Nuria López Torres
gara-2026-05-27-Reportaje
Ilunabarra Kaniako veneziar portuan. (Nuria Lopez Torres)

Kreta, minotauroaren uhartea

Harri eta argizko palinpsesto baten antzera azaleratzen da itsasotik Kreta. Mendi latz eta lautada emankorren artean, kultura minoikoa jaio zen bertan. Gainera, Minotauroaren eta Knososko labirintoaren uhartea ere bada. Historiaren eta kondairaren arteko muga nahita bihurtzen da lauso Kretan.

Historialari askok Europako lehen zibilizazio aurreratutzat jotzen dute zibilizazio minoikoa, eta, beraz, Mendebaldeko kulturaren oinarritzat. Kreta bere epizentroa izan zen K.a. 3000. eta 1450. urteen artean; Grezia kontinentalaren jatorrizko ama, esparru erabakigarrietan eragina izan zuena, hala nola erlijioan, arkitekturan eta antolaketa ekonomiko zein komertzialean.

Kretako hiriburuan dagoen Herakliongo Arkeologia Museoko bisitariak nekez imajina dezake bere ibilbidea bidaia bat izango dela ondorengo zibilizazioen oinarri izan zen kultura liluragarrian zehar. Greziako museorik garrantzitsuena da, eta munduko arte minoikoaren bildumarik onena hartzen du; beraz, denbora eta prestasuna eskatzen ditu.

Kaniako itsas pasealekua. (Nuria Lopez Torres)

Spinalonga uhartearen ikuspegia. (Nuria Lopez Torres)

Sugeen jainkosa misteriotsua, bitxi ederrak edo taurokatapsiari lotutako piezak -antzinako praktika akrobatiko eta errituala, mugitzen ari zen zezen baten gainera jauzi egitean zetzana- Europako lehen zibilizazioan barneratzen gaituen bidaia honetako harribitxi batzuk dira.

Minotauroaren kondairak Knosos jauregi ospetsuaren bazterrak zeharkatzen ditu. Eraikin multzoa kultura minoikoko garrantzitsuena da. Egitura konplexuak, gelen ugaritasunak eta zutabe zein korridoreen aberastasunak pentsarazi dute jauregi multzo erraldoi honek Kretako labirintoaren mitoa inspiratu ahal izan zuela. Bertan giltzapetu zuten, Minos erregearen agindupean, erdigizon erdizezen omen zen izakia, Pasifae erreginaren eta zezen sakratu baten arteko elkartzearen ondorioz sortua.

Kritsa herrixkako emakume baten erretratua, etxe atarian eserita. (Nuria Lopez Torres)

Arrantzale bat sarea konpontzen Herakliongo portuan. (Nuria Lopez Torres)

Zezena kultura minostarreko animalia totemikoa izan zen, bere erritual eta ospakizunetan presente zegoena. Hainbat diziplina artistikotan agertzen da, boterearen, emankortasunaren eta bizitzaren sinbolo gisa. Bere indar sinbolikoak denbora gainditzea lortu du eta, eraldatuta, Europa hegoaldeko zenbait tradiziotan bizirik dirau, jatorrizko karga erritual eta mitikoari eutsiz.

KANDIAKO ERRESUMA

Baina Kreta ez zen jatorri mitiko horretan gelditu. Uharteak bere burua berrasmatzen ikasi zuen etorrera berri bakoitzarekin: mizenikoak, erromatarrak, bizantziarrak, veneziarrak eta otomandarrak elkarren segidako memoria geruzak ehuntzen joan ziren. Meskitak izandako elizek, oraindik itsasoa zaintzen duten gotorlekuek, azentuak eta zaporeak nahasten dituzten hiriek topaketa, gatazka eta mestizajeen historia kontatzen dute. Milaka urtez idatzitako liburu bat irakurtzea da Kretan bidaiatzea. Bertan, kapitulu bakoitza aurrekoari gehitzen zaio, ezabatu gabe, eta nortasun kretatarra -harroa, abegikorra eta bere lurrari sakonki lotua- Europako kontakizun kultural aberats eta liluragarrienetakoa bihurtzen da.

