Agata Fetschenko (Getty Images)

Titikaka aintziran, beste teleferiko bat

Titikaka lakuaren ertzean dagoen hiririk handienean, Punon, teleferiko bat eraikitzeko proiektuak Peruko Inbertsio Pribatua Sustatzeko Agentziaren argi berdea jaso berri du. Agentziak bideragarritzat jo du “Cerro Azoguini-Lago Titicaca” teleferikoaren proiektuaren inbertsio profila, hiriaren egungo bisitarien fluxua 70 aldiz handiago izan daitekeela argudiatuz.

Egitasmoaren sustatzaileek jakitera emandako zenbakien arabera, Puno hiriak, batez beste, 7.416 bisitari izaten ditu urtean, eta, teleferikoarekin, hasieran, urtean 404.000 bisita baino gehiago izango dituela aurreikusi dute. Gainera, uste dute kopuru hori 530.000 bisitaraino irits daitekeela hogei urte barru.

Teleferikoak 2.020 metro inguruko ibilbidea izango du, bost minutu eta erdian egingo duena. Irteera geltokia Titikaka lakuaren ondoan kokatuko da, «diseinu jasangarriarekin, kai turistikoan erabat integratuta»; helmugako geltokia, berriz, Cerro Azoguini gainean egongo da, eta begiratoki moderno gisa funtzionatuko du, interpretazio kulturalerako eta atsedenerako zenbait gunerekin.