2026 EKA. 01 - 10:40h Santa Klara irlan Cristina Iglesiasen ‘Hondalea’ instalazioa ikusteko aukera, zabalik Ekainaren 1etik irailaren 30era arte egongo da zabalik Donostiako Santa Klara irlan dagoen Cristina Iglesias artistaren ‘Hondalea’ instalazioa. Bisitak 11:00etatik 18:30era egin ahal izango dira, egunero, aldez aurreko erreserbarik gabe. Dena dela, bisita gidatuak egiteko izena eman beharko da. ‘Hondalea’ren irudia. (Andoni Canellada | FOKU) Bidaiari Cristina Iglesias artistak Donostiako Santa Klara irlan egindako ‘Hondalea’ instalazioa bisitatu ahal izango da ekainaren 1etik irailaren 30era arte. Egunero egongo da zabalik 11:00etatik 18:30era, aldez aurreko erreserbarik gabe. Dena dela, zenbait etenaldi izango ditu, ospakizun edo ekitaldi bereziak tarteko. Adibidez, iitxita egongo da edo ordutegia moldatuko da uztailaren 16an (Karmengo Amaren eguna), abuztuaren 10ean (Aste Nagusiko Piraten abordatzea), abuztuaren 15ean (Paseo berriko itsas zeharkaldia) era irailaren 2, 3, 6 eta 13an (Kontxako estropadak). Uztaila eta abuztuan bisita gidatuak ere eskainiko dira, eta horietarako txanda aurrez hartu beharko da. Uztailaren 1ean hasi eta abuztuaren 31ra arte, bisita gidatuak egongo dira ostiraletan (euskaraz), larunbatetan (gaztelaniaz) eta igandeetan (gaztelaniaz). Egun bakoitzean bisita bakarra egingo da, 11:00etan kaitik aterata, bi ordu iraungo du eta prezioa 26 eurokoa izango da (BEZa salbuetsita). Bisitarako, gutxienez, zortzi laguneko taldea osatu beharko da eta gehienera 20 pertsonarentzat izango da tokia. Erreserbak egiteko 943 129 358 telefonora deitu edo hondalea@donostia.eus helbide elektronikora idatzi beharko da. Bestalde, dagoeneko martxan da eskolak eta gizarte eta kultur taldeentzako eskaintza berezia. Maiatzaren 11tik ekainaren 30era eta irailaren 14tik urriaren 30era aukera izango dute ‘Hondalea’ bisitatzeko. Goizez eta arratsaldez izango dira bisitak, eta jardueraren araberako iraupenekoak. Joan-etorria motoraz Irlara norbere kasa joaterik ez duenak joan-etorria motoraz egin lezake. Motorako tiketak erosi egin behar dira zerbitzua ematen duen enpresak kaian duen leihatilan. Zerbitzua baldintza meteorologikoen eta itsasoaren egoeraren mende egongo da. Cristina Iglesias artista donostiarrak Santa Klara uhartean egindako lana da ‘Hondalea’. 2021ean zabaldu zituen ateak. Hustutako itsasargiaren etxearen barruan induskatuta, Iglesiasen lanak euskal kostaldeko geologia eta ekologia berezia eta uhartea inguratzen duten ozeanoko uren kemena biltzen ditu.