Bidaiari

Laguntzak turismo sektoreko elkarteei, Araba kalitatezko helmuga gisa sendotzeko

Bidaiariei eskaintzen dizkieten zerbitzuak eta esperientziak modernizatzeko zein hobetzeko proiektuak finantzatzeko, Arabako Aldundiak turismo sektoreko elkarte eta fundazioei laguntza ekonomikoa eskainiko die «funtsezko eragileak» direlako turismo eskaintza osoa eta askotarikoa eratzeko.

Añanako Gatzaga.
Añanako Gatzaga. (Erlantz Perez | Getty Images)

Aldundiak adierazi duenez, «erakunde onuradunak turismo ostatuen elkarteak, Arabako zenbait udalerritako sustapen elkarteak, kultura elkarteak eta turismo zerbitzuak eskaintzen dituzten fundazioak dira».

Turismo eskaintza osoa eta askotarikoa eratuz «Araba kalitatezko helmuga gisa sendotzeko funtsezko eragileak» direnez, «laguntza ematen diegu», azpimarratu du Aldundiak, «eskaintza hori hobetzeko, baliabide materialak eta zerbitzuak modernizatzeko eta sustapen ekintzak egiteko».

«Ekitaldien antolaketa ere finantzatzen dugu, oso garrantzitsuak baitira bidaiariak erakartzeko eta sektorea dinamizatzeko. Hala, besteak beste, enoturismoarekin, landa inauteriekin eta tokiko txikizkako merkataritzaren dinamizazioarekin lotutako ekitaldiak babestuko ditugu aurten, bai eta bisita gidatuak eta antzeztuak ere hainbat udalerritan», gehitu du.

Bi deialdiren bidez ematen ditu laguntza ekonomiko horiek. Lehenengoa elkarteei eta fundazioei laguntzeko da honako hauek finantzatzeko: ekitaldiak antolatzea, kongresuak egitea, publizitatea kontratatzea, web orriak eguneratzea eta zenbait jarduera turistiko eskaintzea (bisita gidatuak, tailerrak, ibilbideak...).

Horrela, eta laguntza lerro honen bitartez, ‘Samaniego in Wine’, ‘Villabuena Wine Fest’ eta ‘Salinillas de Buradon’ Upategi Irekien XIX. Jardunaldiak finantzatuko dira, Samaniegoko Turismoa Sustatzeko Elkarteak, Villabuena Sustatzeko Elkarteak eta El Pilagar Kultura Elkarteak antolatutakoak, hurrenez hurren.

Finantzatuko zenbait jarduera

Deialdi honen bidez beste jarduera hauek ere finantzatuko dira: Billodako landa inauteriak, Iruña Okako Arkiz Kultur Elkarteak antolatzen duen Ilargiaren Festa, Correfest-Hedegile kaleko herri festa eta Udafest-Erdi Aroko Hiriguneko Elkarteen Federazioak (Fedasoc) bultzatutako hirigune historikoko merkataritzaren udako festa.

Laguntza lerro honek honako hauek ere lagunduko ditu: Añanako Gatz Harana Fundazioaren eta Artium Fundazioaren sustapen material berria editatzea, publizitate ekintzak, bisita gidatuak eta ekitaldiak; Arabako Turismo Ostatuen Elkarteak (Arabatur) sustatzen duen turismo ostatuen sektoreko Hoststik kongresua; eta Antoñanako bisita antzeztuak.

Bigarren laguntza lerroa turismo sektoreko elkarte eta fundazioen inbertsio proiektuak finantzatzera bideratuta dago, irabazteko xederik gabeko erakunde horiek bidaiarien eskura jartzen dituzten azpiegiturak eta zerbitzuak hobetze aldera. Deialdi honen bidez, Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Sailak arrapala berri bat finantzatuko du Gatz Haranean, irisgarritasuna hobetzeko.