Bidaiari

Bidegorrietan lanak hasi dira Gasteizen bizikleten zirkulazio segurua bermatzeko

Gasteizko bidegorrien hainbat zati hobetzeko lanak hasi ditu hiriko Udalak, bizikleta sarearen segurtasuna eta erabilera baldintzak indartzeko helburuarekin. Bizikleten zirkulazio segurua zailtzen duten kalteak dituzten eremuetan hartuko dute esku.

Gasteizko bidegorri bat.
Gasteizko bidegorri bat. (Raul Bogajo | FOKU)

Zumabide eta Iturritxu kaleetako zoladuran egindako fresaketa lanekin hasi dituzte jarduketak, bizikleten zirkulazio segurua zailtzen duten kalteak dituzten eremuetan esku hartuta. Aglomeratua gauzatzeko aurreikusitako ordena honako hau izango da: Iturritxu, Zumabide, Izardui Komandantea, Justo Velez de Elorriaga eta Juan Ibañez de Santo Domingo.

Lanek bizikleta sareko bost zatitan jarduteko aukera emango dute: Zumabide, Iturritxu, Izardui Komandantea, Justo Velez de Elorriaga eta Juan Ibañez de Santo Domingo. Horietan guztietan zoladuraren deformazioak antzeman dira, kasu askotan bide zorua altxatu duten zuhaitzen sustraiak hazi izanak eragindakoak.

Segurtasuna eta erosotasuna

Obrei esker, zoladura konpondu eta deformazioak zuzendu ahal izango dira, eta, behar izanez gero, egiturazko oinarrian ere jardun ahal izango da, bizikleta erabiltzen dutenentzat segurtasuneko eta erosotasuneko baldintza ezin hobeak bermatuz.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak azaldu duenez, «bizikleta sarea zabaltzen jarraitzea bezain garrantzitsua da lehendik daukaguna egoera onean mantentzea. Jarduera honek konpromiso horri erantzuten dio: bidegorri seguruak, erosoak eta eguneroko erabilerarako baldintza onetan mantentzea».

Ildo horretan, gogorarazi du Gasteizek Estatu mailan balorazio onena jaso duen bizikleta sareetako bat duela, eta Udalak lanean jarraitzen duela mantentzea hobetzeko eta bizikleta ohiko garraiobide gisa erabiltzea sustatzen jarraitzeko.