Asis, Umbriako bihotz espiritualean 2026 URR. 02 - 00:00h Alessandro Ruta (Getty Images) Mugimendu frantziskotarraren sehaska da Asis, non San Frantziskok utzitako arrastoak espiritualtasun berezia sorrarazten duen oraindik, hain zuzen, santua hil zela 800 urte beteko direnean. Bisitari gehienek sinesten dute santuak Italia zaintzen jarraitzen duela. Santa Klararen lurra ere bada hau. Frantzisko Asiskoa (Francesco d’Assisi) Italiako zaindaria da, eta herrialde horretan beti izan da berezia erlijioarekiko harremana, beti mugitu baita fede hutsaren eta superstizioaren arteko mugan. Hala, santu ugari eman dituen lur honen zaindaria ere zinez da berezia. Frantzisko ‘santu guztien santua’ dela esan liteke, eta Asis, haren aberria. Han bizi izan zen eta han ehortzi zuten, «lur biluzian». Aurten bere heriotzaren 800. urteurrena ospatzen da eta urteurren biribil horrek Frantziskoren eta haren ‘arreba espiritual’ Klararen gaineko gogoeta egiteko abagunea ematen digu; ezbairik gabe, bi pertsona esanguratsu. Frantziskoren ‘arreba espiritual’ Klarari eskainitako basilikaren barrualdea. (Franco Origlia | Getty Images) San Frantzisko basilikan dagoen iturri kuriosoa. (Diego Mariottini | Getty Images) JENDAURREAN BILUZTEA Hari buruzko hagiografiaren eta gehiegizko laudorioen geruza saihetsezina kenduta ere, italiarrontzat beti izan da deigarria Frantziskoren figura. Haren izena, adibidez, mutilak izendatzeko erabilienetako bat da (ni neu Alessandro Francesco naiz). Jorge Bergoglio kardinalak 2013an, aita santu izendatu zutenean, Frantzisko izena hartu zuen, eta hainbatek berehala sumatu zuten nola gidatu nahi zuen Eliza: apaltasunez, baina nortasun sendoz. Asisko kale bat. (Bluejayphoto | Getty Images) Mojak, hiriko kalean. (Franco Origlia | Getty Images) Santu bizitzan, santu hil ostean, santu munduaren aurrean agertutako jarreragatik... Haren konbertsioaren irudia biziki adierazgarria izan zen: gizon aberats baten seme errebelde hark iraganeko bihurrikeriak atzean utzi eta, handik aurrera, behartsuei laguntzen soilik jardungo zela agindu baitzuen, Asisko plaza nagusian guztien aurrean jantziak erantzi eta biluztuta. Ebanjelioan gazte batek Jesusi galdetzen dio ea zein den zeruetako erreinuan sartzeko sekretua, eta hau da Jesusen erantzuna: «Saldu daukazun guztia eta eman behartsuei». Eta gure protagonistak, mende batzuk geroago, esan eta egin. Giovanni di Pietro di Bernardone –horixe baitzen mutil gaztearen izena– desagertu egin zen, beste zerbaitetan eraldatzeko. Ezin ukatu eskualde honetan espiritualtasunak beti izan duela presentzia handia, eta, bertan, hiri handietatik urrun, hautematen den lasaitasunaren ondorio izan daiteke. Horrez gainera, Via Francigena bideak zeharkatzen du Umbria, Erromaraino iristen den ‘Donejakue bide italiarrak’ Frantziskoren konbertsioa egiazko iraultza baten abiapuntua izan zen. Pobreziaren iraultzarena, zorigaitzekoei laguntza guztia ematearena, edozein gatazkari uko egitearena, bai eta feminismoarena ere. Ez zegoen sexu bereizketarik; halaxe berretsi zuen Frantziskoren lagun Klarak, hura ere errebelde xamarra baitzen. Erdi Aroko bi gazte ‘hippy’ izan ziren, eta horrek ere lagundu zuen mitoaren sorreran. Hiriaren panoramika. (Bluejayphoto | Getty Images) Askatasunean jarduteko modurik onena jabetzan ezer ez izatea zen, komunitatean bizitzea, modu xumean jantzi eta jokatzea, otoitz egitea, eta herriz herri gaixoak laguntzen aritzea, izan ere, garai hartan, XII. eta XIII. mendeen artean, gaixoak gizarteko baztertuak ziren. ESTIGMAK ETA «MOSTACCIOLI»-AK Guztiak oso idealista irudi lezake, baina Erdi Aroan, sistema feudalak edozein aldaketa oztopatzen zuen garaian, Frantziskoren jarraitzaileek bestela jokatzen zuten, beren ‘maisuak’ inspiratuta. Frantziskok lurrean egiten zuen lo, bizitza materialari uko egiten zion eta, ezagutu zutenen arabera, ez zirudien oso izaera gozoko gizona. San Frantzisko basilikaren barrualdeko patioa. (PECOLD) Gogorra, exijentea eta zorrotza omen zen, eta harentzat Jainkoarekiko zuzeneko harremana zen errealitatea hautemateko modu bakarra, eta hor sartzen ziren estigmak ere; hau da, Jesusek bere gurutze bidean jasandako zauriak. Santuaz esan ohi da gizon mundutarra ere bazela. Gustuko zituen, adibidez, mostaccioli-ak, gaur egun inguruko gozotegi batzuetan saltzen