Michelangelo Kapera Sistinoan, ‘Azken Judizio’ xelebrea
Azken asteetan Kapera Sistinora hurbildu direnek ezin izan dute ikusi jatorrizko ‘Azken judizioa’, Michelangeloren artelana «garbitzen» ari direlako. Freskoa geruza zuriz estaltzen joan da eta hori kentzen dabiltza. Dena den, metodo bitxi bat asmatu dute bisitariek margolanaz goza dezaten.

Birgaitze prozesua hasi zenetik, otsailaren hasieran, ‘Azken judizioa’ aldamio handi batez estalita egon da. Barruan hogeita hamar zaharberritzaile inguru aritu dira lanean. Ez omen da zeregin konplikatua izan, baina, hala ere, olana bat jarri behar izan dute obraren gainean babes neurri gisa. Olana, nolanahi ere, berezia da, Michelangelok margotutako eszenaren zati batzuk «bereizmen handian» erreproduzitzen dituelako. Kapera Sistinoko «harribitxia» erabat ez ezkutatzeko modu bat da.
Horregatik, Vatikanoan aita santuak aukeratzen dituzten konklabeen eszenatoki ikusgarrira azkenaldiotan hurbildu direnek ‘Azken judizioa’ era xelebrean ikusteko aukera izan dute.


Paolo Violini zaharberritze laborategiko zuzendariak azaldu duenez, nahiz eta kaperaren gainerako zatiak gauez garbitu dituzten aldian-aldian, ‘Azken Judizioa’-k kanpaina espezifiko bat eskatzen zuen, egileak sortutako jatorrizko koloreak berdindu dituzten substantzia arraroak pilatu direlako.
Zehazki, «estalki zurixka lauso bat» da, aire mugimenduek garraiatutako mikropartikulek eragindakoa, argi-ilunaren kontrasteak arindu eta freskoaren bizitasun kromatikoa gutxitzen dituena. Esku hartzearen helburua da, azken finean, zakar horiek ezabatzea eta jatorrizko «kalitate kromatikoa eta argiaren kalitatea» berreskuratzea. Gainera, jarduketa horri esker, metatutako geruza ezabatzeaz gain, «obraren forma eta espresio konplexutasuna erabat lehengoratu» ahal izango da.
Azken errestaurazioa Gianluigi Colalucciren zuzendaritzapean egin zen 1994an. Esku hartze eztabaidagarria izan zen, kolore biziak berreskuratu bazituen ere, historialariak zatitu egin zituelako
Freskoak 180 metro karratu inguru hartzen ditu, 1536. eta 1541. urteen artean egin zen Klemente VII.a aita santuaren enkarguz. Mendeetan zehar, garbiketa eta konpontze lanak egin dizkiote.
Azken errestaurazioa, Barbara Jatta Vatikanoko Museoen zuzendariaren esanetan, Gianluigi Colalucciren zuzendaritzapean egin zen 1994an. Esku hartze eztabaidagarria izan zen, kolore biziak berreskuratu bazituen ere, historialariak zatitu egin zituelako.

Harrezkero, urte asko igaro dira, eta, ondorioz, margolanaren irudiak -epizentrotik biziak eta hilak epaitzen dituen Jesu Kristo boteretsua, aingeruak eta salbatuen zein kondenatuen arimak- tonalitatea galtzen joan dira, poliki-poliki. Horregatik, jatorrizko itxura berreskuratzeko, Egoitza Santuko zaharberritzaileen taldeak prozesu espezifikoa diseinatu zuen, aldamioaren ainguraketarekin hasi zena. Ez zen lan erraza izan, kapera artearen historiako altxorra baita. Ondoren, argazkien bidez dokumentatu behar izan zen freskoaren egoera.
Garbiketa izan da prozesuaren hurrengo urratsa. Geruza zuria garbitu behar izan da; berez, kaltzio laktatoa da, espazioa gutxi aireztatzearen eta milioika bisitarien arnasketaren ondorioz margolana estali duen gatz mota bat. Horretarako, Vatikanoko adituek gainazala garbitu dute, pintzelekin ur desionizatua aplikatuz japoniar paperezko geruza bikoitz baten gainean, pigmentuak babesteko erabili ohi dena. Eta, pixkanaka-pixkanaka, obra berpiztuz joan da. «Hondartzako itsasoko gatza astintzen duzunean bezala da», azaldu du Jattak.

Kapera Sistinoan, begiratzen duzun lekura begiratzen duzula, altxor bat azaltzen da. Haren hormetan, Botticelli edo Ghirlandaio maisuek, besteak beste, Jesusen eta Moisesen bizitzako eszenak margotu zituzten. Eta 1508an Julio II.a aita santuak Michelangelori enkargu bat egin zion: kaperako gangan Genesia, munduaren jatorria, erreproduzitzea.
Baina hori ez zen izan Michelangelok Vatikanoko kaperan egindako lan bakarra. Izan ere, ia hiru hamarkada geroago, 61 urte zituenean, beste aita santu batek kontratatu zuen, Paulo III.ak zehazki, munduko bizitzaren amaiera birsor zezan: ‘Azken Judizioa’.

Bost urte behar izan zituen osatzeko, 1536tik 1541era. Emaitza ikaragarria izan zen; hainbesteraino, non esaten baita aita santua bera belauniko erori zela jainkozko barkamenaren eske, pintoreak gogora ekarritako eszenen zorroztasunaren aurrean.
Erdian, zeru garbi eta urdina duen mundu baten gainean, Kristo epaia ematear dago, eskuineko besoa altxatuz inguruko arimen zalapartaren gogoak baretu nahian bezala. Haren ondoan, dozenaka santu, dohatsu eta jainkozale daude epaia lasai-lasai noiz jasoko zain. San Pedrok giltzak ditu eta San Bartolomek bere larruazala. Behean, aingeruak hildakoak esnatzen epaiketara eramateko. Batzuk zerura joango dira; beste batzuk, aldiz, infernura eramango dituzte deabruek.
Guztiek, hala ere, Vatikanoaren bihotzean jarraituko dute, lehen bezain dramatiko, baina, seguruenik, distiratsuago.
