Oiartza Pampliega (Marko Ganuza)
gara-2026-03-24-Reportaje
Altzoazpi auzorako bidea. (Marko Ganuza)

Udaberriaz gozatzeko bideak, kondaira eta istorioen bila

Gure mendietako bideak kondairaz eta istorioz beteta daude. Batzuek errotutako ogibideak ezagutzera eramango gaituzte; beste batzuek, berriz, artelanak edota memoria historikoa gordetzen duten xendra natural bat erakutsiko digute. Unea iritsita, zein aukeratu?

Unibertso txiki honetan murgilduta, natura maite duten familia askoren hautua izaten da ibilbidean zehar haurren jakin-mina eta motibazioa piztea. Bideek gordetzen dituzten leku bitxi eta berezietara iristea, gustukoa izateaz gain, askotan erronka bilakatzen da. Horregatik, bost ibilbide aitzakiatzat hartuta, Euskal Herriko hainbat txokok kontatzen dituzten istorioak ezagutzera irtengo gara, estreinatu berri dugun udaberriaz gozatzeko. Jantzi botak eta goazen ibiltzera!

ALDUDEKO IBARRA, ZERRIEN PARADISUAN

Aldudeko ibarrean, Nafarroa Beherearen bihotzean, paisaia ikusgarriak aurkituko ditu bisitariak. Ingurune eta naturaren kontserbazio bikaina eta euskal zerri arrazaren (Kintoa) berreskurapena oso presente daude bailara honetan. Horiek biak deskubritzeko, ezinbestekoa da euskal zerriaren ibilbide pedagogikoa egitea.

Aldudeko ibarreko paisaiak. (Marko Ganuza)

Euskal zerriaren ibilbide pedagogikoa. (Marko Ganuza)

Pierre Oteiza, kintoa zerriak gidatzen. (Marko Ganuza)

Pierre Oteiza etxetik abiatzen den bi kilometroko ibilbide didaktikoak Kintoa zerri zuri-beltza gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen die haurrei, txerria bera protagonistatzat duten karteltxoei jarraituz. Aske hazten diren animalia hauek euren ingurune naturalean beha daitezke ibilbidean zehar, mendi hegalean gora egin ahala barreiaturik dauden haztegi-etxolen inguruan.

Ibilbidearen amaiera haurrentzako saria izan dadila, adibidez, Pierre Oteizaren etxean hamaiketako berezia hartuz: taloak edo urdaiazpikoz betetako kukurutxoak bertako sagastietako muztioaz lagunduta

Ibilbide zirkular honek, gainera, Aldudeko ibarraren ikuspegi ederrenak eskaintzen ditu. Sakon arnasteko eta isiltasuna entzuteko unea da.

Ibilbidearen amaiera haurrentzako saria izan dadila, adibidez, Pierre Oteizaren etxean hamaiketako berezia hartuz: taloak edo urdaiazpikoz betetako kukurutxoak bertako sagastietako muztioaz lagunduta.

San Juan Xar leizerako sarrera. (Marko Ganuza)
Aranibar jauregi-dorretxea. (Marko Ganuza)
Landondo Arrata ibaiaren ondoko paseoa. (Marko Ganuza)
SAN JUAN XAR, ANTZINAKO MITO ETA KONDAIREN ATZETIK

Euskal geografiako herri txikiek gordetzen dituzten kondaira eta sinesmen zaharrak zenbatezinak dira; gutxi dira, ordea, iruditeria herrikoian San Juan Xarren kondaira bezain errotuta daudenak. Nafarroako Bortziriak bailararen magalean, edertasun handiko erreserba natural baten bihotzean, leku mistiko bat dago, sinesmen pagano eta erlijiosoen mugen artean galdurik: San Juan Xar artzainaren leizea.

Arantzako antzinako arrain-haztegitik abiatuta, hiru kilometro inguruko ibilbidea egin daiteke, Arantza eta Igantzi artean, antzinako galtzadari jarraituz. Izokinak bere bidea bilatzen duen Landondo Arrata ibaiaren beraren ondotik ibiliko gara, San Juan Xar kondairaren arrastoari jarraituz. Bidea, Aranibar jauregi-dorretxearen ondotik igaroz, haritz, lizar eta ehun urteko gaztainondoen benetako baso-bainu bilakatzen da. Forjazko ate batek leku mistiko honen erraietara sarbide zuzena ematen du, eta babestutako pago-lizar naturagunean barneratuko gara.

Ez ahaztu hiru iturburuetako ura edatea urte osoan minik batere ez izateko. Jarraituko al dugu sinesmen zaharrak elikatzen eta biziberritzen, urtean behin besterik ez bada ere?

Tradizioak agintzen duen bezala, harri bilakatutako artzainari bisita egingo diogu eta, gure gogoetan kondairaren oiartzuna nagusitzen den bitartean, ibaiaren ertzera ematen duten eskailerak jaitsiko ditugu, hamaiketakoa egiteko. Oraingoan, ez ahaztu hiru iturburuetako ura edatea urte osoan minik batere ez izateko. Jarraituko al dugu sinesmen zaharrak elikatzen eta biziberritzen, urtean behin besterik ez bada ere?

Marques de Riscal upategia.
‘Mahastien artean' ibilbideko bide- seinaleak. (Marko Ganuza)
Eltziego begiratokiko bistak. (Marko Ganuza)
MAHASTI ARTEAN, ARABAKO ERRIOXAKO PAISAIAZ GOZATZEKO

Neguaren lozorrotik atera bezain laster, Arabako Errioxako mahastiak udaberri-soineko berdea jantzita topatzea ikuskizun zoragarria da. Paisaiaren edertasuna Toloño mendilerroaren gailurretatik Ebro arroilaren lurretara zabaltzen da, mahasti artean paseatzera gonbidatuz. Arnasa sakon hartu eta bete usainez; ardoaren eta upategi handien lurraldean gaude.