diren almendradun gozo batzuk. Ez zen begetarianoa, ezta beganoa ere, baina janaria ez zela alferrik galdu behar esaten zuen, eta munduak ematen zuen guztia kontsumitu behar zela. Horrez gain, kondaira batzuen arabera, animaliekin ere hitz egiten zuen, eta haiek ere erantzun egiten omen zioten. Piazza del Comune. (Franco Origlia | Getty Images) UMBRIA, ERROMARAKO BIDEAN Asis Italiaren bihotzean dago, Umbrian, herrialdearen erdialde-hegoaldean itsasorik ez duen eskualde bakarrean. Muino biribilduen artean kokatua, inguruko herrien antz handia du, baita Toscanako barnealdekoena (Siena, Arezzo...) ere: muinoen gainetan eskegitako herriak, lasaiak... Turismoak oraindik ez du masifikatu santu ugari eman dituen lurralde hau; izan ere, Frantziskok ez ezik, Valentin Ternikoak eta Benedikto Nursiakoak ere, besteak beste, lotura estua izan zuten Umbriarekin. Basilika santua zendu eta gero eraiki zuten, eta kalte larriak eragin zizkion Italia 1997an astindu zuen lurrikarak. Sabaia erori egin zen, eta lau pertsona hil ziren, haietako bi frantziskotarrak. Hala ere, berreraiki egin zuten, jatorrizko ezaugarriei eutsita Ezin ukatu eskualde honetan espiritualtasunak beti izan duela presentzia handia, eta, bertan, hiri handietatik urrun, hautematen den lasaitasunaren ondorio izan daiteke. Horrez gainera, Via Francigena bideak zeharkatzen du Umbria, Erromaraino iristen den ‘Donejakue bide italiarrak’. Bi zatitan banatutako lurraldea da: iparraldean Perugia probintzia dago, etruskoen oinordekoa. Eta hantxe dago Asis. 30.000 biztanle izanik, eskualdeko zazpigarren hiririk populatuena da, bi probintzia hiriburuen eta Foligno, Citta di Castello, Spoleto eta Gubbio hirien atzetik. Rufino eliza. (Franco Origlia | Getty Images) Ez da erraza Asisera iristea Umbriako leku gehienetatik. Toscanako A1 autobideko irteera hartu eta bi eskualdeen arteko muga inguratzen duten bigarren mailako errepide labirintikoetan barneratu beharra dago. Adriatikoko kostaldetik ere irits daiteke, Ravennatik. Ziur aski, iristeko zailtasun horrek laguntzen dio Umbriari ‘beste garai bateko’ espiritu horri eusten; eremu ezezagun bezain harrigarria da, bere antzinako tradizioekin, desfile herrikoiekin eta Sienako Palioren estiloko zaldi lasterketekin. San Frantzisko basilikaren barrualdea. (Franco Origlia | Getty Images) PORZIUNCOLAKO INTIMITATEA Asisera iritsitakoan, ezinbestekoa da bi leku hauek bisitatzea: San Francesco basilika eta Porziuncola. «Luoghi Francescani» deiturikoak dira, fededunen nahiz fedegabeen helmuga. Gainera, Unescoren gizadiaren ondarea osatzen duten Italiako monumentuen zerrendan daude. Basilika santua zendu eta gero eraiki zuten, eta kalte larriak eragin zizkion Italia 1997an astindu zuen lurrikarak. Sabaia erori egin zen, eta lau pertsona hil ziren, haietako bi frantziskotarrak. Hala ere, berreraiki egin zuten, jatorrizko ezaugarriei eutsita. Bisitaria, kanpandorre itzela hartzen duen goiko sarbidetik nahiz beheko atetik sartu, liluratuta geratuko da eraikinaren ‘luxuarekin’, zeina, bide batez, ziur aski, santuari ez zitzaiokeen batere gustatuko: freskoak eta mosaikoak, garaiko arkitektoen (Cimabue, Giotto, Simone Martini…) lan bikainak, Frantziskoren hilobia… Hori da, ezbairik gabe, lekurik bisitatuena. San Frantzisko basilika, aurrean duen estatua ezagunarekin. (Bluejayphoto | Getty Images) Hala ere, beharbada, Porziuncola deituriko kapera txikia da lekurik interesgarriena; izan ere, bertara erretiratu zen Frantzisko bere konbertsioaren ostean, bai eta Santa Klara ere, bere anaia espiritualaren urratsei jarraituta. Eraikin horretan hautematen den intimitatea agerikoa da. Kapera Santa Maria degli Angeli elizaren barnean dago, hain zuzen, frantziskotarren mugimenduaren ‘kanpamentu nagusitzat’ jotzen den eraikinean. Bakearen Martxa ere bada Asis hiriaren sinboloetako bat. Erdialdeko errepideak zeharkatu eta Rocca Maggiore-n amaitzen da, hiriko punturik garaienean. Perugiatik ateratzen da, normalean bi urtean behin, urrian, santuaren heriotzaren hilabetean (urriaren 4a jaiegun nazionala da Italian), eta gerren eta edozein gatazka motaren aurkako manifestazio bat izaten da. Hain zuzen, martxa hori santuak utzitako ondarearen parte da, izan ere, Klararekin batera, Frantziskok eta haren komunitateak oso presente jarraitzen dute leku honetan.