Vous avez accédé à un article payant en utilisant un clic de votre compte personnel.
Urtzi Urrutikoetxea (U.U. Visit Alberta eta Getty Images)
Hiri berde eta parkez betea da Edmonton. Kanpoaldean Parke nazional bat ere badu: Elk Island. (Visit Allbertia)
Edmonton, Kanada iparreko uda laburraz gozatzen
Iparrean, oso iparrean dago Edmonton, neguak gogorrak eta izugarri luzeak diren Ipar Amerikako ordokietan. Ez da harritzekoa, beraz, Kanadako Alberta probintziako hiriburuak “Iparraldeko ate” ezizena jasotzea.
Kanadako gainerako probintziek hegoaldean izan ohi dute hiriburua, Estatu Batuetako mugatik bizpahiru ordura gehienetan. Alberta lurralde desberdina da, horratik. Aparteko nortasun baten jabe da, onerako zein txarrerako. Biztanle gehienak bi hiri handietako batean bizi dira, Calgaryn edo Edmonton hiriburuan, baina probintzia guztitik banatzen da izaera berezi bat: cowboy kultura, etxalde handi eta azienda handiekin, alde batean, sarritan eskuineko sektore kontserbadoreetara lotuta; eta komunitate indigenak, bestean, hemen beste inor baino lehenago daudela gogoan.
Petrolio asko dago lurraldean, eta horrek independentismo eskuindar bat ere hauspotu du Albertan, Kanadatik bereizita hobeto biziko liratekeela sinetsita. Sinadura asko ere bildu dituzte horretarako, baina herri indigenetako kideek argi adierazi dute XIX. mende amaieran britainiar koroarekin egindako tratatuak indarrean daudela egun ere. Azken hitza eurena da, eta ez dute cree, nakota eta gainerako herrikideen arteko mugarik altxatzen utziko.
Saskatchewan ibaiak Ipar Amerikako hiri parkerik handienetakoa eratzen du. (Tetyana Babiy | Getty Images)Albertako hiriburua izanik, probintziako legebiltzarra dauka Edmontonek. (Lisa Marie | Getty Images)
Edmontonek, baina, lehia horretatik oso aparte dirudi. Lautadan urrundik antzematen da geroz eta etxe orratz distiratsu gehiagok osatutako skylinea, baina ez da hori –ez hori bakarrik, behintzat– bidaiarientzat helmuga bihurtu duen hiri dinamikoaren giltza. Ez da kasualitatea: 2025ean Lonely Planet argitaletxe ospetsuak munduan bisitatu beharreko hamar hirien artean sartu zuen Edmonton. Udaberriaren amaiera eta uda dira, zalantzarik gabe, hiria ezagutzeko garai magikoenak: egunak luzeak dira, jai giroa da nagusi, eta naturak eta kulturak bat egiten dute modu harrigarrian.
STRATHCONA BOHEMIOA
“Welcome to Old Strathcona” diosku Edmontoneko sarrerak, hiriz okertu bagina bezala. Izan ere, aireportutik zatozela hiriaren hegoaldetik, North Saskatchewan ibaira eta erdigunera iritsi aurretik, Strathcona zaharra dago. Behinola herri propio izana, egun «ibaiaz bestaldera» dagoen Edmonton alternatibo eta sortzailearen bihotza da. Whyte Avenue kale ospetsuan ardaztuta, denda independentez, kafetegi txikiz, vintage arropa saltokiz, arte galeriaz eta musika lokal txikiz beteta dago. Negu gorrian ere ez da dantzarako eta parrandarako lekurik falta, asteburuetan bereziki.
Hiriaren panoramika bat. (Lisa Marie | Getty Images)
Udan auzoa are biziagoa bihurtzen da. Kalean bertan musikariak, artisau azokak eta terraza jendetsuak agertzen dira, eta bertan sentitzen da benetan hiriko gazte giroa. Gainera, hemen egiten da Old Strathcona Farmers’ Market ospetsua, Kanadako merkatu tradizional onenetakoa, tokiko produktuak, artisautza eta gastronomia dastatzeko aukera paregabea ematen duena. Etorbidearen beste aldean, unibertsitatea dago, auzoa etengabe gazte belaunaldi berriz hornitzen.
