Vous avez accédé à un article payant en utilisant un clic de votre compte personnel.
Xabier Bañuelos (Argazkiak: X.B. eta Getty Images)
Hannarako Bidearen bukaeran Kaihalulu dago, errauts kono batetik sorturiko harea gorri-moreko kala sekretua, berde eta urdinek beste mundu batekoak diruditen txokoa. (Getty Images)
Road to Hana: azken helmuga, Kaihalulu hondartza gorria
Hanarako bideak bikain erakusten du Hawaiiren esentzia: itsaslabar bolkanikoen eta oihan tropikalen artean zintzilikatutako errepidea, zerumugan itsasoa besterik ikusten ez dela. Amaieran Kaihalulu dago zain, errauts kono batetik sorturiko harea gorri-moreko kala sekretua.
Hainbat koloretako hondartzak ikusi izan ditut munduko txoko askotan. Ikusiak nituen urre kolorekoak, zuriak, beltzak, grisak, arrosak, bai eta kolore oso bitxikoak ere, hala nola berde olibakarak; horietako batzuk hawaiiar uhartedian bertan, ni nengoen tokian, hain zuzen. Baina inoiz ez nintzen hondartza gorri batean egon.
Etiketa hori ezarri zaien hondartza gehienen kasuan –besteak beste, Islandiako mendebaldeko fiordoetako Rauðisandur eta Santoriniko Red Beach–, argazkien asetasuna areagotu egin behar izaten da ezaugarri hori nabarmentzeko, edota hareatzari beharrean, inguruneari buruzko deskribapena izan ohi da. Diotenez, Paracaseko hondartza da gorritasunak zalantzarik uzten ez duen lekua, baina une hartan Peru urrun samar geratzen zitzaidan; hortaz, hain gertu neukan hondartza gorri hura hain bitxia, exotikoa eta harrigarria izanik… nola galdu, bada, aukera hori!
Hamaika hondartza daude bidean. (Xabier Bañuelos)
Gertu diot, une hartantxe Kahuluin nengoelako, Mauiko hiriburuan. Tamainaz Hawaiiko bigarren uhartea da, biztanle kopuruari dagokionez hirugarrena, eta beste uharteetako aniztasun bera edo are handiagoa dauka. Hango paisaien begi kolpe bakar batean erabat liluratuta geratu nintzen, miresmenak hartu ninduen ezinbestean.
Hondartzara iristeko, nahikoa zen iparraldeko kostaldeko bidea egitea ekialdeko muturreraino, Hana herriraino. 52,2 milia besterik ez ziren egin behar, hau da, 84 bat kilometro, eta ibilbidearen saria kala miragarri eta berezi hura zen, baita uharte hartako ibilbiderik ederrenetako bat ere.
Eta espero genuena izan zen, alajaina! Izan ere, Hanarako bidea Hawaii da, bete-betean. Errepideak sigi-saga egiten du pali edo labatik sortutako eta higadurak zizelkaturiko itsaslabarren ertzean. Ibilbide bortitza da, landaretza tropikal mardulak soilik epeltzen duena.
Batzuetan, errepideak amaigabea dirudi. (Getty Images)
Amildegietatik harago lurra ezkutatu egiten da eta espazio zabal bakarra itsasoa da. Eremu zorabiagarri horren kontrastea, berriz, autoko irratian entzuten ziren ahots eta gitarren leuntasuna zen. «Aloha 'oe, aloha 'oe, e ke onaona noho i ka lipo…» («Agur zuri, lorategi itzaltsuetan bizi zaren xarmagarri hori…»), Lili’uokalani erregina poetak bere maiteñoari agur esateko sorturiko bertso musikatuak.
Eta, halaxe, hula sentsual eta ausazko bat dantzatuz, egin genuen sigi-saga harrizko ilargi-erdi txiki eta urrun hartaraino doan bidea. Eta han zegoen gure helmuga, harribitxi gorria, non sumendiaren konoko errauts hormak eraitsi egin baitziren itsasaldiak bere altzoan hartzeko.
Surfeatzeko leku aproposak daude bidean. (Xabier Bañuelos)
PAISAIA ZIRRARAGARRIA
‘Road to Hana’ izenaz ezagutzen den errepide honetan barrena bidaiatzea sentsazio kontrajarrien karrusel batean ibiltzea da. Paisaiak zoragarriak dira, baina hori baino zerbait gehiago eragiten dute, izan ere, plazera eta egonezina nahastu egiten dira. Batetik, edertasunak ematen duen plazera, begiratu baino gehiago bizi egiten dena, bertan murgilduta gaudenez gero.
Eta, bestetik, aztoramena, zirrara, zeharkatzen ditugun eta zeharkatzen gaituzten espazioen fantasiak eraginda, espazio sinesgaitzak baitira sarri, eta arrisku sentsazioa ere hor dago, itxuraz behintzat. Errepidea estutu egiten da, eta bertatik bi ibilgailu batera sartuko ote diren zalantza sortzen zaizu, ea zu zeu igaro ahal izango zaren. Eta hori ehunka metroko amildegiaren ertzean, eguzkiaren argiak indartutako urdin biziko Ozeano Pazifiko mugagabearen gainean.
