Bidaiari

Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, programazio berezia Artium museoan

Gasteizko Artium Museoak Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du maiatzaren 16an eta 17an programazio bereziarekin. Lantegi irekiak, ‘amarauna’ saio bat eta erakusketen bisita gidatuak antolatu ditu, besteak beste. Museoen Nazioarteko Eguna maiatzaren 18an ospatzen da urtero.

Lorategi zintzilikari bat diseinatzeko gonbidapena egingo zaie parte hartzaileei.
Lorategi zintzilikari bat diseinatzeko gonbidapena egingo zaie parte hartzaileei. (Artium)

Urtero bezala, Artium-ek Museoen Egunaren ospakizunarekin bat egin eta programazio berezia izango du. Asteburuetako ohiko lantegiek saio bikoitza izango dute (larunbata eta igandea), 11:30ean, eta lorategi zintzilikari bat diseinatzeko gonbidapena egingo zaie parte hartzaileei, landare, lore, txori, intsektu eta ekosistema osatzen duten izaki eta elementu guztiekin.

Jarduerak bi zati izango ditu: lehenbizi, era bateko eta besteko elementuak sortuko dira eta, ondoren, elementu horiek Artium Museoaren lorategiko hormetan ezarriko den sare batean zintzilikatuko dira. Gainera, igandeetako ‘Bor-Bor’ saioetan parte hartu dutenek lantegi horietan egindako loreak, txoriak eta intsektuak erantsi ahal izango dizkiote lorategia zintzilikariari.

Bestalde, ‘amarauna’ programazioaren ohiko egutegiarekin bat eginez (hizkuntza artistiko batzuetara eta besteetara belaunaldi guztien hurbilketa proposatzen duen familientzako ekimena), Eneka Bordato dantzari baionarrak ‘Fla Fla Fla’ koreografia aurkeztuko du museoan. Eszenografia berezi batekin –21 pilota zuri, manta bat, kristalezko entsaladera bat eta 12 metroko zinta itsaskor zuria– dantzan parte hartzeko ekimen bat proposatukodu artistak.

Jarduera 4 urtetik gorako haurrentzat pentsatuta dago, heldu bat lagun dutela, eta saio bikoitzean egingo da larunbatean, 17:00etan eta 18:30ean. Programa honetako jarduera guztietan bezala, sarrera doakoa da eta, edukiera mugatua denez, 945 20 90 20 telefonoan tokia gordetzea gomendatzen da.

Bisita gidatuak

Azkenik, Museoen Nazioarteko Egunaren asteburuan bisita gidatuen eskaintza zabalduko du Artiumek. Larunbatean eta igandean, bisita bana eskainiko ditu 12:30ean ‘Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean’ erakusketara. 20 artista eta kolektibo baino gehiago biltzen ditu, «elkarrizketa bisual batean».

Elkarrizketa horrek zalantzan jartzen du mugimendudun irudiak nola itxuratu duen bestetasunari buruzko mendebaldeko kontakizuna, eta begiratzeko eta kokatzeko moduari buruz hausnartzera gonbidatzen du ikuslea. Bisitek edukiera mugatua dute, eta erreserba egitea gomendatzen da 945 20 90 20 telefonora deituta. 

Museoen Nazioarteko Kontseiluaren (ICOM) babesean ospatutako Museon Egunaren aurtengo leloa da ‘Museoak mundu zatitu bat batzen’.