Itsasontzi bateko murkoak Koulesko gotorlekuko museoan, Heraklionen. (Nuria Lopez Torres)

Kretatik igaro ziren kultura guztiek arrasto esanguratsua utzi bazuten ere, veneziarren garaia –Kandiako Erresuma izenez ezaguna– izan zen distira berezia izan zuena. Bizantziar Inperioa erori ondoren, 1205etik 1669ra iraun zuen aro horrek uhartearen bilakaera historiko eta kulturala markatu zuen.

KANDIA, GOTORLEKU HARRO

Veneziarren mendeko aroan, Kretak ikasi zuen itsasoari beste begi batzuekin begiratzen. Hala, XIII. mendetik aurrera, Veneziako Errepublikak uhartearen gainean bere itzala zabaldu zuenetik, portuak atzerriko itsasontziz bete ziren eta hirien inguruan harresiak altxatzen hasi ziren harrizko eraztunak balira bezala. Kandia -egungo Heraklion- gotorleku harro bihurtu zen, eta bertan Mediterraneoaren pultsuak markatzen zuen egunerokotasunaren erritmoa.

Knosos jauregiaren zati baten ikuspegia. (Nuria Lopez Torres)

Herakliongo Cooking With Love jatetxeko jabea eta zerbitzaria. (Nuria Lopez Torres)

Veneziak merkataritzaren ordena eta administrazioaren diziplina ekarri zituen. Kale harriztatuak, iturri publikoak, armategiak eta logiak botere berri baten ageriko zeinu gisa sortu ziren, baina baita espazioan bizitzeko modu berri batena ere. Uhartea Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko zubi bihurtu zen: bertan, espeziak, oihalak eta ideiak eskuz aldatzen ziren, merkatuetan hizkuntzak bezala.

Hala ere, veneziar aztarna ez zen soilik harri eta txanponezkoa izan. Tailer eta monasterioetan arte berezia loratu zen: Kretako pintura eskola, bizantziar espiritualtasuna Errenazimentuko perspektibarekin eta sentiberatasunarekin lotzen jakin zuena. Elkartze emankor horretatik sortu ziren urrutira bidaiatuko zuten ikono eta pintzelak, baita El Greco ere, lurralde mestizo honetako seme ospetsua.

Jainkoen eskaintzak Spinalonga uharteko baseliza txikian. (Nuria Lopez Torres)

Herakliongo Koules veneziar gotorlekuaren ikuspegia. (Nuria Lopez Torres)

Veneziarren menderaldia gogorra izan zen, eta gatazkak ere gertatu ziren, baina legatu iraunkorra utzi zuen. Veneziako Kreta erresistentziaren eta sorkuntzaren artean tenkatutako uharte bat izan zen, non atzerriko inposaketak, paradoxikoki, nortasun kulturala aberastu zuen. Halaber, oraindik ere harresietan zein argitasunean antzematen den memoria bat utzi zuen.

Milaka urteko olibondoak Kretako geografia osoan zehar hedatzen dira. Munduko zaharrenetakoak direla uste da. Vouveseko olibondoak, adibidez, bizirik dirau, zenbait inperio eta zibilizazio gaindituta

Bere portutik Mediterraneora begira dagoen hiri veneziar horietakoa da Kania, bisitarien harridurarako arratsaldero urre kolorez tindatzen den itsasargia alboan duela, beti erne. Kretako beste hiri batzuek bezala, Kaniak ere bere izaera definitzen duten sedimentu kulturalen geruzak pilatzen ditu, bata bestearen gainean, herentzia partekatu baten arrasto sakona sentitzeko ezinbesteko leku bihurtzeraino.

Festoseko diskoa, Herakliongo Arkeologia Museoan. (Nuria Lopez Torres)
MENDIETAKO URRE BERDEA

Landa errepide bihurgunetsuak milaka olibondoz estalita daude alde bakoitzean. Tapiz berde batek estaltzen du paisaiaren isiltasuna, eta ahuntz talde batzuen joan-etorriek bakarrik apurtzen dute isiltasuna, bidea alde batetik bestera gurutzatzen dutenean gizakiak presaka dabiltzala konturatu gabe.