Mahastiez gain, bidean topatuko ditugun San Bizente eta San Roke begiratokietatik ikusmiraz goza daiteke

Mahasti artean paisaia-ibilbideaz gozatzeko Eltziego herriko hiribildutik abiatuz zazpi kilometroko bide zirkularrari jarraitu behar zaio. Mahastiez gain, bidean topatuko ditugun San Bizente eta San Roke begiratokietatik ikusmiraz goza daiteke. Baina, batez ere, ezin da aukera galdu Marques de Riscalen Ardoaren Hiriko eraikin abangoardistaren siluetari argazkiak ateratzeko.

Eltziego hiribilduan bukatzen da paisaia-ibilbidea, baina ez dira oharkabean pasatuko barroko estiloko eraikinak; esaterako, Ladrón de Guevara delakoa. Hortaz, paseatzen jarraitu eta bertako ondarea deskubritu, zeure erritmora, Barrihuelo okindegiko opil eta gozoen artean bukaera aurkitu arte.

ALTZOKO HANDIA ETA BIZITZA HARRIGARRI BATEN SORLEKUA

Sarritan, gure historiako pertsonaiak anonimatuan gordeak egoten dira, harik eta liburu edota film batek ahanzturaren bake horretatik ateratzen dituen arte. Halaxe gertatu da Gure Handie edo Altzoko Handia ezizenez ezaguna den Miel Joakin Eleizegiren bizitza eta historiarekin. XIX. mendean bizi izan zen Europako gizonik garaiena. Eta ibilbide eder baten bidez Altzoko Handia ezagutzeko aukera dagoela esaten badizugu?

Altzoko landa paisaia. (Marko Ganuza)

Juanito Lopek egindako harrizko tailla. (Marko Ganuza)

Salbatore eliza Altzoazpi auzoan. (Marko Ganuza)

Handiaren Ibilbideak baserriz zipriztindutako muino berdeen paisaian zehar garamatza, haurrentzako ezin aproposagoa den bidetik. Handia ezagutzen hasteko, herriko plazatik abiatuko gara, haren sorlekuraino iristeko: Ipintza baserria. Horren ondoan, Joakin Eleizegiren 63 zenbakidun abarkaren harrizko tailla ikustean, harrituta geratuko gara. Ezingo diogu geure zapatillaren neurriarekin alderatzeko tentazioari eutsi.

Joakin Eleizegiren 63 zenbakidun abarkaren harrizko tailla ikustean, harrituta geratuko gara. Ezingo diogu geure zapatillaren neurriarekin alderatzeko tentazioari eutsi

Altzoazpi auzora helduta, Salbatore elizaren fatxadan erretoreak Handiari hartzen zizkion neurriak zizelkatuta ikusten dira, eta, berriz ere, txundituta geratuko gara. Itzulia aldapan gora egiten da Santa Barbara ermitaraino. Bertan geldiunea egin beharko dugu, nahitaez, Handiaren neurri naturalean egindako tailla miresteko. Irudi horren ondoan jarrita txiki ikusten du edonork bere burua. Aho bete hortz geratzeko moduko bukaera da.

Altzoko Handiaren jatorrizko abarkak eta eskularruak Donostiako San Telmo museoan daude ikusgai. Joan aurretik, ordea, ostatuan Tolosaldeko herri txikiek eskaintzen dituzten zaporeez gozatzea gomendatzen dizugu.

ZUGASTIETA, BIZKAIKO MEATZARITZAREN MEMORIARI SOA

Euren burua berrasmatzen dakiten lekuak orainaldira egokitzen direnak izaten dira. Horren adibide da Trapagaran haranaren bihotzean dagoen Zugastieta herria: XIX. mendean meatzaritza gune garrantzitsua izan zen, handik ateratzen zen burdina Sestaoko Labe Garaietara eramaten zelako. Gaur egun, berriz, aisialdirako esparru ezagun bihurtu da inguruan dagoen parkeari esker. Bilbo inguruko industria-ondarea ezagutzeko leku aproposa ere bada.

Parkotxa aintzira. (Marko Ganuza)

Parkotxa aintzirako begiratokia. (Marko Ganuza)

Zugastieta parkean, duela hamarkada batzuk meatzariek pikotxaz eta dinamitaz landutako paisaia harrigarrian murgiltzen da bisitaria. Burdinaren presentzia salatzen duen kolore gorrixka belardien berdearekin nahasten da han-hemenka, paisaiaren orografia kaotikoan mendi zulatuak eta urez betetako antzinako meategiak nagusitzen diren bitartean. Ibilaldiak geldiune interesgarri ugari eskaintzen ditu: antzinako Mame eta Carmen meategiak, Parkotxa eta Blondi aintzirak eta, arteaz gozatzeko, aire zabaleko Meatzalde Goikoa museoa.

Antzinako meatze-herria ezagutzeko unea da. Monumentu-multzo izendapena du eta Bizkaiko meatzaritzaren iragana gogora ekartzen duen toki bakanetakoa da

Ibilbide zirkularra denez, Zugastietako kaleetan bukatzen da paseoa. Antzinako meatze-herria ezagutzeko unea da. Monumentu-multzo izendapena du eta Bizkaiko meatzaritzaren iragana gogora ekartzen duen toki bakanetakoa da. Azken urratsak kale nagusira eraman gaitzala, bertako tabernetan hain preziatuak diren babarrunak jatera.

Paisaiekin txunditu, ondarea miretsi, jakin-mina ase... bide bakoitzak bere ekarpena egiten du. Orain aukeratzeko unea iritsi da eta udaberriaz gozatzen hastea besterik ez dugu.