Ibaiak antzinarotik biziaren sorleku izan dira. Ibai nagusien ertzetan eraiki ziren munduko zibilizaziorik handienak. Egun, aisialdi iturri preziatu bilakatu dira, naturarekin bat egiteko, askotariko kirolak praktikatzeko eta, batez ere, uraz gozatzeko. Goazen ibaian behera Tarnetik Urdaibaira.
Udaberri bete-betean gaudenez, ibaietako urek, emaria handituta, indar berezia dute. Naturagune hauek eskaintzen duten gozamenaz profitatzeko unea da. Goazen ibaian behera, korrontearen indarrak bultzatuta, Tarnetik Urdaibaira. Tarn ibaia Lozére mendian sortzen da. Bere emari oldartsua harkaitzen artean jaisten da Grand Causses, Méjean eta Sauveterre haitzetan, kanoi sakon bat hondeatuz: bostehun metroko altuera hartzen duten amildegiak. Arroila La Lozére eta Aveyron departamenduen artean dago, Okzitaniako eskualdearen bihotzean, eta hura ezagutzeko modurik onena ur biziak kayakez jaistea da.
Cirque des Baumes, geldialdia egiteko tokirik ederrenetakoa. (Marco Ganuza)
Hauterives de Tarn herria txalupaz zeharkatzen. (Marco Ganuza)
Ibaia jaistea iraupen ezberdinetako jarduera da. Egunak edota orduak iraun ditzake, norberaren gogoen eta prestakuntzaren arabera. Ibaian zehar zenbait abiapuntu badaude ere, La Malène ibilbide askoren erreferentziazko abiapuntua da, eta leku bikaina arroila uretatik ezagutzen hasteko. Horrela, La Malène eta Pas de Soucy arteko ibilbide mitikoak, ibaiaren alderdirik basatiena erakusteaz gain, Les Détroits, arroilaren zatirik estuena eta soilik uretatik irisgarria dena, zeharkatzen du. Ibilbide hau (La Malène-Pas de Soucy), gainera, familia askoren hautua izaten da hamaika kilometroko jaitsiera erraza eta dibertigarria delako.
Tarn ibaiaren jaitsiera zirraragarria da ur lasterrak eta ur bareak txandakatzen joaten direlako, emozioen gorabehera sortuz
Imajinatzen al duzu zeure burua ibaiaren handitasunean aurrera egiten, uraren indarra gobernatu nahian, zipriztinen artean? Tarn ibaiaren jaitsiera zirraragarria da ur lasterrak eta ur bareak txandakatzen joaten direlako, emozioen gorabehera sortuz.
Ur jauzia Saint Chely-du-Tarn herrian. (Laurent Renault | Getty Images)
CIRQUE DES BAUMES
Jaitsiera arrakastatsua izateko, ordea, hamaiketakoa eta ura eramatea komeni da. Lau orduko ibilbide honetan Cirque des Baumes alderdian geldiunea egitea ezinbestekoa da. Tarn ibaiaren tokirik ederrena da eta leku bikaina paisaiaz eta naturaz gozatzeko, hamaiketakoa egiteko eta, noski, bainu freskagarria hartzeko.
Arroilaren inguruan xarma handiko herriak topatzen dira; batzuk Frantziako herri ederrenen zerrendan (Plus Beaux Village de France) daude. Horiek bisitatzeko D909 errepideari jarraitzea besterik ez dago, 50 kilometrotan zehar, Quézac eta Les Rozier artean. Bidaiak ez du inor epel utziko, sigi-saga doan errepidean aurrera eginez, Okzitaniako paisaia ederrak miresteko begiratokiak, harrizko arkitektura eta gastronomia bikaina deskubritzeko aukera aparta da eta.
Quézac herritik abiatuta, kolegiatako erromesei sarbidea errazteko XIV. mendean eraiki zen harrizko zubi handia zeharkatzea ikusgarria da, baina ez da ezer labarraren hegalean, mailatan, kokatuta dagoen Castelbouc herriak eskaintzen duen ikuspegiarekin alderatuta. Aurrera jarraituta, ikusmira ederra zabaltzen zaigu: Château de Prades eraikinaren silueta zintzurraren gainean. Hurrengo geltokia Saint Enimie da, Frantziako ederrenen zerrendan dagoen herria. Paseatu eta miretsi beharrekoak dira haren harrizko kaleak, plazatxoak eta la source de Burle, kondaira propioa duen iturburu karstikoa.
SAINT CHELY-DU-TARN ZUBIA
Berriro errepidean, Saint Chely-du-Tarn zubia zeharkatzea tokatzen da. Aurrekoa baino modernoagoa izan arren, hau ere deigarria da. Zubiaren azpian izen bereko ur jauzia dago, Tarn ibaian dagoen bainu gune ikusgarrienetako bat eta leku aparta freskatzeko. Autoa errepide bazterrean uztea merezi du une batez Hauterives de Tarn herriaren edertasunaz gozatzeko. Causse Méjean mendiaren magalean eskegita dagoen herrixka txalupaz baino ez da irisgarria. La Maléne herria batelarien abiapuntua da, baina oraingoan, ibaia alde batera utzita, Manoir Montesquiou eraikin enblematikoan dagoen tabernako terrazan kafea hartzeko geldiunea egitea gomendagarria da.
