Urtzi Urrutikoetxea (U.U. eta Getty Images)
gara-2026-08-26-Reportaje
Going-to-the-Sun bidea, Glacier Parke Nazionala zeharkatzen duen errepidea. (SED Photography | Getty Images)

Mendi Harritsuetatik Ordokietara, indigenen bideetan

AEBko mendebaldeko ibilbide ugarietan, badira nazioarteko turista gutxiago jaso arren, erabateko harribitxi natural, kultural eta historikoak. Montana eta Idaho dira ziurrenik bisitari gutxiko estatuetako bi, eta hala litzateke Wyoming ere, Yellowstone parke nazionalagatik ez balitz. 

Idahoko hiriburua, Boise, helmuga zaigu sarritan euskaldunoi. Beste batzuetan aitzakia ere bai, Idahoko hiriburuko bisita abiapuntu hartzeko AEBko mendebaldean. Eremu lehor eta hori bateko haran berdea da Boise. Baina hiria utzi eta iparralderantz abiatutakoan, berehalakoa da paisaia aldaketa. Mendi Harritsuetan gorantz joateko unea da. Autobidea ere laster amaitzen da Idahoko hegoaldetik aldendutakoan.

XIX. mendeko trenbideek XX. mendeko Interstate errepide zabalei egin zieten bide, eskualde honetan ekialdetik mendebalderako norabideari jarraituz. Gainerako azpiegitura guztiak lurrak kolonizatzeko oztopotzat hartutako indigenak zapaltzeko espedizio militarren ondorio izan ziren. Aurten Little Bighorneko garaipen handiaren 150. urteurrena ospatu dute, AEBko Armadaren aurka 1876an Zezen Eserik eta Zaldi Erok gidatutako lakota eta cheyenne nazioen arteko aliantza gogoratuz.

Going-to-the-Sun errepidea, udazken koloreak hartzen. (Janice Chen | Getty Images)

Flathead Lake, salish eta kootenai herrien bizilekua, Montana iparraldean. (Getty Images)
MEMORIAREN BIDEAK

AEBko parke nazional bat da Little Bighorn, izendapen horrek, natura ez ezik, historiako gune garrantzitsuak ere biltzen baititu. Eta historia liburuetako gudu garrantzitsu horren aldean, askoz oihartzun txikiagoa du bertakoek nimi’ipu eta kolonoek nez perce izenez ezaguturiko herriaren borrokak. Frantses jatorriko izenak sudur zulatu esan nahi du, bertakoen sona, batez ere, zaldiekin duten trebeziaren ondoriozkoa izan arren.

Idaho erdialdeko muino eta basoen erditik doan bide ederra da nimi'ipu herriaren jatorrizko etxea. Egun, Nez Perce National Historical Park guneari egiten dio leku. Ia bi mila kilometroan, bere nortasunari tinko eusteko prezioa garesti ordaindu zuen herri horren historia kontatzen da.

Nimi’ipu herriaren garaipena ihesaldi gogor eta luzaren abiapuntua izan zen. Lau hilabetean ia bi mila kilometro egin zituzten, Montanaraino 

US95 errepideak historia horren txoko interesgarri ugari biltzen ditu. Spalding hiriaren inguruan dago egungo Nez Perce erreserba (jatorrizko erreserba, 1855ean, ia hamar aldiz handiagoa zen); haren aurretik White Bird izeneko guneak 1877ko ekaineko gudua azaltzen du. Little Bighorn-eko porrotetik urtebetera, AEBko agintetik ihesi joandako beste indigena talde baten aurka jo zuen berriz Armadak, eta berriz porrot egin zuten. Nimi’ipu herriaren garaipena, alabaina, ihesaldi gogor eta luzaren abiapuntua izan zen. Lau hilabetean ia bi mila kilometro egin zituzten, Montanaraino. Helburua Kanadako mugaraino iristea zen, Zezen Eseri buruzagiarekin beste lakota batzuek lortutako babes bera nahi zutelako.

Kanadaranzko bide horri ekin diogu. Ederra bezain malkartsua, egungo errepide eta ibilgailuekin paisaia sinestezinaz gozatzeko. Baina, jakina, ez munduko armada boteretsuenetakoa jazartzen ari zaigula.

