
Eskandinaviako herrialdeek aukera paregabea eskaini ohi dute naturari erreparatzeko eta txundituta gelditzeko. Aurora borealak, fiordoak, gauerdiko eguzkia eta gau polarra dira, besteak beste, postalak edertzen dituzten irudietako batzuk.
Alabaina, ezin da alde batera utzi faunak herrialde horiez gozatzeko ematen duen abagunea. Izan ere, batek txoriak gogoko baditu eta gure parajeetan ohikoak ez diren hegaztiak ikusi nahi baditu, Norvegiako ekialdeko eskualdea eta, batez ere, herrialdeko iparraldea, Finlandiako eta Errusiako mugetatik gertu, lekurik onenak dira ikuskizun ornitologiko handiaz gozatzeko.
Lurralde honek, zirkulu artikotik iparraldera egonda eta Norvegiako itsasoak bustita, milaka kilometroko bidaiak egiten dituzten espezieei atseden hartzeko, ugaltzeko eta elikatzeko leku ugari eskaintzen dizkie.
NORVEGIAKO HEGAZTIAK ETA LEKUAK
Norvegian 300 bat hegazti espezie egoiliar daude, alegia, bertakoak direnak. Baina badaude beste 200 espezie inguru urteko sasoi ezberdinetan lurralde osoan uneren batez ikus daitezkeenak. Herrialde honetako nabarmenetako bat itsas arrano buztanzuria da, baina ornitologoen artean zirrara handia eragiten duten beste espezie batzuk ere badaude: errege eiderrak, eider txikiak eta arruntak, elur hontzak, marikakak, kaio hegalzuriak, izotz ahateak, aliotak, elur berdantzak…
Norvegiako itsasoak bustitako kostalde osoa izaten da ona txoriak ikusteko, baina, lekuren bat azpimarratzekotan, Varanger penintsula litzateke hura, herrialdeko ipar-ekialdeko eskualdean, Barents itsasoak inguratuta.
Varangerrek Vadso, Batsfjord, Berlevag, Vardo eta Unjarga-Nesseby udalerriak hartzen ditu barnean. Horiek guztiak Finnmark probintziaren parte dira.
Milaka itsas hegaztirentzat leku garrantzitsua izateagatik da bereziki ezaguna Hornoya; hori dela eta, mundu osoko ornitologoak eta naturazaleak erakartzen ditu
Tana fiordoak mendebaldean, Varangefjord fiordoak hegoaldean, eta aipatutako Barents itsasoak iparraldean eta ekialdean markatzen dituzte penintsula horren muga geografikoak. Norvegiaren eta Errusiaren arteko mugan kokatutako Pasvik natura erreserba ere aipatu beharrekoa da. Izan ere, bertan, Laponiako urubiak, hontza gabiraiak, pinu gailupak, eskinoso siberiarrak eta basoilarrak ikusteko aukera handiak daude.
Bestalde, Norvegian, eta bereziki dilisten antzera hedatzen diren uharteetan, milioika hegaztik egiten dute habia urtero.
HORNOYA, NORVEGIAKO HEGAZTIEN PARADISUA
Hornoya uharte txiki bat da. Norvegiako ipar-ekialdean dago kokatua, Varanger penintsulako Troms og Finnmark konderrian, Vardo herriaren ondoan.
Hango habitata gogorra eta malkartsua da. Lur harritsuak eta landaredi urriak ditu bere klima subartikoagatik. Klima horrek negu luze eta hotzak eragiten ditu, eta uda labur eta freskoak.
Ozeano Artikotik hurbil egoteak eragiten ditu klima kondizio horiek; hau da, tenperaturak nabarmen alda daitezke urtaroen arabera. Hala eta guztiz ere, uhartean bizi dibertsitate harrigarria dago, batez ere, hegaztiei dagokienez.
Milaka itsas hegaztirentzat leku garrantzitsua izateagatik da bereziki ezaguna; hori dela eta, mundu osoko ornitologoak eta naturazaleak erakartzen ditu. Uharteko itsaslabarrek habia egiteko ingurune ezin hobea eskaintzen dute hegazti horietako askorentzat, harraparietatik babesten baitituzte. Haietan, besteak beste, lanperna musuak, martin arruntak, ipar martinak, pottorro arruntak, ubarroi mottodunak eta itsas arrano buztanzuriak aurki daitezke, eta kaioen artean, berriz, antxeta hankabeltzak, ipar kaioak eta kaio hegalzuriak.


