kanpin-denda jartzeko zurezko plataformak daude eta kanpinak horietan montatu beharra dago, flora zaurgarria denez, kaltea gutxitzeko.
Ondorengo mapan ikusten da egindako ibilbidea. Natur parkeko webgunetik hartutakoa da.

Aurretik jakin beharrekoak
Kanadako beste lurralde-parke zein estatu-parke askotan bezala, Tombstonen egun batzuetako zeharkaldiak egiteko izena eman beharra dago, eta gaua igarotzeko tasak ordaindu.
Tombstone ez du Parks Canada erakundeak kudeatzen, Yukoneko lurraldeak jatorrizko herriekin baizik: ondorioz, izen-ematea bere webgunean egin behar da.
Zailena lo egiteko erreserba lortzea da; nik hiru gauetarako lortu nuen: lehenengo gaua Grizzly lakuan eta ondorengo biak, Dividen. Talus lakuan, beraz, lo egiterik ez zegoenez, egun pasako jardunaldia baino ez dut egin.
Era berean, Tombstonen janaria, hortz-pasta… gordetzeko motxilarekin ez da nahikoa eta hartzen aurkako poteak edo ingelesez “bear-proof canister” delakoak eramatea derrigorrezkoa da. Eta ez dago hauek interpretazio-zentroan lortzerik. Nik Dawson Cityn alokatu behar izan nuen lau egunerako. Kutxa hauek pisutsuak dira eta motxilan bolumena okupatzen dute, baina derrigorrezkoak direnez…
Arestian aipatu bezala, parkeko interpretazio-zentroan izena eman beharra dago oinez hasi aurretik. Bertan badago wifi internet sarea, baina hortik kanpo, deus ez. Kanadan hiri eta herriguneetatik kanpo gertatzen den bezala. Badaezpada satelite bidezko telefono edo gailu bat izatea gomendagarria da, zerbait gertatuz gero…
Naturaren zaintza, era berean, arras inportantea da; horren erakusle dira akanpalekuetan aurki daitezkeen komun edo ur-zikinetarako bidoiak. Pixa eta kaka ere irudiko edukiontzietan egiten da, eta urtean behin guardak helikopteroz ateratzen dituzte beteta daudenak.
Bizitakoak
Oinez hasi aurretik interpretazio-zentroan parkearen inguruko bideo bat ikusi nuen. Eguraldi aldaketa “apokaliptikoak” izan daitezkeela nabarmentzen zutenez, hautaketa okerra egin nuen abenturarako: neguko mendiko bota zurrunak eramatea erabaki. Alperrik, udarako zapatila edo bota bigunekin nahikoa zen!
Lehendabiziko egunean egindako ibilbideak “Grizzly Lake trail” du izena, 850 bat metro desnibel positibo 11 kilometro inguruan. Basoan hasi eta basoa igarota, mendiko larreetara pasatzen zara. Oinez bakarrik hasi nintzen arren, atoan elkartu nintzen Wendy vancouvertarrarekin eta John eta Serge montrealdarrekin. Azken bi hauek adinekoak izanda, bereziki Serge mendian gutxi ibilia, bera laguntzen eta animatzen aritu ginen gainontzekook, eta, azkenean, espero baino beranduago lortu genuen Grizzly lakura heltzea. Han kanpinak montatu eta arratsaldeko 11etan afaldu genuen elkarrekin; ezin gaua deitu oraindik goiz argia zenari. Biharamunean, John eta Serge ez ziren Dividera gurekin joan, “gau” bakarreko erreserba zutelako.
Bigarren egunean, Wendy eta biok Whitehorsekoak ziren koadrila batekin elkartu ginen, gaua gurekin Grizzlyn igarotakoak. Helburua zen Dividera heltzea, besterik ez. 6 kilometro eskasetan 500 metroko desnibel positiboa.
Igoera oinez hasi eta segido. Suabe-suabe, bakoitzak bere erritmora igo genuen. Goranzko erraza, malda nabarmena dela bertzerik ez, baina lurra gehienean finkoa da, ez da labaingarria den harri txiki hori, Monte Perdidoko eskupideran legez. Beraz, erraz eta gustora igotzen da. Gusade-ko lepotiko jaitsierako hasierako zatiak badu harri txikia, baina bastoien laguntzaz oreka eutsiz inolako arazorik gabe jaisten da. Ondoren, mendia inguratu behar da Dividera iristeko. Eta, behin hara iritsita, bainutxo bat, zergatik ez?
Nire kasuan, Dividen bi gau egingo nituenez, hirugarren egunean Talusera egun pasa joan nintzen, beste lagunak ez bezala, beraiek hara lotara joango asmoa zutelako. Dividen kanpin denda montatuta utzita, eguneko ibilbidea errazena zen: 6 km eta 200 metroko desnibel positiboa. Niretzako 12 kilometro inguru joan-etorrian. Mendiko egun lasaia, kontu kontari aritzeko adiskide berriekin: batak permafrosta ikertzen duela, besteak jatorrizko nazioekin elkarlanean diharduela aholkulari…
Azken egunean, Dividetik Dempster errepidera aurretik egin nuen bidea «desegin» behar izan nuen. Niretzat egun gogorrena, baina ez luzeragatik edo azken eguna zelako. Kontua da neguko botak udan erabiltzean oinak anpuluz beteta utzi zizkidatela eta sandalietan itzuli beharra izan nuelako kotxera. Goi-mendietan sandaliekin, hamaika ikusteko jaio gara!
Aholkua
Leku honetara etortzeko aukera izanez gero, ahalegindu abuztu bukaeran edo iraila hasieran, ahal dela, hotz eta eguraldi traketsagoa egin dezakeen arren, udazken koloreek beste xarma bat ematen baitiote Tombstoni.