Saint Chely-du-Tarneko zubia. (Getty Images)
Errepide bidezko ibilbidearen azken zatian, Le Causse de Sauveterre deskubrituko du bidaiariak: harriz eta arbelez eraikitako herriz, baserriz eta transhumantziarako bidez zipriztindutako paisaia da. Le Point Sublime, Le Pas-de-Soucy eta La Roche Aiguille begiratokietan geldialdiak egitea ezinbestekoa da Okzitaniako ikuspegi ederraz gozatzeko. Handik, Soulangès herrira joatea merezi du, Lèvéjac gaztandegian Lacaune arrazako ardi gazta erosteko.
Hondartza, padura, ibai eta baso amalgama batez osaturiko natura erreserbak mota guztietako bisitariak asetzeko moduko ingurune naturala du
Okzitaniako mendi horiek Europa mediterraneoan bakarra den nekazaritzaren eta artzaintzaren santutegitzat hartzen dira; horregatik dute Unescoren munduko ondare izendapena. Ibilbidearen bukaera gozozaleen apeta izan dadila: La Brasserie du Rozier tabernako terrazan eseri eta izozki, fruta eta chantilly-z betetako kopa erraldoi bat jatea, Peyreleau herri xarmagarriaren panorama begi aurrean izanda.
URDAIBAIRA
Okzitania utzita, korrontearen indarrak leku hurbilagora eramango gaitu ondoren. Urdaibai biosferaren erreserba naturalak, Bizkaiko Busturialdea eskualdean, Oiz mendian jaiotako Oka ibaia du bihotz, Mundakara iristean itsasadar bihurtu eta biziz betetako padurak sortzen dituena. Unescok biosferaren erreserba izendatu zuen 1984an eta Euskal Herriko lekurik baliotsuenetakoa da, paisaiari eta ekologiari dagokienez. Hondartza, padura, ibai eta baso amalgama batez osaturiko natura erreserbak mota guztietako bisitariak asetzeko moduko ingurune naturala du. Aisialdi eta turismo eskaintza zabala dela eta, bereziki liluratzen ditu turismo aktiboko jarduerak maite dituztenak.
Kanoan zeharkaldia egitea egun erdiko plan bikaina izaten da familian nahiz lagunekin. Mundakako itsasadarra inguratzen duten biribildutako mendien paisaian aurrera egin ahala, Urdaibaiko hezegunearekin, itsas mugimenduekin eta uretako faunarekin harremanetan jartzen gaitu bidaiak.
Urdaibaiko itsasadarrean kanoan ibiltzea gozamen hutsa da eta, ziurrenik, erreserbako padurak ezagutzeko modurik onena
Zeharkaldia zailtasun eta ahalegin gutxiko ibilbidea bada ere (2 edo 3 orduko iraupenekoa), itsasoko eta ibaiko urak nahasten diren elkargune horren berezitasunen jakitun izan behar dugu, jarduera segurua eta naturarekiko errespetuzkoa izan dadin. Batetik, irailean eta urrian hezegunean atseden hartzen duten hegazti migratzaileak ez gogaitzeko. Eta, bestetik, itsasaldiak kontuan izateko: marea behera badago eta igotzen hasten bada, hobe da itsasadarra kanoan igotzea; marea gora badago eta jaisten hasten bada, berriz, egokiena ibaiadarrean behera itsasorantz jaistea da.
Nolanahi ere, Urdaibaiko itsasadarrean kanoan ibiltzea gozamen hutsa da eta, ziurrenik, erreserbako padurak ezagutzeko modurik onena. Mareen norabidea aprobetxatuz, gune pribilegiatu bat barrutik bisitatzeko aukera dagoelako modu dinamiko eta dibertigarrian.
ELANTXOBE ETA MUNDAKA
Urdaibaiko erreserba uretatik baina baita errepidez ere bisitatu beharrekoa da. Horregatik, Elantxobe eta Mundaka lotzen dituen errepideko bidaia zirraragarria egitea ezinbestekoa da; modu bikaina ingurune natural horretako herri xarmagarriak, begiratokirik harrigarrienak eta Gernika-Lumoren historia ezagutzeko.
Elantxobe Bizkaiko kostaldeko herririk ederrenetariko bat da, bere orografia malkartsuagatik ezaguna, mendi hegaletik zintzilik eta itsasoari irekia, grabitatearen legeari desafio egiten diola dirudi. Bisitaria harrituko da lineako autobusak handik ateratzeko plataforma birakari erraldoi bat erabili behar duela ikustean. Ezin da galdu herriko kaian dagoen itsas igerileku naturalean bainu eder bat hartzeko aukera.
Ondoren, botak jantzi eta inguruko txangoez goza daiteke eta Ogoño lurmuturrera igo Bizkaiko ikuspegi paregabea deskubritzeko.
Urdaibai Bird Center hezegune eta paduretan bizi eta atsedena hartzen duten hegazti espezieez ikasteko museo bizia eta behatoki paregabea da. Beraz, komeni da prismatikoak eramatea. Handik gertu, Oma bailara zain dago, natura, historia eta artea uztartzen dituen ingurune natural ikusgarria. Bertan, Santimamiñeko kobazuloaren –Paleolitoko labar artearen harribitxia–rreplika bisita daiteke, eta Agustin Ibarrolaren Omako basoa.
Gernika-Lumoren historia ezagutzeko modurik onena, berriz, Bakearen Museoa bisitatzea da, benetako bonbardaketa baten simulazioa bizitzeak barruak eta kontzientziak astintzen dituelako. Azkenik, Mundaka, mundu mailan surfeatzeko ezker olaturik ederrena izateagatik ezaguna, ibilbidearen bukaera ezin hobea izan daiteke, Santa Katalina ermitatik Kantauri itsasoari begira.