Edmonton ‘Festival City’ izenaz ere ezaguna da. Udako hilabeteetan jaialdiak etengabe gertatzen dira: musika, antzerkia, gastronomia, artea eta kale ikuskizunak
Gauean, auzoak beste aurpegi bat erakusten du: kontzertu txikiak, antzerki independentea eta taberna giro lasaia. Edmonton ‘Festival City’ bada, Old Strathcona da bere arima bohemioa. Udan, hiriko parke eta txokoez gozatu ondoren, Whyte Avenuen gora eta behera zein jatetxe hautatu (turkiarra, etiopiarra, indiarra, greziarra…) eta gau laburreko eguna non amaitu ebaztea izan liteke Edmontoneko esperientziaren amaiera. Baina aurretik, bizipozez zipriztindutako txokoetan barneratzea hobe.
Art Gallery of Alberta, Randall Stout estatubatuar arkitektoaren eraikina, Churchill plazan. (Visit Allbertia)
Tawatinâ zubiak cree hizkuntzatik hartzen du izena, harana esan nahi du. Tren metropolitanoa igarotzen da bertatik. (Thomas Roell | Getty Images)
HIRI BERDEA
Naturak famatzen du Edmonton bereziki bisitarientzat. Hiri handi gutxik dute horrelako altxor bat erdigunean: North Saskatchewan River ibaiak zeharkatzen du hiria, eta haren inguruan zabaltzen da Ipar Amerikako hiri barruko parke sare handienetako bat. River Valleyn 160 kilometro baino gehiagoko ibilbideak daude oinez, bizikletaz edo korrika egiteko. «New Yorkeko Central Park baino 22 aldiz handiagoa da», aldarrikatzen dute bertakoek… edo bertakotuek. Mundu guztitik etorritako dozenaka herritarren etxe bihurtu da hiria: indiar jatorrikoak, latinoamerikarrak, europarrak, noski, afrikarrak... Ezin ahaztu jatorrizko herriak, jakina. Walterdale zubitik hurbil dagoen parkeko tartean (11 River Lot), esaterako, arte indigena biltzen duen eremu interesgarria dago (ekaina da, gainera, historia indigenaren hilabetea Kanadan).
Bisonteak Elk Island Parke nazionalean. (Urtzi Urrutikoetxea)Old Strathcona ibaiaren hegoaldera hedatzen den auzune bohemio eta giroz betea da. (Visit Allbertia)
Neguak oso luzeak dira, eta maiatzean ere elurra egin izan du, handik egun gutxira tenperaturak hogei gradutik igotzeko. Baina udaberriaren amaieran elurra urtu eta belardietara berdea itzultzean, hiri osoak kanpora jotzen du: piknikak, kayak saioak, bizikleta ibilaldiak eta kontzertu txikiak nonahi ikus daitezke. Hiriaren erritmoa naturaren erritmoarekin sinkronizatzen da, eta hori da Edmonton berezi egiten duen lehen ezaugarria.
Naturak famatzen du Edmonton bereziki. Hiri handi gutxik dute horrelako altxor bat erdigunean: North Saskatchewan River ibaiak zeharkatzen du hiria, eta haren inguruan zabaltzen da Ipar Amerikako hiri barruko parke sare handienetakoa
Edmonton ‘Festival City’ izenaz ere ezaguna da. Udako hilabeteetan jaialdiak etengabe gertatzen dira: musika, antzerkia, gastronomia, artea eta kale ikuskizunak. Giroa alaia eta irekia da, eta bisitariak berehala integratzen dira tokiko bizitzan. Hain iparrean egonik, gau laburren sasoia da, egun argiak hamarrak baino beranduagora arte eutsi eta handik ordu gutxira egunsentia dagoen unea. Horrek jaialdi giroa are bereziago bihurtzen du. Kaleak musikariz, artisau azokez eta food truck koloretsuz betetzen dira. Kanadako kulturaren eta aniztasunaren festa handi bat bihurtzen da Edmonton udako egunetan.
ARKITEKTURA FUTURISTA
Edmonton ez da natura hutsa. Aire zabalak hartzen ditu edmontondarrak eta bisitariak udan, baina iparralde hotzean jarraitzen du: eguraldi ona ez dago bermatuta, eta udatik kanpo ere bertan bizi behar dute herritarrek. Hala, ez da harritzekoa barne-ekintzetarako berariaz prestatutako hiria izatea. Aurki litezkeen harribitxietan ospetsuena eta, hasiera batean, aparteko interesik sortuko ez ligukeena, West Edmonton Mall da: inoiz munduko merkataritza gune handiena izan omen zen, eta egun “titulu” hori galdu badu ere, handienen artean jarraituko du. Merkataritza-gune bat bai, baina erosketak egitetik askoz haratago doana: estalitako aisialdi parke erraldoia da, besteak beste, ur parke handi bat, izotz-pista eta atrakzio-parkeak ditu.
