BIDAIARI

Pompidou zentro berria zabalduko dute Brasilen 2027an

Pompidou zentroaren eta Paranako (Brasil) estatuaren arteko akordio bat iragarri du Rachida Dati Frantziako Kultura ministroak. Aurreratu du Foz do Iguaçun arte garaikideko museo berri bat eraikiko dela eta 2027an zabalduko dela.

Pariseko Pompidou zentroa. (Frederic Stevens | Getty Images)

Pompidou eta Brasilen arteko akordioa Frantziako museoak 2022tik Parana estatuarekin duen aholkularitza-harremanaren jarraipena da, nazioarteko izen handiko arte-zentro bat irekitzeko, Ministerioak zehaztu duenez.

Zentro artistikoa Foz do Iguaçun eraikiko da, Brasil, Paraguai eta Argentinarekin duen muga hirukoitzetik gertu. «Dinamika kultural eta turistiko sendoa» izango du egitarau zabal eta anitza eskainiz: erakusketak, zuzeneko emanaldiak, zinema zikloak, jaialdiak, hitzaldiak...

Gainera, Pompidou Zentroko arte garaikideko bildumarekin osatutako erakusketez gain, museo berria «Hego Amerikako sorkuntza garaikidearen aldarrikapenerako lekua ere izango da, eta muga hirukoitzeko eremu horrek pizten dituen dinamika partikularrak nabarmenduko ditu».

Solano Benitez arkitekto paraguaitarra, 2016ko Veneziako Biurtekoaren irabazlea, aukeratu dute zentro berria hartuko duen eraikina diseinatzeko, «aldi berean berritzailea eta ingurumenarekiko errespetuzkoa» izan behar duena, Dati ministroaren esanetan.

Plaza zabal baten aurrean

Parisko Pompidou Zentroa, munduko arte garaikideko bilduma garrantzitsuenetakoa duena, itxita dago 2030era arte hiriaren erdigunean duen egoitza eraberritzeko. Aldi horretan, bere lanen zati bat Frantzian eta beste herrialde batzuetako zentroetara eramango da.

Parisen bezala, Pompidou berria jendeari irekitako plaza zabal baten aurrean eraikiko da, eta museoa diziplina anitzeko espazioekin konbinatuko da: hezkuntza-tailerrak, artxibategi eta laborategi artistikoak, jatetxeak eta denda bat.

«Frantziaren eta Brasilen arteko lankidetzaren etapa berri bat da, partekatzearen, sortzearen eta mundura irekitzearen balio komunetan oinarritua», azpimarratu dute.