Fernando Odriozola
gara-2026-08-26-Reportaje
Acacus, hareharrizko mendi eta dunen artean. (Sufian Alashger | Getty Images)

Libia, gizadiaren ondarea

2011. urteko Udaberri Arabiarraren haizeteek Gaddafi koronelaren erorketa ekarri zuten eta, horrekin batera, 40 urtez iraun zuen haren esku gogorreko agintearena. Beste hamarkada batez, Libia gerra zibilen eta milizien zurrunbiloan erori zen. Baina badirudi gonkortasuna itzultzen ari dela.

Libiak Unescoren bost gizadiaren ondare ditu: Leptis Magna eta Sabratha hiri erromatarren hondakinak, greziar garaiko Zirene hiriaren hondakinak, Ghadames antzinako karabanen hiria eta Sahara basamortuko milaka urteko grabatu eta labar-margoak. Eta, nola ez, harkaitz eta hareazko paisaia harrigarriak. Hamarkada eta erdi igaro da Libia azken aldiz bisitatu genuenetik. Denborak ez du gure oroimen gozoa ezabatu.

Agian herrialdearen tamaina erraldoiari esker, gerrateek eta milizien arteko borrokek ez dute Libiaren ondarea suntsitu. Aztarna arkeologikoek eta natura ikusgarriak zutik eta eder diraute, etorkizunari ilusioz begira, aspaldiko garaietako turismoa berriro noiz itzuliko zain.

Tripoliko aireportutik atera garenean Afrikako kostaldean Mediterraneoaren argitasun bereziak edertzen ditu zerua eta atmosfera bera. Lehen bezala orain ere, armarik gabeko Polizia Turistikoko agente bat izango dugu alboan bidaia osoan. Gure itzal hau erlaxatua izango da eta, gure segurtasunagatik dela dioten arren, hemengo ondarea inork bere etxera edo kanpoko merkatura eraman ez dezan kontrolatzeko neurria da gehienbat.

Harrizko arkua, haizeak eta erosioak eragindakoa. (Fernando Odriozola)
Afasijar-eko harrizko arkua. (Fernando Odriozola)
MARTIRIEN PLAZA

Gaddafik Plaza Berde izendatutakoari izena aldatu diote, eta gaur egun Martirien Plaza deitzen da. Lehen baino ederragoa ikusten dut orain. Septimio Severo Erromako enperadore libiarraren estatuaren ondoko Gaztelu Gorria ere berriztu dute. Bere balkoi nagusitik eman zuen Mussolini diktadoreak italiarren okupazio faxistaren berri. Eta bertako Museo Nazionala ere berriz ireki zuten duela hilabete gutxi. Ustekabe handi atsegina hartu dut, herri osoan oraingoz irekita dagoen museo bakarra izanda ere.

Banku Nazionalaren atzealdean diru trukaketarako merkatu beltza pil-pilean dago. Dinar batzuk eskuratu ondoren, bazarreko zurrunbiloan murgildu naiz teilapeko korridoreetako denden artetik, bertako giroa barneratu nahian. Harresitutako medinako karriken artetik noa aurrera, betiko etxe eta saltokiak ikusiz, eta betiko liburu-dendetan hauts gehiago dagoela baieztatuz.

114 janari-biltegi daude bost metroko altuerako adobezko borobil baten inguruan barreiatuta. Antzina inguruko tribu eta lapurrengandik babesteko sortu ziren halako eraikuntzak

Marko Aurelioren arkuaren ondoan jatetxe modernoak ireki dituzte, nahiz eta Ramadana izanik iluntzera arte ez diren beteko. Lehen baino Saharaz hegoaldeko askoz herritar gehiago ikusten da nonahi. Horietako asko Mediterraneoaz bestaldera igarotzeko dirua pilatu eta une egokirako txandaren zain daude. Azken martxoan soilik, horietako milatik gora hil dira itsasoan, beren ametsak beren itxaropenarekin batera hondoratuz.

Haizeak eta erosioak sortutako onddo itxurako harria. (Fernando Odriozola)
Etxe tradizional baten barrualdea. (Fernando Odriozola)
“BIZKARTZAIN” ARMAGABEA LAGUN BETI

Nafusa mendikaterantz goaz taxi batean, “bizkartzain” armagabea lagun, betiere. Qasr Al-Hajjeko zaindariak giltza dakar eta hemengo aletegi zaharraren atea ireki digu. 114 janari-biltegi daude bost metroko altuerako adobezko borobil baten inguruan barreiatuta. Antzina inguruko tribu eta lapurrengandik babesteko sortu ziren halako eraikuntzak. Nalut izeneko alboko herrian pixka bat sofistikatuagoa den beste biltegi bat eraiki zuten.