Blood erreserbako dantzariak Kanadako Albertan. Niitsitapi herriaren kainai taldea. (Urtzi Urrutikoetxea)
Glacier parkeko argibidea. (Joecho-16 | Getty Images)
Niitsitapi (blackfeet, oin-beltz) herriko tipiak. (Getty Images)
HERRIAK BATU

Montana aldera sartuta, Mendi Harritsuek Glacier parke nazionala osatzen duten eremura bidean, Flathead erreserba dago, izen bereko aintziraren inguruan. Elkarrekin inolako loturarik ez duten bi herriren bizilekua da: salish herria alde batetik, eta kootenai nazioa bestetik. Biak ere mugaren alde bietara hedatutako herriak dira, baina kootenaiek Kanadan dituzte herrikide gehienak.

Salish eta kootenai herrien bizimodu tradizionalak lurraldearekin harreman estua izan du betidanik. Mendiak, ibaiak, aintzirak, basoak eta animaliak salish eta kootenai komunitateen bizitzaren, espiritualtasunaren eta identitatearen parte dira. Flathead aintziraren inguruko paisaiak, edertasun naturalaz gain, esanahi historiko eta kulturala ere badu.

Gaur egungo komunitate biziak dira, beren gobernuekin, erakundeekin, kulturarekin eta etorkizunerako proiektuekin

Erreserba, bistan da, ez da historian ainguratutako eremua. Gaur egungo komunitate biziak dira, beren gobernuekin, erakundeekin, kulturarekin eta etorkizunerako proiektuekin. Denbora pixka bat eta arreta eta errespetua izanda, zertxobait gehiago jakiteko aukera ere badago.

Hilerri indigena. (Francis Dean | Getty Images)

Waterton Lakes parkea, Kanadako Albertan, AEBkoaren luzapen gisa har litekeena. (T. Schofield | Getty Images)

Hori da, ziurrenik, Glacier parke nazionalera iristeko biderik onena. Parkea Estatu Batuetako naturagune ikusgarrienetako bat da, eta Going to the Sun Road errepideak (Eguzkirantz joateko errepidearen bidea, euskaraz) -ez da errepide bakarra- mendien bihotzeraino sartzeko aukera ematen du. Haran sakonak, baso trinkoak, ur jauziak, aintzirak eta glaziarrek zizelkatutako tontorrak Mendi Harritsuetako fauna paregabearen bizileku dira.

MUGAK

Glacier parke nazionala bisitatzea paisaia ikusgarriez gozatzeko esperientzia da, baina hemen ere ezin da lurraldearen historia alde batera utzi. Parkearen mendebaldean salish eta kootenai herrien memoria presente dagoen gisan, ekialderantz, Ozeano Baretik urrundu eta Ordoki Handiak (Prairies, ingelesez) hasten diren eremuan, niitsitapi (blackfeet edo oinbeltz) herriaren lurralde historikoa zabaltzen da. Beste behin ere, AEB eta Kanada arteko muga gisa ezarritako marra zuzenak erdi-erditik zatitutako herria da. Lotura hori hain da estua, ezen, parketik irtendakoan ostatu guztiak beteta zeudela ikusirik, mugaz bestaldera jotzea erabaki baikenuen.

Ahuntz amerikarra, AEBko ipar-mendebaldeko Mendi Harritsuetako ohiko animalia. (Henry Turner | Getty Images)

AEB eta Kanadako banderak Blackfeet erreserbaren sarreran, mugaz gaindi bizi den herriaren seinale. (Urtzi Urrutikoetxea)

AEBko Montana estatuak Kanadako Albertarekin bat egiten du, eta Glacier parke nazionalak Waterton Lakes izena hartzen du mugaz iparraldera. Bertako jatorrizko herriek, ordea, hizkuntza bera darabilte alde batean zein bestean. Lurraldearen eta identitatearen arteko lotura animalia batek azaltzen du ezin hobeto.

Bizimodu tradizionalean bisonteak berebiziko garrantzia izan zuen: elikagai zein material iturri gisa, baita kulturaren eta espiritualtasunaren oinarri gisa ere. XIX. mendean bisonte populazioaren suntsiketak eta kolonizazioak eragin izugarria izan zuten Ordoki Handietako herriengan. Egun, bisontearen inguruko kultura berriz ere ari da pizten, eta geroz eta ohikoagoa da paisaia honetan bisonteak ikustea.

Mendiak, basoak eta ibaiak ez dute etenik; mapa politikoak aldatzen dira, baina natura eta ekosistemak ez dira muga marrarekin batera desagertzen

Mugaren iparraldeko paisaiak beste ikuspegi bat eskaintzen du. Mendiak, basoak eta ibaiak ez dute etenik; mapa politikoak aldatzen dira, baina natura eta ekosistemak ez dira muga marrarekin batera desagertzen. Blood erreserbako kideen dantza eguna da gaur Caldwell herrian: Montanan blackfeet deituriko herriak blood izena hartzen du Albertan. Garai batean Niitsitapi Konfederazioa osatzen zuten, eta izen horrekin deitzen diote oraindik euren jatorrizko errealitate nazionalari.

