
Jaialdiaren xede nagusia da barietate antzerkia zabaltzea hiriko auzo guztietara, hala ohiko jarraitzaileei, nola tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari.
Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiaren bereizgarria da antzerkigintzan ohikoak ez diren agertokietan saioak programatzea, esaterako, tabernetan eta beste lokal batzuetan. Hala, antzerkia jendearengana gerturatzeaz gain, formatu eta proposamen berriekin esperimentatzeko aukera ere sortzen da.
17 konpainia
Guztira 17 konpainia arituko dira, bakoitza bere ikuskizunarekin, eta 30 emanaldi egingo dituzte; horietatik hiru bikoitzak izango dira, bi funtzio desberdin dituztelako. Zortzi konpainia emakumeek osatzen dituzte osorik; sei, gizonek; eta beste hiru mistoak dira. Ikuskizunak hiriko 27 gunetan banatuko dira.
Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdiko irabazleak hartuko du parte aurtengo edizioan ere. Deialdia Donostia Kulturak antolatzen du, Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan, eta jasotako proiektuen artean, Idoia Garzes en eta Mikel Martinezen ‘Taxi’ antzezlana izan da irabazle. Bigarren postuan finalista ‘Euskal musikarekin, kontuz!’ antzezlana izan da, Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierberena.
Maiatzaren 7tik 24ra, emanaldiak izango dira ostegunetik igandera hiriko hainbat lokal eta tabernatan. Ikuskizun guztietarako sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Maiatzaren 22ko festarako gonbidapenak egun berean jarriko dira salgai, 11:30ean, Donostia Kulturako takiletan eta bere webgunean.