Urtzi Urrutikoetxea (U.U. eta Getty Images)
gara-2026-04-23-Reportaje
Mackinac uhartea ezagutzeko modu asko dago: oinez, bizikletan, zalgurdian. Baina autoa debekatuta dago. (Michael Deemer | Getty Images)

Mackinac, autorik gabe gozatzen

Munduan gutxi dira autoen hotsik gabe bisita daitezkeen lekuak. Berehala nabari da, Venezian esaterako, gure egunerokoan txertatutako zarata hori falta dugula. Arraroa da hasieran, oso gozagarria berehala. Autorik gabeko uharte gutxi daude munduan. Mackinac da horietako bat.

Ameriketako Estatu Batuak, ezinbestean, autoaren kulturarekin daude lotuta. Road trip kontzeptu ezagunak herrialdean du jatorria, eta errepide luze eta auto handien irudiak etengabe ikusi izan ditugu hainbat filmetan. Eta hala ere, autoaren industriaren erdigune den Michigan estatuan, badago kotxerik gabeko txoko bat.

Negu gorria atzean utzita, udaberriko egun luze eta eguzkitsuek are gozagarriagoa egiten dute Mackinac bisitatzea. Denbora gelditu eta denok beste garai eta beste patxada batean ibili behar bagenu bezala da, uraren beste aldean zain dugun eguneroko azeleratutik irteteko gogoa pizteraino.

Bizikleta da Mackinac bisitatzeko ibilgailu nagusia. Hamahiru kilometro inguru da uhartearen itzulia. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Etxe viktoriar dotorez josita dago irla. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Mackinac uhartea AEBko leku berezienetako bat da, Huron aintziran kokatua. Hain zuzen, laku hori Aintzira Handien eskualdearen erdigunean dago, Michigan estatuaren iparraldean, Kanada daukala ekialdean, urrun. Mendebaldera, berriz, estatuari izena ematen dion Michigan aintzirarekin lotzen duen pasabide estua dauka -ezin itsasarte deitu, aintziren erdian, ur geza baita-. Haren gainetik igarotzen da 75 estatuarteko errepidearen zubia.

Duela ia 130 urtetik galarazita daude autoak. Horrek esperientzia oso berezi bihurtzen du. Uhartea ezagutzea, nolabait, denboran atzera egitea da

Uharte txiki honek badu berehala antzematen den ezaugarri bat: ez dago autorik. Ez da marketin trikimailu bat, ezta moda ekologiko hutsa ere; hemen, 1898az geroztik, ibilgailu motordunak debekatuta daude. Hau da, ia autoak asmatu eta berehala erabaki zuten irla honetan ez zituztela nahi, eta horrek leku hau ia museo bizidun bihurtu du. Horregatik, uhartera iritsitakoan bestelako eremu batean sartu zarela ohartzen zara. Ez da soilik paisaia ederrengatik edo arkitektura viktoriarragatik berezia, duela ia 130 urtetik galarazita daude autoak. Horrek esperientzia oso berezi bihurtzen du. Uhartea ezagutzea, nolabait, denboran atzera egitea da.

Ferryaren iritsieran mugimendua egon ohi da udaberritik aurrera. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Fort Mackinac-etik behera, Trinity Episcopal Church-en ondotik porturaino doan bidea. (Michael Deemer | Getty Images)
IRISTEA, LEHEN URRATSA

Mackinac irla bat da, eta, beraz, urez inguratuta dago; ontziz iritsi behar da, autoa beste aldean utzita, Michiganeko iparraldeko Mackinaw City edo St Ignace herrietan. Aipatutako bi portu horietatik ferryak irteten dira etengabe; eta 15-20 minutuko bidaia labur baina ikusgarriak eramango gaitu uharteraino. Bazterrotan, estatuaren hegoaldeak, Detroitek eta haren aldiriek eta autoaren industriaren inguruan eraikitako munduak, oso urrun dirudite. Basoak, aintzirak, negu hotzak eta udaberri freskoak eta bizi-bizirik sumatzen den ondare indigena daude herrietan bertan, baita uhartean ere.

