Urtzi Urrutikoetxea (U.U. eta Getty Images)
gara-2026-09-23-Reportaje
Peleș gaztelu errenazentista, XIX. mendean Errumania independenteko lehen erregeak eraikia Valakia eta Transilvania arteko mugan. (Getty Images)

Karpatoetako mugetan, Transilvanian barna

Bukarestetik iparralderantz doan DN1 errepidea ez da presaka autobide bihurtu nahi duten errepide soila. Prahova haranean gora egiten duen korridore historikoa da, Valakiako lautaden eta Karpatoetako mendateen arteko lotura egiten duena. Mendeetan zehar asko erabili zen bidea.

Duela mende bat pasatxora arte, errepideak inperio baten muga egiten zuen. Egun, Sinaia eta Predeal arteko txokoa Errumaniako paisaia ezagunenetakoa da. Lehen Mundu Gerrara arte, Errumaniako Erresumaren eta Austria-Hungariako Inperioaren arteko muga izan zen. Hegoaldeko maldetan Valakia eta Errumaniako estatu gaztea zeuden (otomandar inperiotik askatu berri); mendien beste aldean, Transilvania eta Habsburgotarren inperioa.

PELEȘ: ERREGE-JAUREGIA MUGA BATEN ERTZEAN

Peleș gaztelua Karpatoetako basoen artean altxatzen da, XIX. mendeko Europako errege-amets baten moduan. Carol I.a erregeak , Errumaniako monarkiaren udako egoitza gisa eraiki zuen, baina bere kokapenak, Austria-Hungariako mugan esanahi politiko argia zuen: otomandar inperiotik askatu berri zen estatu gaztea zen Errumania, eta bere monarkiak Europako erreferentzia politiko eta kulturalekin bat egin nahi zuen. Peleș ez zen soilik oporretarako jauregi bat: modernitatearen eta estatu berri baten anbizioaren erakusgarri zen.

Brango gaztelua, oinarri historiko handirik izan ez arren, kokapen ikusgarria dauka Drakularen gaztelu bezala famatu den gotorlekuak. (Konoplytska | Getty Images)

Izan ere, Karpatoen beste aldean bestelako mundu bat hasten zen. 1918ra arte, Transilvania ez zen Errumaniaren zati izan. Austria-Hungariako Inperioaren barruan zegoen, Hungariako Koroaren lurraldeetako bat zen. Mendiak ez ziren, beraz, paisaia soil bat, bi administrazio, kultura, hizkuntza eta tradizioren arteko muga baizik.

Gaur egun Sinaiatik Brașoverako bidean milaka lagun doaz: autoak, autobusak eta eski zaleak, mendizaleak… Duela ehun edo berrehun urte, mendatea gurutzatzea aduanen eta inperioen arteko kontrolaren sinonimo zen. Europako bi historia politiko desberdinen arteko trantsizioa markatzen zuen mugak.

Sighisoarako Erdi Aroko zitadelako kale estuetako bat, etxe estu eta koloretsuekin. (Codrin Rusu | Gertty Images)
DRAKULAREN MITOAK ETA ERREALITATEAK

Valakiak eta Moldaviak printzerri autonomoen estatusa izan zuten mendeetan zehar Otomandar Inperioaren barruan. Elite politiko eta erlijiosoei eutsi zieten, baina tributua ordaindu behar zioten Istanbulgo boterearen menpe bizi izan ziren.

Ia lau mende eta erdi iraun zituen historia horren aldamenean, Transilvaniak askoz tarte laburragoa eman zuen otomandarren menpe, eta XVII. mende amaierarako habsburgotarren eta hungariarren menpe zen. Hala, Karpatoak zeharkatzea, nolabait, Balkanetatik Europa erdialdera joatea da. Brașoven alemaniar eta hungariar izenak, gotikoaren tradizioa, merkatarien gremioen historia eta Erdi Aroko harresiak agertzen dira.

Brasov-eko Alde Zaharreko koloretako etxe tradizionalak. (Getty Images)

Bidean, baina, ekialdearen eta mendebaldearen arteko zatiketa horren sinbolo bihurtu den mito bati bisita egitea dagokigu. Egia da historiaren eta marketinaren arteko bisita bat dela Bran gaztelua, hori aurretiaz jakinda joatea komeni da. “Drakularen gaztelu” gisa ageri da alde guztietan, Interneten bidaia prestatzen hasten zarenetik, turismo-liburuxketan eta, zer esanik ez, errepidean hurbildu ahala.

