Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu.
Diego COBO
Serrano glaziarra. (Diego COBO)
Txileko Patagonia, murgiltze basatia
Puerto Natales da Paineko Dorreek koroatzen duten unibertsoan sartzeko atea. Glaziarrak, abentura eta fauna nonahi, Txileko Patagoniak murgiltze basati batera gonbidatzen gaitu.
Haizeak etengabe jotzen du munduaren akaberan. Hori da, hain zuzen, Txileko hegoaldea zapaldu eta lau urtaroak egun berean gertatzen direla ikustean sortzen den lehen inpresioa. Baina meteorologia bitxi hori ere bada esploratzaileek mendez mende menderatu nahi izan dituzten lurren xarma.
Txileko Patagonia Andeek eta Ozeano Bareak zaintzen duten lurralde zabala da, eta hango biodibertsitateak udaberrian egiten du eztanda. Neguaren amaierak argi ordu gehiagori ematen die bide, eta lurraldeko biztanle urrien bizitzak –kilometro karratuko biztanle bakar bat doi-doi– eguneroko pultsua berreskuratzen du.
Ultima Esperanza fiordoko ur-jauziak. (Diego COBO)
Turrusta Paine ibaian, Laguna Amargan (Paineko Dorreak). (Diego COBO)
Horietako asko sakabanatuta bizi diren arren, Magallaes eskualdeko nukleo garrantzitsuenak dira Punta Arenas eta Puerto Natales, eta haietatik bidaiariak eremu ikusgarri batean barneratuko dira, beren azken helmugara iristeko: Paineko Dorreak.
Hainbat jarduera interesgarri aurkituko ditugu, hala nola Etherh Aike artisau herrira bisita, museo historikoa, arkumea eta itsaskiak dastatzeko jatetxeak edota Last Hope destilategian ginebra egitea
Baina «munduko zortzigarren mirarira» iritsi aurretik, Puerto Natalesen geldialdi bat egitea merezi du; izan ere, XX. mendearen hasieran, Alberto Maria de Agostini misiolariak leku honetako edertasun naturalak aditzera eman zituenetik, polo turistiko bitxia bihurtu baita. Hainbat jarduera interesgarri aurkituko ditugu, hala nola Etherh Aike artisau herrira bisita, museo historikoa, arkumea eta itsaskiak dastatzeko jatetxeak edota Last Hope destilategian ginebra egitea; baina, egiazki, turistak natura gosez iritsi ohi dira hona.
Ontziralekua Perales estantzian. (Diego COBO)
Puerto Natalesen, ordea, historikoki jatorrizko herriak bizi izan ziren lurrak menderatzeko ahaleginaren ikurrak daude oraindik, besteak beste, Puerto Borieseko pabiloi erraldoiak eta ontziralekua. Itsaso izoztuaren ertzean, ardi industriaren bultzatzaileek XX. mendearen hasieran eraikitako hozkailu-pabiloi erraldoiak daude. Izan ere, Patagoniako orduko aurrerabide ametsak artaldeetan eta Suaren Lurraldea Ustiatzeko Elkartean oinarritu ziren.
Elkarte horrek haragia, artilea, larruak eta aitzindarien istorioak esportatu zituen. Instalazio horietan –egun, kutsu viktoriarreko The Singular Patagonia izeneko museo ikoniko eta hotela– 180.000 ardi prozesatu eta mila tona ardi haragi biltegiratzen ziren esportaziorako.
Gautxo bat zaldi gainean. (Diego COBO)
FIORDOETARA BIDEAN
Puerto Boriesetik abiatzen dira Bernardo O’Higgins Parke Nazionala zeharkatzen duten itsasontziak. Naturagune honek hiru milioi hektareako espazio zabala du, berrogeita hamar bat glaziar barne.
Antzinako kawésqar herriak coihu zuhaitzen azalez egindako kanoetan egiten zuen bezala, zeharkaldia Señoret kanalean barrena egiten da, Guanaco uhartearen parean, Ultima Esperanza fiordoan sartu aurretik. Izena Juan Ladrillero nabigatzaileari zor dio, hark, 1558an Magallaes itsasartea aurkitzeko ‘azken itxaropena’ zelakoan, topatu baitzuen, hain zuzen, Fernando Magallaesek hainbat urte lehenago zeharkatutako sarbide bera.
Gautxo bat atseden hartzen. (Diego COBO)
Parkean zehar katamaranean nabigatzean, ubarroien kolonia handiak, 300 kilotik gorako itsas otsoak eta okil endemikoak ikusteko aukera dago. Gainerako guztia, hau da, gailurretatik jausten diren ur jauzi oparoak, huemularen presentzia iheskorra, elur iraunkorrak eta glaziar urdinkarak –Balmaceda, adibidez, mendiaren goialderaino igotzen dena–, itxura aldatzen doa argiaren arabera.