Arkitekturaren zaleentzat ezinbestekoa da Muttart Conservatory bisitatzea: piramide formako negutegi futuristak dituen lorategi botaniko honetan munduko klima askotako landareak ikus daitezke. Eguzkia sartzean, hiriko skylineak kolore epelak hartzen ditu eta hiriak modernitatearen eta naturaren arteko harmonia erakusten du.
K-Days hiriko jaialdia uztail amaieran izan ohi da. (Visit Allbertia)Old Strathconako Farmers Market nekazari-azokaren ondoan Ocuda San Miguel artista espainiarrak egindako murala. (Visit Allbertia)
ELK ISLAND
Albertako parke nazional ezagunena Banff da; Mendi Harritsuek hemen hartzen duten tartea da. Edmontondik urrun samar daude mendiak, baina basabizitzaz gozatzeko, badago beste aukerarik oso-oso gertu, hiritik ordu erdi pasatxora dagoen naturagune ikusgarri batean: Elk Island National Park. Parke nazional honek Kanadako ordokietako paisaiaren edertasuna biltzen du, eta bisonte basatiak ikusteko lekurik onenetakoa da. Eta horiekin batera, hegazti ugari, kastoreak dikeak egiten eta, zelan ez, parkeari izena ematen dioten altze erraldoiak.
Elk Island parke nazionalak Kanadako ordokietako paisaiaren edertasuna biltzen du, eta bisonte basatiak ikusteko lekurik onenetakoa da
Udan, oinezko ibilbideez, kayakaz eta faunaz gozatzera dator jendea, eta gauetan ere aparteko txokoa da. Izan ere, ‘Dark Sky Preserve’ izendatu dute, hau da, ‘argi-kutsadurarik gabea’. Ondorioz, izarrak behatzeko leku paregabea da; Esne Bidea argi eta garbi ikusteko, adibidez. Bide batez, egunak laburtu eta hotza nagusitzen den baina hala ere argiak diren egun horietan, bestelako fenomeno are ahaztezinago baterako lekua da: aurora borealez gozatzekoa.
River Valleyko leku esanguratsuenetakoa Muttart kontserbatorioa da, kristalezko lau piramidek biltzen duten jardin botanikoarekin. (Visit Allbertia)
Saskatchewan ibaiaren meandroa, parkea eta basoa bi aldeetan dituela. (Visit Allbertia)
ALTXOR BERRIA
Vancouverrek, Montrealek eta Torontok jasotzen dituzte bisitari gehien Kanadan. Albertan bertan, Calgary eta Mendi Harritsuetara etortzen dira turista asko. Edmonton oraindik aurkitu gabeko altxorra da askorentzat, milioi bat lagun baino gehiago dituen hiria izanagatik. Horrek bere xarma handitzen du: benetakotasuna, jende atsegina eta erritmo lasaia. Hiri handia da, baina ez da estresagarria; modernoa eta naturari lotua da era berean, eta nortasun kulturala informaltasun handiz lantzen du. Udan bizi-bizirik dago: eguzkiak, jaialdiek, parkeek eta naturak esperientzia osoa sortzen dute. Kanadako espiritua bizitzea da; klima gogorrenen lekuan une ederrenei zuku guztia ateratzea, alegia.
Gida praktikoa
NOLA HELDU
Ipar Amerikako distantzia luzeekin, hegazkinez iristea da ohikoena. Kanadako hiri garrantzitsuenekin dauka konexioa, baita AEB, Mexiko eta, Europan, Amsterdamekin ere. Calgaryk are hegaldi gehiago hartu ohi ditu, eta handik Edmontonera hegaldi labur batean, autobusez edo autoa alokatuta (3-4 ordu) heltzeko aukera dago.
MUGITZEKO
Ipar Amerikako leku gehienetan bezala, autoentzat pentsatutako hiria da Edmonton, baina ez da beharrezkoa Albertako hiriburua ezagutzeko. Garraio publikoaren aldeko apustua egin duen hiri moderno eta atsegina da; badira autobusak, tranbiak, tren lokala, eta bizikletaz ibiltzeko bide asko.
OSTATUA
Europako antzeko prezioak ditu, AEB baino merkeagoak, baina uda laburra daukanez, turista gehienak hilabete gutxian bertaratu ohi dira.