Eta espero genuena izan zen, alajaina! Izan ere, Hanarako bidea Hawaii da, bete-betean. Errepideak sigi-saga egiten du pali edo labatik sortutako eta higadurak zizelkaturiko itsaslabarren ertzean. Ibilbide bortitza da, landaretza tropikal mardulak soilik epeltzen duena
Errepideak amildegia ukitzen zuen doi-doi bidean, eta labarraren hormak ia urratu egiten zuen karrozeria. Oihana jori esekitzen da magalean, eta, tarteka, bi aldeak besarkatzen dituzten landare tunelak eratzen ditu. Bien bitartean, ibilgailuan sigi-saga amaigabe bezain beldurgarrian gindoazen.
Ur jauziak bata bestearen segidan agertzen dira errepideko zenbait zatitan. (Wesam Taleb | Getty Images)
Liluratuta, inora ez zeramala zirudien bide horrekin mozkortuta, zabalik zegoen leiho bakarrera begiratzen genuen: itsas zabalera. Balkoi natural horietatik, olatuak hondartza ilunetan eta Haleakala sumendiak itsasoari labaz irabazitako eremuetan nola hausten ziren ikusi genuen. Baina arreta handiagoz begiratzean, han-hemenka txokoak, zirrikituak eta ate estuak deskubritu genituen, haranetara sartzeko aproposak eta zipriztintzen gintuzten ur jauzien sorburu.
Ibilbidearen lehen zatia leuna eta atsegina da. Ez da hain ikusgarria, baina ez horregatik itsusiagoa. Kahuluitik abiatu eta kilometro gutxira, Baldwin, Lower Pa’ia eta Ho’okipa hondartzetako silize horixkak genituen zain. Ez dira oso handiak, baina olatu ugari izaten denez gero, surflari saldoak aritzen dira haiekin jolasean.
Oihana jori esekitzen da magalean, eta, tarteka, bi aldeak besarkatzen dituzten landare tunelak eratzen ditu. Bien bitartean, ibilgailuan sigi-saga amaigabe bezain beldurgarrian gindoazen
Honu edo itsas dortoka berdeak atseden hartzen ari ziren bazterrean, oholen gaineko zalaparta horri jaramonik egin gabe. Hemen panorama argia eta zabala zen, baina gutxi iraun zuen paisaia horrek; izan ere, Kaupakaluako bidegurutzera iristean, ‘END 36’ dioen kartel batek errepidearen amaiera adierazten zuen, eta beste seinale berde txikiago batek 360 errepidearen zero milia markatzen zuen: ‘Road to Hana’ ospetsuaren benetako abiapuntua.
Handik ez oso urrun izan genuen lehen bizipen ederra: Twin Falls ur jauzietara iristeko egindako ibilaldi xarmagarria, Ho’olawa haranean barrena. Bi jauzi bikiek beren zurrustak bainua hartzeko tentazioa sortzen duen ur barean isurtzen dituzte, landaretza zinez oparoak inguratuta. Errepidera itzulita, zati honetan, bidea gero eta sigi-sagatsuagoa zen, eta itsasertza gero eta hurbilago zegoen.
Baina apur bat lehenago, ortzadar-eukalipto bitxiez osatutako basoak ikusi genituen. Ipar hemisferioan modu naturalean hazten diren eukalipto bakarrak dira, eta uhartedi honetan aloktonoak diren arren, kutsu irreal bat sortzen dute, beren enborren kolore erakustaldia ikusgarria baita: berdea, teila kolorea, urdina eta purpura elkarrekin dantzan, Erromako zubia bera balitz bezala.
KAIHALULUKO AMETSAK
Ur jauziak bata bestearen segidan agertzen ziren bihurgune zenbatezinen artean: Haipua’ena txikia, Pouhokamoa dotorea, Nu’yenie’e mailakatua edota Punalauko zurrusta luzanga eta lerdena. Bai eta behatokiak ere, hala nola Kaumahina, Kalaloa Pointen, eta Ke’anae penintsula, ozeanoan barneratzen den laba delta bat, lur emankor eta laborez hornitua. Baina bat nabarmentzekotan, Wailua haranaren gaineko balkoia izan genuen kutun: ezkutuaren xarmak liluratu gintuen, pali edo labarrean arrakala bat igarota, hibisko eta plumeria lepokoekin agurtzen gintuen Shangri-La tropikal baten gisa agertu baitzitzaigun begien aurrean.
Honu edo itsas dortoka berdea. (Xabier Bañuelos)
Ur jauzien segidak ez zuen etenik: Pua’a Ka’a, Hanawi, Makapipi... Batzuk bidearen ondo-ondoan daude, eta guztiek dituzte bainu bat hartzeko putzu zoragarriak. Ikonikoena eta fotogenikoena, zalantzarik gabe, Three Bears edo Upper Waikani da, urak arroken kontra jotzean hiru zurrusta sortzen baititu. Hain txoko basati, idiliko, sakon eta, nolabait, misteriotsuan, ezin litezke falta lur sakratuak eta kondairen xuxurlak.