Denboraren poderioz, artilearen prezioa jausi egin zen eta ardi industriak indarra galdu zuen. Hori dela eta, milaka ardi bazkatzen ziren estantziek alternatibak bilatu behar izan zituzten
Zeharkaldia hasi eta hiru ordura, bidaiariak Magallaeseko baso euritsuko gune batean jaitsiko dira, coihu, lenga eta canelo zuhaitzen eta goroldio eta likenen artetik ibiliz Serrano glaziarraren oinetaraino iristeko. Parkeko glaziarrak Hego Patagoniako izotz zelai kontinentalen multzoan daude: planetako hirugarren masa izoztu handiena da. Klima aldaketa, ordea, erritmo bizian ari da glaziarrak jaten. Hala, turismoaren eta ingurumenaren arteko oreka aurkitzea ez da kontu erraza.
ESPERIENTZIA ESTANTZIETAN
Magallaes eskualdean estantzia izenez ezagutzen diren etxalde erraldoi ugari dago. Milaka hektareatako jabetzak dira, eta izena ingelesezko station hitzetik dator. XX. mendearen hasieran dute jatorria, enpresa britainiarrak ardi azienden merkatuan nagusi zirenean.
Denboraren poderioz, artilearen prezioa jausi egin zen eta ardi industriak indarra galdu zuen. Hori dela eta, milaka ardi bazkatzen ziren estantziek alternatibak bilatu behar izan zituzten. Instalazio horiek bidaiariei ateak irekitzen joan ziren, praktika zaharrak eta jarduera erakargarri berriak uztartzeko. Horrela, nekazaritza eta abeltzaintza lanetarako instalazioek bidaiariak erakartzen dituzte eta gautxoek, zaldiz mugitzen diren artzain horiek, beren trebetasunak erakusten dizkiete.
Las Torres hotela, Paineko Dorreetan.
Hori da Cerro Guidoren kasua. Estantzia horrek 150.000 hektarea ditu, eta Suaren Lurraldea Ustiatzeko Elkarteak erosi zuen XX. mendearen hasieran, lurrak enkantean jarri zirenean. Hedadura itzelak erostea izan zen, aurreko mendearen erdialdetik, herrialdeak Patagonia kolonizatzeko bultzatu zuen estrategia. Eta abeltzaintza izan zen horretarako bidea, etorkin britainiarrek Malvina uharteetan baliatutako metodoak errepikatuz.
Hor hasi zen, besteak beste, immigrante ingelesak, kroaziarrak eta euskaldunak erakarri zituen abentura. Cerro Guido, gerora, familia enpresa batek erosi zuen. Orain, gela ederrez gain, jatetxea hornitzen duten baratzeak, langileen etxeak, 30.000 ardiri ilea mozteko erabiltzen diren galpón edo estalpeak eta zalditegiak aurkituko ditugu. Hain zuzen, azken horietan zaldiz egiteko paseoak eskaintzen dira.
Balmaceda mendia, Bernardo O’Higgins Parke Nazionalean. (Diego COBO)
ALTXORRIK HANDIENA
Bidaiari guztien ezinbesteko helmuga da Paineko Dorreen Parke Nazionala. Haren fisionomia itzela dela eta, askok «munduko zortzigarren miraria» esaten diote, eta, era berean, alpinisten epikak ere ospe handia eman dio. Chris Boningtonek eta Don Whillansek 1963an Paineko Dorreen –«adarrak» ere deituak– Erdiko Dorrea konkistatu zutenetik, mendizaleak eta eskalatzaileak erromesaldian etortzen dira Unescoren Biosfera Erreserba honetara.
Bidaiari guztien ezinbesteko helmuga da Paineko Dorreen Parke Nazionala. Haren fisionomia itzela dela eta, askok «munduko zortzigarren miraria» esaten diote
Askotariko ibilbideak daude hemen, hala nola Dorreen oinarriko begiratokiko ibilbide ezaguna edota ‘W’ eta ‘O’ zirkuituak. ‘W’ ibilbidea lau egunetan osa daiteke 70 kilometroko bidea eginda eta leku enblematikoenetako batzuetatik igarota, besteak beste, Ascencio harana eta Grey glaziarra.
Artalde bat. Ardiak Patagoniako ikono dira. (Diego COBO)
Itsasontzi bat Puerto Boriesen. (Diego COBO)
‘O’ zirkuituak, berriz, distantzia bikoitza eta zailtasun handiagoa dakar. Adibidez, John Gardner igarobidea zeharkatzen da eta Dickson glaziarra bisitatu. Ibilbidean zehar, bidaiariak kanpinetan eta aterpeetan igaro ohi du gaua, baina parkearen 200.000 hektareako hedaduran hotelak eta jarduera ugari topatuko ditugu.
Horien artean 120 hegazti espezietako batzuk behatzea (kondorra, besteak beste) eta balkoi natural ederretara paseoak (Britainiar begiratokia, Frantziar begiratokia, Pehoekoa,…). Edertasuna nonahi dago: mendietatik amiltzen diren ur jauziak eta aintzira amaigabeak. Zorte apur bat izanez gero, gainera, guztiek desio duten irudia ‘harrapa’ dezake bidaiariak neneo, arbejilla eta calafate lore koloretsuez zipriztindutako mendi hegaletan, alegia, isiltasuna lagun duen pumarena.