Mackinac ezagutzeko modurik ezagunena bizikleta alokatzea da. Portuan bertan dozenaka alokairu denda daude, eta handik abia daiteke uhartea inguratzen duen M-185 errepidetik. Ibilbide osoak zortzi milia (13 kilometro) inguru baino ez ditu

Ferryan bertan hasten da esperientzia: Mackinac Bridge zubia atzean utzi, eta pixkanaka uhartearen silueta igartzen da, zuhaitzez estalitako muinoekin eta portuko etxe koloretsuekin. Beste hainbaten antzeko uharte turistiko bat dela pentsa liteke urrundik hurbiltzean. Txoko eder bat egun batzuk emateko, eraikin viktoriar dotoreetako ostatuetan eta basoko itzulietan. Baina orduan ohartzen zara motor hotsik ez dagoela, zalgurdiak ageri dira, eta bizikletak, eta motorrik gabeko bestelako garraio motak. Michiganen gaude, baina beste arau batzuek agintzen dute hemen. Autorik ez.

Atseden hartzeko leku lasaiak ere eskaintzen ditu hiriak. (Steven MILLIGAN | Getty Images)

Txirringa, bisitatzeko ezezik eguneroko jardueretarako ere bada. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Sentipen hori portura iritsi bezain laster nabari da: ez dago trafikorik, motor hotsik edo kerik. Kaleetan zalgurdiak ibiltzen dira, bizikletak nonahi daude, eta oinezkoak nagusi dira. Munduko leku gehienetan autoek zaldien lekua hartu zuten. Hemen, alderantziz: lehendabiziko autoek zaldiak izutzen zituztela ohartuta, debekatu egin zituzten.

Basoak, aintzirak, negu hotzak eta udaberri freskoak eta bizi-bizirik sumatzen den ondare indigena daude herrietan bertan, baita uhartean ere

Gaur egun, arau horrek uhartearen nortasun osoa definitzen du. Bertako biztanleek, turistek eta zerbitzuek garraio bera erabiltzen dute: zaldiak, bizikletak edo oinak. Zaldiek, hain zuzen, funtsezko zeregina dute: merkantziak garraiatzen dituzte, taxi moduan jarduten dute eta turismo gurdiak eramaten dituzte.

Fort Mackinac-eko kanoia. Goizerako egoten da kanoikada maiatzetik urrira. (Getty Images)
Arch Rock, irlako lekurik berezienetakoa, europarrak iritsi aurretik ere. (Steven MILLIGAN | Getty Images)
BIZIKLETAZ

Mackinac ezagutzeko modurik ezagunena bizikleta alokatzea da. Portuan bertan dozenaka alokairu denda daude, eta handik abia daiteke uhartea inguratzen duen M-185 errepidetik. Ibilbide osoak zortzi milia (13 kilometro) inguru baino ez ditu, eta ia osoki da laua, edozein mailatako bidaiarientzat egokia. Hori bai, barnealderantz jo ahala berehala datoz aldapak. Uhartearen tamaina oso txikia da, edozelan ere.

Lehen kilometroetan, portuko giro bizia atzean utzi eta lasaitasuna nagusitzen da. Lehen miliako mugarriaren inguruan, Mission Point ingurura iritsiko gara; hor, belardi zabalak eta aintziraren ikuspegi irekiak daude. Pixka bat aurrerago, bigarren eta hirugarren milien artean, Arch Rock ageri da: kareharrizko arku natural ikusgarria; uharteko ikur nagusietako bat. Bizikleta lotu eta bertaraino igo daiteke oinez.

Altueratik Marquette parkea eta aintzira ertzeko ontziak. (Kristen Hilderbrand | Getty Images)

Uhartearen ekialdeko kostaldeko muturrera iritsitakoan, bidea mendebaldetik hegoalderantz eginik, British Landing izeneko lekura iritsiko gara da. Hortxe lehorreratu ziren Kanadako britainiarrak 1812ko gerran. Gaur egun, atseden hartzeko eta piknika egiteko gune lasaia da.

Ibilbidearen azken zatian, baso trinkoagoak eta itsaslabar ikusgarriak ageri dira. Seigarren eta zazpigarren milien artean, Devil’s Kitchen (‘Deabruaren sukaldea’) izeneko formazio berezia dago. Uretako haitzulo txikiak dira, higadurak kareharrian eragindakoak; bertako kondairetan agertu ohi da txoko hau. Handik gutxira, berriro portura iritsiko gara, bira osoa osatuta.

Sainte Anne's eliza katoliko polita, egurrezkoa eta zuri-zuria, urrundik nabari da irlara hurbildu ahala. (Getty Images)
Round Island Passage Light itsasargia (ezkerrean) eta Round Island itsasargi historikoa (eskuinean) Mackinac-eko itsasartean, ilunabarrean. (Michael Deemer | Getty Images)
ALTERNATIBAK

Mackinac autorik gabeko irudiari bezainbat dago lotuta bizikletari, baina ez da nahitaezkoa pedalei eragitea. Alternatiben artean, bistan denez, oinezko ibilaldia dago, baina baita zalgurdian txangoa egitea ere, gidariak uharteko historia, kondairak eta anekdotak kontatzen dituen bitartean.