Kale estu batean eraiki zuten, aldamenean hainbat olio-errotarekin. Hemengo biztanleak bereberrak dira, tamazight hizkuntzaz egiten dute, amazigeraz, eta oraindik familia gutxi batzuek lurrazpiko etxe trogloditak mantentzen dituzte, udan fresko egoteko eta neguan, berriz, bero eta goxo, betiere etsaiarengandik babesturik.

Bertako gidariaren laguntzarekin paseatu beharrean gaude, kalexka estuetan barrena ez galtzeko

Egun luze honetan Ghadames hiriraino iritsi gara. Eskertzen da hemengo hotel berrituaren erosotasuna. Aldamenean, Unescoren karabana-hiri zaharra beti bezain eder eta erakargarria agertu zait. Bertako gidariaren laguntzarekin paseatu beharrean gaude, kalexka estuetan barrena ez galtzeko. Barruko meskitara oraindik ere egunero fededunak datozen arren, gainontzeko etxeak duela hamarkada batzuk hustu ziren. Hau ere iraganera eginiko beste bidaia bat da.

Karabanen hiri Ghadames-eko ingelesen etxea. (Fernando Odriozola)
Magydeth-eko hareharrizko labirintoa. (Fernando Odriozola)
Magydeth-eko hareharrizko labirintoaren panoramika. (Fernando Odriozola)
SAHARAREN BIHOTZEAN

Ibilaldiaren hurrengo geldialdia urrun samar geratzen da mapan. Sabha hiritik aurrera joko dugu eta Fezzan eskualdean sartuko gara, tuaregen eremuan, Sahararen bihotzean. Hemendik aurrera, lur orotako ibilgailuan bidaiatuko dugu, sukaldari bat lagun. Gasolindegian depositua bete dugu: 77 litro gasolina, euro bat. Bai, ondo irakurri duzu (hirurogeita hamazazpi litro fuel). Eskuan dudan litro erdiko ur mineralaren botilatxoarekin hiru litro gasolio eros dezaket. Hainbat egunetan basamortuan barrena ibiliko garenez, ehunka litro gehiago eraman beharko ditugu bidoi erraldoietan. Horiek merkatu beltzean lortzen dira; beste salneurri batean, noski.

Gauden herritxo honetan, litro bat euro erdian negoziatu dute txoferrek. Zenbat eta hegoalderago, gero eta garestiago, litroa lau aldiz biderkatzeraino. Erregaiaren horniduran datza gaur egungo zailtasun handienetariko bat Libian zehar bidaiatzeko. Gasolindegi asko eta asko itxita daude, eta irekita daudenetan egundoko auto ilarak sortzen dira. Eta orduan, bai, gure poliziak lanari ekiten dio behingoz eta gasolina-hornigailuaren ondoan kokatzen gaitu.

Murzuq Idhan edo dunen itsaso amaigabea. (Fernando Odriozola)

Naluteko aletegi zahar bezain ikusgarria. (Fernando Odriozola)

Libiaren petrolio findua ezkutuan eramaten da inguruko beste herrialdeetara, baita Malta eta Italiako portuetatik Europako beste herrialdeetako gasolindegietara ere. Beste negozio-mota honek, etorkinen, armen eta drogen inguruan sortzen diren mafien adar berdintsuak erabiltzen ditu.

Lau haizeetara, dunak eta dunak. Ametsezko oasi perfektuaren irudia azaldu zaigu hemen. Oum el Maa edo “uraren ama” izeneko lakuan gaude, hareazko itsaso erraldoi honetan dauden 40tik gora lakuetako batean

Asfaltoak Ubari bailara zeharkatzen du eta kilometro gutxira hainbat oasi eta herrixka agertu zaizkigu izen bereko dunen itsasoak inguraturik. 4x4an gora eta behera goaz hondar gainean nabigatuz, itsas miliak eta miliak eginez. Bat-batean, palmondo baxu batzuek basamortu erdian galdutako laku bat iragartzen digute. Begetazio berdez inguratutako orbain urdin erdizirkularra.

