Bidaiari

XIX. mendean Gustave Eiffelek eraikitako trenbidea berreraikiko du Georgiak

Turismoa erakartzeko, Gustave Eiffel ingeniari ospetsuaren parte-hartzearekin XIX. mendean eraikitako 38 kilometroko trenbide zati bat berreraikiko du Georgiak, Irakli Kobajidze lehen ministroak iragarri duenez. Borjomi eta Bakuriani arteko ibilbide historikoa urtarrilean jarriko da martxan.

Borjomiko geltokia.
Borjomiko geltokia. (Denis Kabanov | Getty Images)

«Georgiako Gobernuak Borjomi eta Bakuriani arteko ibilbide historikoa erabat birgaitzeko erabakia hartu du, turismoa erakartzeko», adierazi du Irakli Kobajidze lehen ministroak.

Georgiako neguko eta eskiko bi resort ezagunenak –Borjomi eta Bakuriani– lotzen dituen trenbide zati hau eraikitzeko, Eiffel izan zen komisionatua. 1897an hasi ziren eraikitzen Georgiako hiriburutik 160 kilometrora. Tsemistski ibaiaren gainean bere izena daraman zubi bat ere diseinatu zuen Eiffelek.

Kobajidzek aurreratu duenaren arabera, trenbidea 2027ko urtarriletik aurrera egongo da martxan. Bost geltoki lotuko ditu bi ordu baino gehiagotan. «Bide hau lehen bezain erakargarria izango da», esan du.

Georgiako gobernuburuak ez du berreraikuntzaren kostua zehaztu, baina Sobietar Batasunaren garaian kukushka bezala ezagutzen zen trena ere konponduko dutela aurreratu du.

Kukushka, kuku baten kantua

Trenbidea, 900 milimetroko zabalerakoa, 1901ean jarri zen martxan, eta urtebete geroago Eiffeleko zubiarekin modernizatu zen.

Sobietar Batasunaren garaian, Borjomi eta Bakuriani gune turistiko ospetsuen arteko tarte hori oso ezaguna zen. Kukushka ezizena jarri zioten, kuku baten kantuaren antzeko soinua zuelako. Dena derla, Sobietar Batasuna desegin ondoren, zerbitzua ere ezabatu egin zen.