Mendi Harritsuetan ibai bizkorrak daude, Kootenai erreka kasu. (Dirk Wierenga | Getty Images)
Mission mendiak eta Flathead aintzira. Seinalea ingelesez eta salish hizkuntzan dago. (Urtzi Urrutikoetxea)
GAURKO INDIGENAK

AEBra itzultzean, Blackfeet Reservation da sarrerako seinalea. Glacier parke nazionaleko ekialdeko aldearekin harreman estuan dago, baita ordokiekin ere. Herriko museo xumea abiapuntu egokia da gehiago jakiteko. Kaleetan ere ez da oroitarririk falta, bai historia luze eta aberatsa goraipatzeko, bai egungo egoera salatzeko, desagertutako neska eta emakumeen errealitatea salatzen duten esku gorrien sinbolo margotuarekin.

Lily Gladstone, gaur egungo aktore indigena ezagunena ziurrenik, hemengoa da, eta herri osoa harrotu zuen 2024ko Urrezko Globoen saria jasotzean, bertako hizkuntzan eskerrak ematean. Hegoalderantz joanda, paisaia irekiagoa da. Mendi Harritsuak horizontean, lautadaren arteko trantsizio horrek paisaia berezia sortzen du, Wyomingera bidean.

Lewis mendikatea, Logan Pass-etik gertu, Glacier Parke Nazionaleko Highline Trailetik ikusita.(Dale Gu | Getty Images)

Yellowstoneko historia jatorrizko herriekin ere lotuta dago. Parke nazionala sortu baino askoz lehenago, hainbat herri indigenak lurralde hori erabiltzen zuten eta bertatik igarotzen ziren. Nez perce herriaren beste memoria lekuak ere ez dira urrun.

1877ko ihesaldiaren ibilbideak Chief Joseph buruzagiaren izena hartzen du. Iparraldetik hegoalderantz goaz, indigenek iparralderantz egin nahi izan zuten. Azken ahalegina, mendiak igaro eta askatasunera bidean.

Iraila aurrera zihoan. Bi hilabete baino gehiagoko ihesaldia eta gosea jasan ostean, mugatik soilik 60 kilometrora amore eman behar izan zuten: Bear Paw-ko guduan indarrak agortuta, Nez perce herria AEBko Armadaren aurrean errenditu zen azkenean. Historiako une horiek ezagutzeak bidaian zehar ikusitako txokoei esanahi berria eman zien: mendateak, ibaiak eta lautadak ez dira paisaia geografiko hutsak, pertsonen exodoaren eta sufrimenduaren agertokiak baizik.

Blackfeet Herriaren Museoa. (Urtzi Urrutikoetxea)

Orein taldea Glacier parkean. (Urtzi Urrutikoetxea)

Glacier Parke Nazionaleko erreserben kartela, salish eta kootenai hizkuntzetan. (Urtzi Urrutikoetxea)

Memoria historikoa ez dago beti eraikin handi edo monumentu ikusgarrietan; batzuetan, paisaia bera da monumenturik onena. Lur zati batek, ibai batek edo mendi batek gertakari baten oroimena gorde dezake. Leku bakoitzak historia luzea du, eta gaur egun ere bertan bizi diren jatorrizko komunitateentzat identitatearen, oroimenaren eta subiranotasunaren parte dira.

Gida praktikoa

Iritsi

AEBko ipar-mendebaldeko eskualde honek nazioarteko hegaldi gutxi ditu. Kanadan Calgary da sarrera errazena ziurrenik, edo Seattle edo Portlandera joatea. Bestela, AEBko beste aireporturen batean eskala eginda ere irits liteke.

Mugitu

Autoz egiteko ibilbidea da, eskualde honetan garraio publikoa oso eskas dabil. Autokarabanan egiteko ere bide interesgarria da, errepide batzuk estuak izan arren Glacier parkean..

Ostatua

Kanpalekuetan autokarabanak egon ohi dira, baina kanpatzeko aukera dago parke nazionalean inguruan. Gainerakoan, motel eta hotelak dira ohiko ostatu, baina biztanle gutxiko eskualdea dela aintzat hartu behar da beti.