Vlad Țepeș, XV. mendeko Valakiako printzea da Drakularen mitoaren oinarri historiko nagusia. Ez dago frogatuta hemen bizi izan zenik, eta XIX. mendean Drakula idatzi zuen Bram Stoker ingelesak ez zuen sekula gaztelua bisitatu. Karpatoetako harkaitz baten gainean altxatutako Branek eleberrian deskribatzen zenarekin nolabaiteko antza zeukala erabaki zuten duela urte batzuk. Gainerakoa turismoaren historia da, neurri handi batean.

Prejmer-eko eliza gotortua, harresi zirkular batek inguratuta eta defentsarako dorreekin. (Getty Images)

Kanpoan, aparkalekuak, oroigarri-dendak eta Drakularen irudiak daude. Barruan, turisten ilarak eta Erdi Aroko dekorazioaren eta errege-erromantizismoaren arteko nahasketa (udazkeneko egun lainotu batean joateak lasai samar bisitatzea ahalbidetu zigun). Baina, mitoen, marketinaren eta erdi-usteen gainetik, gaztelua Vladena izan zein ez, muga hemen zegoen. Transilvaniaren eta Valakiaren arteko pasabide estrategikoetako baten gainean eraiki zuten gaztelua.

Vlad Țepeș, XV. mendeko Valakiako printzea da Drakularen mitoaren oinarri historiko nagusia. Ez dago frogatuta hemen bizi izan zenik, eta XIX. mendean Drakula idatzi zuen Bram Stoker ingelesak ez zuen sekula gaztelua bisitatu

Bi lurraldeen arteko harremanak ez ziren itxiak: merkataritza, migrazioa, gerrak eta aliantzak etengabe igarotzen ziren mendate hauetatik. Vlad Țepeș konplexutasun horren adibide ona da. Valakiako agintaria izan zen, baina Hungariako erregearekin, Transilvaniako hiriekin eta Otomandar Inperioarekin etengabeko harremanetan izan zen XV. mendean.

Rupeako ZitadelaTransilvania gotorleku ikusgarrienetakoa da. (Getty Images)
Drakula pertsonaiaren oinarri izan zen Vlad III.a ‘Hiltzailea’ Sighișoaran jaio zen. Bertako galtzadarrizko kaleak eta kolore biziko etxeak Unescoren Munduko ondare dira. (Jeroen Mikkers | Getty Images)
EUROPA ERDIALDEA

Transilvaniako gizartea mendeetan zehar komunitate eta estamentuen arteko sistema konplexu baten arabera antolatu zen. Hungariar nobleziak, Szekely komunitateak eta Transilvaniako saxoiek pribilegio politiko eta juridiko bereziak zituzten. Saxoiak, Erdi Arotik aurrera eskualdera eraman zituzten kolono alemaniarren ondorengoak ziren, eta hiri eta merkataritza gune garrantzitsuetan eragin handia izan zuten. Errumaniarrak, aldiz, batez ere nekazariak ziren eta landa-komunitateetan bizi ziren; luzaroan ez zuten botere politiko bera izan.

Brașovek ezin hobeto irudikatzen du trantsizio hori. Errumaniera da nagusi gaur egun, baina erdigune historikoak Kronstadt izen alemaniarra eta Brassó hungariarra gogorarazten ditu. Transilvaniako beste hiri batzuetan legez ageri dira sistema haren aztarnak: harresien barruan merkatarien eta gremioen mundua; kanpoaldean eta inguruko herrietan, beste komunitate batzuen bizimodua.

Peleș gaztelua, Sinaian, Transilvaniako muga egiten duten Karpatoen magalean. (Getty Images)

Piața Sfatului plazako fatxadak, Eliza Beltzaren arkitektura gotikoak eta merkatarien etxeek saxoien hiriaren iragana erakusten dute. Europa Erdialdeko merkataritza-sareen eta Hungariako Erresumaren eragina nabarmena izan zen. Errumaniarrek, harresietatik kanpoko Șchei auzoa zeukaten; han zegoen ortodoxia eta ortodoxiaren eta errumaniar hezkuntza.

Brașoveko kaleetan paseatzea hiriko komunitateen arteko topaguneak aurkitzea eta hierarkia historikoak hautematea ere bada. Șchei gaur egun hiriaren parte naturala da, baina bere historiak garbi erakusten du Transilvaniako gizartearen banaketa: harresiaren barruan merkatari saxoiak, kanpoan laborari errumaniarrak.

