Bidaiari

‘Dolmenen Ibilbidea’ proiektua, ondare megalitikoa ezagutarazteko

‘Dolmenen Ibilbidea’ proiektuan parte hartu duten ikertzaileen hitzaldia izango da Bergarako Aroztegi aretoan apirilaren 21ean, dolmenen ibilbidean egindako aurkikuntzak partekartzeko eta zientzia herritarrei hurbiltzeko asmoz. Ikerlariak zer ondorioetara iritsi diren azalduko dute.

‘Dolmenen Ibilbidea’ proiektua 2012an jarri zen martxan.
‘Dolmenen Ibilbidea’ proiektua 2012an jarri zen martxan. (Bergarako Udala)

Aranzadi Zientzia Elkarteak jakinarazi duenez, ‘Dolmenen Ibilbidea’ proiektua 2012an jarri zen martxan, Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko udalen, Debegesaren, Debemen eta Aranzadiren lankidetzari esker. Ekimenak ikerketa zientifikoa eta dibulgazioa uztartzen ditu, eta azken hamarkadan egindako lanari esker, Elosua-Plazentzia inguruko ondare megalitikoari buruzko ezagutza nabarmen handitu da.

Jardunaldiak, gainera, une berezia du testuinguru, Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroan urte luzez kontserbatutako piezak lehen aldiz jendaurrean erakustea «mugarri garrantzitsua» izan baita Elgoibar, Soraluze eta Bergararentzat.

Balio handiko aztarnak

‘Dolmenen Ibilbidea’ proiektuan aztertutako monumentu megalitikoetan egindako lanek balio handiko aztarnak azaleratu dituzte, eta aurkitutako piezek historiaurreko komunitateen bizimoduari buruzko informazio zehatza eskaintzen dute: elikadura, teknologia, beste komunitateekin izandako harremanak edota ohitura eta sinesmenak ezagutzeko aukera ematen dute.

Hitzaldian lau adituk hartuko dute parte, bakoitza bere espezialitatearekin: Miriam Cubas (historiaurreko zeramika), Ignacio Montero (arkeometalurgia), Francisco Etxeberria (antropologia fisiko eta forentsea) eta Mónica Ruiz Alonso (ikatza eta hazi karbonizatuen analisia).

Ikuspegi zientifiko eta diziplina anitzetik, iraganeko paisaia, eguneroko bizitza, teknologia, heriotzaren inguruko errituak eta ikerketa prozesuak landuko dituzte, eta azalduko dute nola erabiltzen dituzten mikroskopioak, X izpiak eta analisi kimikoak milaka urteko aztarnei «hitz eginarazteko». Ekitaldia 18:00etan hasiko da, irekia eta doakoa da, eta interesa duen orok izango du bertaratzeko aukera.