Lau haizeetara, dunak eta dunak. Ametsezko oasi perfektuaren irudia azaldu zaigu hemen. Oum el Maa edo “uraren ama” izeneko lakuan gaude, hareazko itsaso erraldoi honetan dauden 40tik gora lakuetako batean. Hemen bezala, alboko Gabraoun edo Gaberoun lakuan ere ura gazia da eta gure gorputzek ahaleginik gabe flotatzen dute. Kanpatzeko, berriz, uretatik aldendu beharko dugu eulitxoak ekiditeko.

Ghateko ganadurako putzu bat. (Fernando Odriozola)
Qasr Al-Hajjeko aletegi borobila. (Fernando Odriozola)
Sabrathako antzoki erromatarra. (Fernando Odriozola)
SAHARA ERDIAN

Asfaltora itzuli gara eta, Germa hirian garamanteen aztarna abandonatuak bisitatu ditugu. Kristo baino milaka urte aurretik jada zaldi eta koadrigetan mugitzen eta borrokatzen zen tribu bereberra zen garamanteena, Sahara erdian, belarraren gainean. Baina erosioak hondarra ekarri zuenean hasieran astoek eta ondoren gameluek hartu behar izan zuten zaldien lekukoa.

Gu gure lau gurpileko gameluan aurrera goaz, hegoalderantz, Aljeriako mugatik gertu dagoen Magydeth izeneko tassili-an zehar, hareharrizko ehunka edo milaka mendi eta muinoek sortu duten labirinto ikusgarrian galduta. Beste planeta baten gabiltza, dudarik gabe. Eremu eder eta arraro honetan emango dugu gaua, ilunabarra eta biharko egunsentia gozatzeko asmoz.

Saharako dunen itsasoa. (Fernando Odriozola)

Wadi Matkhendousheko grabatuak. (Fernando Odriozola)

Akanpalekua basamortu erdian. (Fernando Odriozola)

Ghat da Libia hegoaldeko karabana-hiri zaharra. Hemengo medina hondatuta dago eta etxe eta harresi asko behera erortzen dira noizean behingo eurite bakan bakoitzarekin. Gure bizkarrean dugu Acacus mendikate ospetsuaren profila. Eta, jaki-gordailua berriz beteta, basamortuan barrena abiatu gara bertako txokoetan gau batzuk emateko.

Tripoliko martirien enparantza eta gaztelua. (Fernando Odriozola)

Ubari bailarako barazkien merkatua. (Fernando Odriozola)

Ubariko Oum el Maa lakua. (Fernando Odriozola)

Zein ederra den Sahara! Etxetik hain hurbil, baina gure bizimodutik eta ohituta gauden ekosistematik zein urrun, zeharo ezberdin! Kolore desberdinetako harearen gainean eta muino eta mendien artean gaude. Lehortasunaren erdian bizia ere antzematen da animalia desberdinek utzitako ehunka arrastoen artean. Han eta hemen, beduino familiak, beraien gamelu eta ahuntzei esker bizimodu zaila aurrera eramaten. Harkaitzetan, K.a. 8000 eta 1000 urte arteko margoak ikusten ditugu, batzuk erosioak erdi ezabatuta, beste batzuk arbasoek islatu zuten moduan gordeta. Hunkigarria da paretetan kontatzen zituzten istorioen kalitateaz gozatzea. Zenbat txoko, zenbat irudi, zenbat paisaia… zer bakardade, zer isiltasun, zelako zeru urdina, zelako zeru izartsua.

Pozaren pozez, bihotza handituta, basamortuaren beste hondar ale nimiño bat sentituz, Sabha hirira itzuli gara

Oum Casa idhan edo dunen itsasotik, Msak Settafet harri deserosoetara pasatu gara. Eta hortik berriro ere Murzuq beste idhanera, dunatik dunara. Gertu, Matkhendous ibai lehor eta zaharraren ertzeko harkaitzetan duela 12.000 urteko grabatuak miretsiko ditugu beste behin ere: elefanteak, krokodiloak, jirafak, errinozeroak, lehoiak… Sahara basamortu bilakatu aurretik sabana zen garaiko animaliak daude harrietan zizelkatuta.

Pozaren pozez, bihotza handituta, basamortuaren beste hondar ale nimiño bat sentituz, Sabha hirira itzuli gara. Eta handik Tripolira bueltatu gara. Gaur Sabratha hiri erromatarra bisitatuko dugu, bertako antzoki ikusgarriarekin beste behin topatzeko. Bihar, berriz, ekialdean dagoen Leptis Magnako aztarna erromatarretan ibiliko gara: arku, kardo, zutabe, gladiatoreen zirkua… guztiak zegoen moduan eta tokian jarraitzen duela baieztatzeko.