Baso bideek eta ibilbideek naturarekin konektatzeko aukera ematen dute, zaratarik eta presarik gabe

Bestalde, uhartearen itzulia bizikletaz egiteko paregabea izan arren, askotan turistek bisitatzen ez duten barrualdea oinez ezagutzeko tokia da. Baso bideek eta ibilbideek naturarekin konektatzeko aukera ematen dute, zaratarik eta presarik gabe. Izan ere, ur ertzeko bidea egin ostean, erraz ohartzen zara, uhartearen benetako altxorra barrualdean dagoela. Mackinac Island State Park parkeak uhartearen %80 baino gehiago hartzen du, eta baso, haitz eta belardi sare zabala eskaintzen du.

Old Mackinac Point Lighthouse, kontinentean, Upper Michiganera doan zubiaren aurretik. (William Reagan | Getty Images)

Barrualdera sartuz gero, muinoaren gainean kokatutako Fort Mackinac gotorlekura iritsiko gara. Handik ikuspegi ikusgarriak daude, eta argi ulertzen da zergatik zen toki estrategikoa indigenentzat zein kolonizatzaileentzat. Bide beretik aurrera eginda, besteak beste, Skull Cave edo Sugar Loaf leku bitxiak aurki daitezke, eta ur ertzean baino askoz jende gutxiagorekin.

INDIGENAK ETA INPERIOAK

Mackinac uhartea funtsezko puntua izan zen Ipar Amerikako historian. «Michilimackinac» (edo ‘dortoka handi’) deitu zion anishinaabe herriak, eta egun ere jatorritzat daukate ojibwe, odawa eta potawatomi herriek. Hiru suen kontseiluaren gunea izan zen, eta mendeetan izaera sakratua izan du uharteak. Herrien topagune, merkataritzako txoko eta memoria kolektiboaren zati da.

Mackinac zubia, Huron eta Michigan lakuak bereizten dituen itsasartearen gainetik doana. (Patrick Kerwin | Getty Images)

Gero, frantses merkatariek erabili zuten larru merkataritzarako. Ondoren, britainiarrek kontrolatu zuten, eta azkenik, AEBren esku geratu zen. 1812ko gerran, uhartea hainbat aldiz eskuz aldatu zen. Bere kokapen estrategikoa -Aintzira Handien arteko bide nagusian- giltzarria zen merkataritzarako eta kontrol militarrerako. Gaur egun, Fort Mackinac bisitatzeak garai horretara bidaiatzeko aukera ematen du.

Portura jaitsita, etxe viktoriarrak eta dendatxo tradizionalak daude. Fudge gozoki ospetsua nonahi saltzen da: kale nagusian lasai paseatzen joateko beste akuilu atsegin bat da. Grand Hotel ospetsua, bere balkoi galeria erraldoiarekin, uharteko luxuaren eta historiaren ikur nagusia da egun ere.

Zalgurdia, etxe dotoreen artean joateko aukera ederra eskaintzen duena. (Craig Sterken | Getty Images)

Mackinac ez da soilik uharte turistiko bat. Esperientzia bat da, bizitzeko beste modu bat erakusten duena. Autoak kenduta, zarata gutxituta eta natura lehenetsita, bisitariak berehala ohartzen dira denbora beste modu batean igarotzen dela hemen.

Bizikletaz edo oinez, historiaren eta naturaren artean, Mackinac uharteak guztiz ezohikoa den zerbait eskaintzen du gaur egungo munduan: benetako deskonexioa. Edo bestelako konexio bat, nahiago bada. Agian hori da bere altxorrik handiena.

Gida praktikoa

Nola iritsi

Michigan estatuaren iparraldean dago, Detroitetik lau ordura. Hiri horretara konexioak daude Europatik.

Bertan mugitzeko

Gehienek bizikletak alokatzen dituzte, baina aukera dago norberarena eramateko ferryan. Zalgurdian txangoak ere ohikoak dira.

Ostatua

Mackinaw City eta St Ignace dira ferryak abiatzen diren herriak; lehena Mackinac zubiaren hegoaldean dago, eta haren iparraldean bigarrena, bertakoek «UP» (Upper Peninsula) esaten dioten eskualdean. Uhartean ere badago ostatu hartzerik, eta hartara, ilunabarraz goza daiteke, eta turista gehienek alde egitean geratzen den giroaz.