Transilvanian barneratuta, Sighișoarara ederra dator, Erdi Aroko hiri gotortuen erakusgarri aparta, eta Unescoren Gizateriaren Ondare; hemen saxoien herentzia are nabarmenagoa da. Alemanez Schäßburg da, Segesvár hungarieraz.

Viscriko eliza gotortua; gaur ia ez da saxoniarrik geratzen, eta erromani edo ijitoak dira biztanle gehienak. (Sebastian Ghita | Getty Images)

Sighișoarako kale koloretsuetan Vlad Țepeșen eta Drakularen aztarnen bila dabilen turismoak (hemen jaio zen, izan ere) sarritan estaltzen du historia korapilatu hori. Kondairak kondaira, hiriaren benetako xarma komunitate, hizkuntza eta botere-sistemen arteko lotura kale, eraikin, fatxada, izkina, harresi zein hilerrietan ezagutuz dator.

HERRIAK ETA HARRESIAK

Sibiu hurrengo bisita baterako utzita, Transilvaniako herri txikiagoetarantz jo dugu. Rupeako zitadelak, esaterako, Transilvaniako historia militarra eta Karpatoetako eta Danubio inguruko eskualde honen zaurgarritasuna gogorarazten du. Prejmerren, berriz, eliza gotortuak Transilvaniako komunitateen defentsa-sistema bikain erakusten du.

Mugaldea eta komunitateen harremana are era argiagoan erakusten dute Saschiz eta Viscri bezalako herriek. Eliza gotortuak dira sistema haren ikurrik ikusgarriena. Herri bakoitzaren erdigunean eliza, eta haren inguruan harresiak, dorreak eta babeslekuak. Erlijioa, defentsa eta komunitatearen antolaketa eraikin berean elkartzen ziren.

Erlojuaren Dorreari izena ematen dion erlojuaren-esfera eta egurrezko figura mekanikoak, Sighișoarako ziudadelaren erdian. (Getty Images)

Viscriko etxeek eta eliza gotortuak Transilvaniako komunitate saxoiaren mendeetako presentzia gogorarazten dute. Baina herriaren eta eskualdearen historia ez da komunitate bakar batek idatzia. Transilvaniako landa eremuetan errumaniarrak, hungariarrak, saxoiak eta erromani (ijito, buhame) komunitateak elkarrekin bizi izan dira mendeetan, baina ez beti baldintza berdinetan.

Mugaldea eta komunitateen harremana are era argiagoan erakusten dute Saschiz eta Viscri bezalako herriek. Eliza gotortuak dira sistema haren ikurrik ikusgarriena

Erromani komunitateek egun ere presentzia garrantzitsua dute. Askotan musikarekin edo artisautzarekin lotutako estereotipoen bidez aurkezten dira, baina haien historia askoz konplexuagoa da: Europako beste leku askotan bezala, mendeetan zehar bazterketa eta diskriminazio sistematikoa jasan dute hemen ere. Viscriko etxe koloretsuen aurretik igarotzen den gurdiak postal ederra osatzen du. Baina paisaia konplexu hori nola eraiki zen, lurra nola landu zen eta hirietara sartzeko eskubidea nork zeukan eta nork ez gogorarazteko irudia ere bada.

Gida praktikoa

IRITSI

Hegaldi merkeen aire-konpainia asko doaz Bukarestera, eta Errumaniako beste hiri batzuetara (Sibiu, Cluj-Napoca eta beste), baina Euskal Herritik ez dago hegaldi zuzenik uneotan, eskala egin behar da. Santander, Zaragoza eta Bordelek badituzte Bukarestera hegaldiak.

MUGITZEKO

Esperientzia interesgarria da autobusez edo trenez mugitzea, baina, Transilvaniako herri txikiagoetara iristeko, ia ezinbestekoa da norbere autoa edo alokatutakoa izatea.

OSTATUA

Oro har prezioak Euskal Herrian baino merkeagoak dira, leku turistikoenetako batzuetan nabarmen gora egin arren. Sighisoara edo Brașoven hotel, aterpetxe eta ostatu asko egin dituzte, eta udazkenean lekua egon ohi da. Uda sasoi betean batzuetan aurretiaz erreserbatzea komeni da.