
Uztailaren 15etik 19ra bitartean Dies Oiassonis Erromatar Jaialdiaren XVI. edizioa ospatuko da Irunen. Urtero bezala, hamaika ekitaldi eskainiko ditu Oiasso Museoan zein udalerriko hainbat tokitan. Jaialdiaren helburua da «erromatar ondarea herritarrengana hurbiltzen jarraitzea da, dibulgaziozko eta partaidetzazko ikuspegi batetik».
«Dies Oiassonis jaialdi bat baino askoz gehiago da. Irun ezagutarazten jarraitzeko, gure ondarea belaunaldi berriei hurbiltzeko eta gure historia hiri gisa dugun nortasunaren parte dela gogoratzeko aukera paregabea da. Hamabost edizioren ondoren, hitzordu berezi, ezagun eta gero eta erakargarriagoa da, bai irundarrentzat, bai bisitatzen gaituztenentzat», Nuria Alzaga Udaleko Kultura ordezkariaren esanetan.
Jaialdi erromatarrak berrogeita hamar ekitaldi inguru izango ditu. Batzuk dageoneko ‘klasiko ezagunak’ dira, hala nola ‘Navigium Isidis’, Zirku Erromatarra edo Pintxo Erromatarraren Ibilbidea. Antzerki klasikoko emanaldi bat ere izango da Amaia KZn, ‘Jasón y las Furias’ izenburupean.
Erromatar Pintxoaren Ibilbidea
Aurten ere gastronomia izango da Dies Oiassonisaren erakargarri nagusietako bat, bertako hogei bat establezimenduk parte hartuko baitute Erromatar Pintxoaren Ibilbidean eta «omentata isiziaren» lehiaketan.
Gainera, San Juan plazan ‘Convivium’ edo Afari Erromatarra izango da, Irungo jaialdiko hitzordu ezagunenetakoa. Azoka erromatarrak ere Oiasso inguruko kaleak beteko ditu, hilaren 15etik 19ra.
Bestalde, Zirku Erromatarraren ikuskizuna itzuliko da San Joan Plazara, eta larunbatean, hilak 18, 19:00etan, Isis Jainkosaren omenezko prozesio erromatarra abiatuko da.
Antzezlanerako, Zirku Erromatarreko hiru ikuskizunetarako eta Convivium edo Afari Erromatarrerako sarrerak udalaren webgunean daude salgai, baita Luis Marianoren lorategietan dagoen Turismo Bulegoan ere. Eguraldi txarra izanez gero, Convivium Santiagoko frontoian izango da, karpa estali baten azpian.