Hala, Honoma’ele labarrean, esmeralda tonuen eta zeru-itsasoen urdinen artean, antzinako biztanleek Pi‘ilanihale heiau-a eraiki zuten, zeremonia plataforma ikusgarria, Polinesiako tenplurik handiena. Gaur egun, erabat zaharberrituta dago, eta Kahanuko Lorategi Botaniko Tropikal Nazionalaren parte da.
Ortzadar-eukalipto bitxiez osatutako basoak ikus daitezke bidean. Ipar hemisferioan modu naturalean hazten diren eukalipto bakarrak dira. Kutsu irreala sortzen dute, beren enborren kolore erakustaldia ikusgarria baita. (Martin Molcan | Getty Images)
Itsaslabar bolkanikoen eta oihan tropikalen artean zintzilikatutako errepidea da Hannarako Bidea. (Getty Images)
POPOALAEA PRINTZESA
Laba hodiak ere, Ka’elekuko Hana adibidez, elezaharren jokaleku izateko aproposak dira, batez ere linterna bat eman eta, besterik gabe, ilunpean uzten bazaituzte. Baina hemengo kondairarik ezagunena Popoalaea printzesarena da. Bere senar Kakae kazike krudelarengandik ihes egin ondoren, azkenean aurkitu eta erail egin zuten. Babestu zen lekua Wai’anapanapako itsas leizea izan zen, ur gezako leizez, apoz, harea beltzeko hondartzaz eta laba arkuz jositako paisaia malkartsu eta eder batean ur gazia sartzen den hutsunea.
Han batzuetan agertzen diren ganba txikiek ura gorri biziz tindatzen dutenean, esaten denez, Popoalaeak isuritako odolaren oroigarria da. Eremu hau estatu-parke izendatu zuten eta uharteko bide ederrenetako bat hartzen du: Pi’ilani Trail.
Txoko basati ikusgarriak daude bidean zehar. (Xabier Bañuelos)
‘Road to Hana’ izenaz ezagutzen den errepidean barrena bidaiatzea sentsazio kontrajarrien karrusel batean ibiltzea da. Paisaiak zoragarriak dira, baina plazera eta egonezina nahastu egiten dira. (Getty Images)
Zerumugan itsasoa besterik ikusten ez dela, errepideak bikain islatzen du Hawaiiren esentzia. (Julie Caron | Getty Images)
Eta, azkenean, Hanara iritsi ginen, izen bereko badian dagoen herrixkara. Lorategidun familia bakarreko etxez osatua dago eta herrigune soila eta arketipikoa da, eta ez du ezer nabarmentzekorik… Kaihaluluko hondartza salbu, bere koloreagatik eta morfologiagatik erabat berezia den txokoa. Ez dago herrian bertan, baizik eta Kauiki lurmuturraren hegoaldean kokatutako kala gorde baten magalean, labar erraldoien artean ezkutatuta.
Hondartza txikia da, baina haren bizkarrezurrak zirrara eragiten du: itsas hondoan datzan estegosaurio baten osteodermo fosildua balitz bezala azaleratzen den harri lerro ikusgarria. Haitz horiek hondartza erabat itxi eta igerileku natural babestu bat sortzen dute.
Burdina oxidoak sorrarazten duen errauts gorri-more bizi horrek lehen kolpean eragiten du zirrara. Kontrastea boteretsua da, gotikoa, surrealista; naturaren ausazko sormen artistikoaren emaitza, eszenatoki distopiko bat dirudiena
Berezko estetika harrigarri horri uhinen joan-etorriak eta argiaren indarrak bizitzen eta aldarazten duten gorritasuna gehitzen zaio. Burdina oxidoak sorrarazten duen errauts gorri-more bizi horrek lehen kolpean eragiten du zirrara. Kontrastea boteretsua da, gotikoa, surrealista; naturaren ausazko sormen artistikoaren emaitza, eszenatoki distopiko bat dirudiena.
Gorri bizia iragana da. Urdina, mugimenduan den oraina. Berdea, bizitza. Eta aparraren zuritasuna, berriz, sortu eta desagertzen diren ametsak. Ur hauetan murgiltzea eta isla mineralen zein kolorezko itsasaldien artean barneratzea une batez lurraren barne muinetatik sortutako amets batean bainatzearen ilusioa bizitzea da.
Gida praktikoa
Nola iritsi
Autoz joatea da praktikoena. Bi ordu inguru dira, dena ondo bidean, izan ere, gerta liteke bidean oztoporen bat aurkitzea (luizi bat edo eroritako zuhaitz bat, adibidez). Denbora gehiago izanez gero eta eguraldia ona bada, bizikleta ere aukera ona da.
Denbora
Gutxienez egun oso bat aurreikusi behar da Kahuluitik goiz irtenda, baina hobe da bi egun hartzea; horrela, lasaiago joateko aukera ematen du, eta bidean oinezko ibilbideak egiteko denbora har daiteke.
Kaihalulura nola sartu
Ez da zaila, baina kontuz ibili behar da. Agertzen eta desagertzen den bide estu eta labainkor batetik joan behar da, eta, tarte batzuetan, ezponda arriskutsuen ondotik igarotzen da.