Ane Iparragirre (Argazkiak: Marisol RAMIREZ | FOKU)

Artziniegako Museo Etnografikoa, iraganeko bizimoduaren lekuko

1977ko herriko jaietan, Artziniegako gazte talde batek antzinako objektuen erakusketa bat antolatu zuen. Esan liteke une horretan abiatu zela herriko Museo Etnografikoa, harrezkero ez baitu etenik izan inguruko arbasoen bizimoduaren lekuko bihurtutako pieza zaharren bilketak. 

Zurgin, errementari, jostun, zapatari, teilagin, saskigile, gurdi gidari edo harginen lanen nondik norakoak ezagutuko ditu bisitariak.
Zurgin, errementari, jostun, zapatari, teilagin, saskigile, gurdi gidari edo harginen lanen nondik norakoak ezagutuko ditu bisitariak.

Gizakiak dira gure izateko arrazoia». Horixe da Artziniegako Museo Etnografikoaren “agur” digitalak dioena. Herritarrez osatutako Artea Elkarteari esker zabaldu zituen ateak museoak 1984an, zenbait urtez materiala bildu ondoren. Hogei urte geroago, 2004an, Santutegiko ukuiluak utzi eta 1.700 metro karratuko eraikinera pasa zuten urtetik urtera aberastuz zihoan bilduma.

Garai hartako dendak nolakoak ziren irudika dezake bisitariak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Arotzen erremintak jasotzen dira tailer batean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Hamazazpi gelatan banatuta, Euskal Herriko biztanleen landako eta hiriko bizimoduak nolakoak ziren ikusteko aukera eskaintzen du bilduma iraunkorrak eraberritutako Karmeldarren komentu eta eskola zaharretan. Batez ere, industrializazioa heldu baino lehenagoko hiriko zein baserriko bizimodua irudika dezake bisitariak museoan barrena paseatzen duenean.

MILAKA PIEZA

Lanabesak, tresnak, arropa, produktuak, objektuak, altzari zaharrak... Milaka pieza jaso dira 1970eko hamarkadan baserriak husten hasi zirenetik, zehazki, baserritarrak industrian lanean hasi zirenetik. Benjamin Respaldiza herriko apaiza buru zuen Artea Etnografia taldeari esker, ordura arte bota edo erre egiten ziren “piezak” jasotzen hasi ziren auzolanean, Artziniegan bertan zein inguruko herrietan.

XX. mende erdialdeko etxea bisita daiteke, bere sukalde, gela eta komunarekin. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ondo zekiten trantsizio garai hartan ondare etnografiko baliotsua arriskuan zegoela, eta beharrezkoa zela herritarren artean memoria kontserbatzea, bizimodu eta gizarte baten lekuko ziren altxorrak salbatuz eta bilduz. Eta, museoa ikusita, argi dago lortu dutela, bidean urte zailak gainditu behar izan dituzten arren.

Bi solairutan sakabanatuta daude gelak. Behekoan, landa bizitza eta antzinako ogibideen lanabes eta objektuak daude ikusgai. Eta goikoan, berriz, hiriko bizitzarekin lotutakoak. Hori bai, gizakia da beti ardatz.

Gehien erakartzen dutenen ekimenen artean, “Museo Bizia” ekimena dago, bildumako tresnak eta makinak martxan ikusteko parada eskaintzen duena

Zurgin, errementari, jostun, zapatari, teilagin, saskigile, gurdi gidari edo harginen lanen nondik norakoak ezagutuko ditu bisitariak; botika batean sartu ahal izango da, eskola batean, bizargin baten lantokian, taberna batean, denetarik edukitzen zuen herriko denda zahar batean, XX. mende erdialdeko etxe batean, bere sukalde, gela eta komunarekin, udaletxeko aretoan...

Errementariaren tailerra. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Baina erakusketa ez da museoaren “amu” bakarra, bisita gidatuez gain, urtean zehar hamaika jarduera antolatzen dituelako, bizimodu tradizionalaren eta modernoaren arteko zubi lana eginez. Gehien erakartzen dutenen artean, “Museo Bizia” ekimena dago, bildumako tresnak eta makinak martxan ikusteko parada eskaintzen duena. Horrez gain, urtero ospatzen dituzte udako eta neguko solstizioak, txarriboda, zinema eta antzerki emanaldiak, kontzertuak eta margo eta jostailu erakusketak, besteak beste.

Horretarako, kanpoaldean beste eraikin bat du museoak, 2.000 metro karratu dituena. Aldi baterako erakusketak hartzen ditu. Gainera, aire zabaleko hainbat ekitaldi antolatzen dira bertan dagoen anfiteatroan.