
Haveliak, mogol nobleziaren jauregi ikusgarriak, izan zirenaren itzala besterik ez dira orain. Delhi Zaharrean, Indiako hiriburuaren bihotz historikoan, eraikin enblematiko horiek hiltzen ari dira, familiaren ondorengotzaren, hiri presioaren eta abandonuaren ondorioz.
Shahjahanabadeko harresien barruan, Indiako egungo megalopoliaren kokalekuaren gainean XVII. mendean Shah Jahan enperadoreak eraikitako hiri gotortuan, egoitza aberats eta ospetsu izan ziren gehienak egoera penagarrian daude: fatxada pitzatuak, kontraleiho hondatuak, balkoi hondoratuak... Kontserbatu edo zaharberritu direnak antzinako distiraren lekuko isil bihurtu dira, baina bakar batzuk baino ez dira. Horietan ikus daitezke oraindik patio zabal eta zainduak eta zutabe zizelkatu eta bernizatuak.
Havelia berritzea lortu dutenak harro eta pozik sentitzen dira, bai, baina ongi dakite zenbat oztopo gainditu behar izan dituzten eraberritzearen prozesuan zehar. «Ondareak arazoak sortzen ditu, batez ere jabegoaren inguruan, oinordeko asko daudenean, arazoa benetako erronka bihurtzen delako.
