
Gasteizko bizikleta ibilbideen mapa eguneratuak, gainera, VGbiziz sareko aparkaleku seguruko gunea erakusten du, eta, berritasun nagusi gisa, 2025eko abenduan bizikletak maileguan hartzeko martxan jarritako Mugibike zerbitzu publikoari buruzko informazioa ematen du.
Era berean, mapak hiriko «bizikleten metrominutua» baliabidea gehitu du, hau da, hiriko puntu nagusien artean bizikletaz joan-etorriak egiteko aurreikusitako denborak erakusten dituen tresna, ibilbideak modu erraz eta eraginkorrean planifikatzeko aukera emateko.
Maparen atzealdean, VGbiziz bizikleten udal erregistroaren eta Mugibikeren funtzionamenduari buruzko informazioa kontsulta daiteke. Mapa osatzeko, zirkulazio segururako aholku praktikoak ematen dira, bizikleta bideetako eta galtzadetako oinarrizko araudia barne, bai eta bizikleten lapurreta prebenitzeko gomendioak ere.
4.000 ale
Argitalpena euskaraz zein gaztelaniaz dago eskuragarri. 4.000 ale inprimatu dira, eta, batez ere, Ingurumen Gaietako Ikastegiak urtero antolatzen dituen bizikleta bidezko zirkulazio seguruko ikastaroetako ikasleen artean banatuko dira. Horrez gain, bizikleta dendetan eta turismo bulegoan ere banatuko da.
Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotzi Borja Rodriguezek adierazi duenez, «mapa honekin, gure helburua da herritarren eta Arabako hiriburura datozen bisitarien artean bizikletaren erabilera sustatzea. Eta bide onean aurrera goaz. Hain zuzen ere, Gasteiz Copenhagenize indizearen munduko Top 30ean sartu zuten 2025ean, eta aitortza horrek bizikletaren sustapenaren arloan egiten dugun lana balioesten du».
«Aitortza horrek mugikortasun jasangarriagoa sustatzen jarraitzera bultzatzen gaitu, herritarrei eta gure hiria bisitatzen dutenei bizikleta erabiltzeko ibilbide eta espazio egokienak hurbilduz», gaineratu du.