Roge Blasco (Agustin Chalerrek utzitako argazkiak)
Elkarrizketa
Agustin Chaler

«Niretzat errealitatea bidaiatzea da; aitzitik, itzultzea da fikzioa»

Agustin Chaler, Shiraz-en (Iran). (Agustin Chalerrek utzitakoa)
Agustin Chaler, Shiraz-en (Iran). (Agustin Chalerrek utzitakoa)

Agustin Chaler Estatu espainiarreko bidaiari independente entzutetsuenetako bat da. Duela 60 urte jaio zen Vinarozen (Castelló). Profesionalki, arrakasta handia izan zuen bere arkitektura bulegoarekin. Bizimodu lasaia zeraman, ez zuen ezer falta, baina mundua ezagutzeko irrikak gehien maite zuenari uko egitera bultzatu zuen, jarduera bidaiari frenetikoan bete-betean murgiltzeko. Kalkulatzen du 22 urte daramatzala bidaiatzen; hau da, 8.965 urte etxetik urrun lo egiten.

Munduko geografiako hainbat eskualde denbora luzez kontzienteki errepasatzeko ohitura du. Adibidez, Marco Poloren ibilbidea, 750 urte geroago egin zuena, Veneziatik Pekinera, hamasei hilabetean baino gehiagoan.

Kontinente osoak zeharkatu ditu: Afrika eta Amerika, Antartikara iritsi zen, Ozeania bere uharteekin, Karibe, antzinako Sobietar Batasuneko errepublika guztiak… Bidaiarik sonatuenetako bat izan zen Himalaiako mendikatearen itzulia bere bi isurialdeetatik. Bederatzi herrialde bisitatu zituen hamabost hilabetean. Lehenik Kanadatik Bangladeshera joan zen India eta Bhutanetik pasatuz, eta, ondoren, Tibeten hiru hilabeteko egonaldia egin zuen Txinako murrizketen mende.

Azken hamalau hilabeteetan Asian eta Ozeanian ibili da. Egoera benetan ezohikoak aurkitu ditu, karga emozional handikoak, hala nola Afganistanen eta Mongolian. Bera ere harrituta geratu da ibilbidearen bigarren zatian, ez baitzuen espero Ozeano Bareko uharte urrunetan ibiltzea. Etenaldirik gabeko bidaia izan da, gertakariz betea.

Arkitekto lana utzi aurretik, zer motatako bidaiaria zinen?

Ihesaldiak egiten nituen. Lehenengoa, Indiara, 18 urterekin, udako 3 hilabeteetan. Arkitekto lanetan nenbilela, hiru urtez jarraian, asteburuero joaten nintzen Carmen neska lagunarekin Europako hainbat lekutara. Oso leku urrunetara ere bidaia motzak egiten nituen. Behin, Montrealera joan nintzen kafe bat hartzera, eta, beste batean, São Paulora asteburu batean ezkontza batera. Denboraz oso justu nenbilenez, hegazkinean bertan aldatu nituen arropak.

Noiz iritsi zen unea arkitekto ibilbide arrakastatsu eta emankorra utzi eta ibiltari bihurtzeko?

Une giltzarria 2008ko krisia izan zen. Nire egoera ekonomikoa ebaluatu ondoren, bizitzaren bigarren zati honetan zoriontsu izatearen eta bidaiatzearen aldeko apustua egin nuen. Uste dut asmatu dudala. Ona da pertsona baten bizitzan bizitza bat baino gehiago izatea.

Gaur egun, itzulerako txartelik gabe egiten duzu hegan. Bidaiaren kontzeptua aldatu da?

Lehen dena planifikatuta neukan, monumentu guztiak bisitatzen nituen; orain, aldiz, pertsonak ezagutu nahi ditut. Horretarako, beharrezkoa da leku batean kokatzea; denborak ez du axola. Eta, jakina, ez dakit inoiz nondik jarraituko dudan eta, are gutxiago, noiz itzuliko naizen. Orainak eta gertatzen denak agintzen du.

Zein da bidaiariaren hiru egien teoria?

Herrialde bat ondo ezagutu ahal izateko, ikusi behar duzu nola funtzionatzen duten eskolek, merkatuek eta zeremoniek.

Eskolak, haurrak herrialdearen etorkizuna direlako eta haien bidez ikusten duzulako gizartea norantz doan. Merkatuak, transakzioak eginez jendearen arteko loturak marrazten direlako eta harremanak benetakoak izaten direlako. Eta, azkenik, zeremoniak, bertakoen sinesmenak adierazten dituztelako.

Bi aldiz egon zara hiltzeko zorian. Non eta zergatik?

Egoera horiek ezin izan ditut kontrolatu. Ez nuen beldurrik izan, azkar gertatu zirelako. Lehenengoa Medellingo hamahirugarren komunan izan zen, urte askoan munduko auzune arriskutsuenetakoa izatearen fama txarra izan zuena. Joan nintzenean, egoera lasaiagoa zen, baina aste hartan istiluak izan ziren. Bisita lasaia izan zen; eskola batean egon ginen, kafea hartu genuen, grafitigileekin solasean ibili ginen… Baina favelatik irtetean, tipo bat motorretik jaitsi eta hiru tiro jo zizkion buruan nire aurrean zegoen pertsona bati, eta haren odolak zipriztindu ninduen.

Potosin (Bolivia), 4.090 metrora dagoen munduko hiririk garaienean, igandeetan azoka bat egiten da Arma plazan. Egoera txarrean zegoen enpanadilla bat jan nuen eta erori egin nintzen nire argazki kameraren gainera, eta hiru saihets hautsi zitzaizkidan. Salmonellosia zen. Ospitalean hain larri ikusi ninduten, ezen apaiz batek gaixoen oliadura eman baitzidan. Hamabost kilo galdu nituen hogei egunetan. Ez dakit nola, baina apurka-apurka nire onera etorri nintzen.

Zure bidaia senari eta esperientziari esker atzerritarrek normalean ikusi ezin dituzten antzinako zeremoniak ezagutu dituzu. Esate baterako, Asiako zure azken bidaian sufiekin egon zara Pakistanen…

Maitasun handia diet Indiari eta Kanadari. Lahore hiri aparta da, mogol inperioaren hiriburua, arkitekturaz betea. Askotan joan naizenez, zeremonia oso arraroak egiten dituzten lekuak aurkitzen ditut. Zoko batetik ibili ondoren, santutegi sufi batera iritsi nintzen. Dantzariak, tabako berezia erre ondoren, trantzean sartzen dira danborren musika hipnotikoek lagunduta. Gau osoan, egunsentira arte…

Kanpotar gisa, nola sentitzen zara giro horietan?

Oso eroso sentitzen naiz, pozik hain leku urrunetara iritsi ahal izateagatik. Sentitzen dut nire bizitzaren helburua egunez egun betetzen ari dela. Lan asko egin behar da hemen egoteko, baina benetan merezi du; kultura horren barruan sartzen zara eta nor zaren ahaztu egiten zaizu. Niretzat errealitatea bidaiatzea da; aitzitik, itzultzea da fikzioa.

Esan ohi duzu bidaiatzeak denborari iseka egiten diola. Zer esan nahi duzu zehazki?

Bidaiatzeak beti gazte sentiarazten zaituela. Egunero gauza berriak gertatzen dira, errutinaren kontrakoa da. Bidaiatzea, nolabait, etengabeko ikaskuntza da. Gero eta gazteago sentitzen zara eta nahi duzu egoera eta pertzepzio hori inoiz ez bukatzea.