Bere portutik Mediterraneora begira dagoen hiri veneziar horietakoa da Kania, bisitarien harridurarako arratsaldero urre kolorez tindatzen den itsasargia alboan duela, beti erne

Milaka urteko olibondoak Kretako geografia osoan zehar hedatzen dira. Munduko zaharrenetakoak direla uste da. Vouveseko olibondoak, adibidez, bizirik dirau, zenbait inperio eta zibilizazio gaindituta. Uharteko olibondoaren laborea K.a. 3500. urtekoa da, aldi minoikokoa; beraz, olioa Kretaren eta bertako biztanleen DNAren zati bat da, dagoeneko. Zibilizazio bakoitzaren ekarpenarekin aberastuz joan den jakinduria oinarri ekonomiko eta kulturala izan da antzinatik.

Agios Nikolaoseko hondartza bateko olibondoen arteko ikuspegia. (Nuria Lopez Torres)

Kretako iparraldeko kostaldearen panoramika. (Nuria Lopez Torres)

Bakearen eta adiskidetzearen ikurra, jakinduriarena eta garaipenarena, ugaritasunarena eta oparotasunarena, bizitzarena eta bizitza luzerarena, urre berdea mugak gainditzen dituen bizitzeko modu baten sinboloa eta irudikapena da.

Kostaldeko zalapartatik urrun, mendiko herriak dira lasaitasunaren eta isiltasunaren jabeak. Hemen, erritmo pausatuak markatzen dute denbora modu naturalean.

Kritsa herrixkako oliba-olio botilak. (Nuria Lopez Torres)
Kaniako veneziar portuko upategiak. (Nuria Lopez Torres)
PIKONDOAK

Goizeko lehen orduetan, etxeetako patioetako pikondoek usain gozoa askatzen dute eta katuak, berriz, bugainbileen itzaletan etzaten dira; bitartean, Maria andreak bere pikondoaren uztapikuak jaso eta etxeko ate zurituaren ondoan eserita dagoen aurreko auzokoari oparitzen dizkio.

Hegoaldeko hainbat herri estaltzen dituzte etxe zuri horiek, Mediterraneoko unibertsoari lotutako kultura eta bizitzeko moduarekin identifikatzen direnak. Mahats mordoak teilatu eta terrazetatik zintzilik daude, bisitaria bere fruituez gozatzera gonbidatuz eta, bide batez, gogorarazteko lurrak milaka urteko beste fruitu bat eskaintzen duela, nondik gizakiak urre likidoa ateratzen jakin baitu.

Agios Nikolaos hiriko portuaren irudia, gauez. (Nuria Lopez Torres)

Merkatu baten irudia. (Nuria Lopez Torres)

Beroak atsedenik ematen ez duenean, ez dago plan hoberik mendiko taberna tipiko batean olibondo baten gerizpean freskatzea baino, gero Sarakinako haitzarterantz jarraitzeko. Bidezidor bihurgunetsu batek arroka malkartsuz osatutako pareta ikusgarrietan zehar eramaten du bisitaria. Mendi ibiliak eta natura maite dituztenek bake gunea aurkituko dute bidean. Seguruenik, ehun eta berrogeita hamar metrotik gorako altuerako pareten arteko bidaia ahaztezin bihurtuko zaie; are gehiago errekaren hotsa gidari badute.

Gida praktikoa

Non jan

Cooking With Love jatetxea Heraklionen (emakumeek egindako etxeko sukaldaritza kretatarra). Bezero gehienak bertakoak dira. Janari goxoa eta oparoa.

Noiz joan

Kretara joateko garairik onena maiatza eta ekaina edo iraila eta urria dira. Uztaila eta abuztua oso beroak dira, eta baliteke uharteko zenbait tokitan turismo gehiegi egotea.

Zer ikusi

Herakliongo Arkeologia Museoa

Knosos jauregia

Rethymonon hiria. Hiri veneziarra da, uhartearen iparraldeko kostaldean kokatua, Heraklion eta Kania artean.

Kritsa herrixka

Spinalonga uhartea. Europako azken legenardunentzako ospitalea izan zen. Kretako ipar-ekialdean dago.

Sarakinako haitzartea.