Pantanal parke nazionalak 140.000 kilometro koadroko azalera du (450 kilometro luze eta 200 zabal). Iparraldeko eremua, Brasilgo Mato Grosso estatuan dagoena, da gaur egun turista gehien erakartzen duena. Bertara iristeko ibilbidea Pocone herrian abiatzen da, Mato Grossoko Cuiaba hiriburutik ordubetera asfaltatutako errepide batean.
Handik aurrera, 145 kilometroko lurrezko pista bat dago Porto Jofreraino heltzeko. Iparraldeko Pantanaleko azken herriska da, lekurik onena jaguarra ikusteko.
Garai batean egurrezko 122 zubi zeharkatu behar ziren Poconetik Porto Jofrerako bidean. Egun, Poconetik hurbil dauden zubi asko zementuzkoak dira, bidaia erraztu duenak. Egurrezko gehienak Porto Jofretik gertu daude.
Banaka batzuek Pocone-Porto Jofre tartea inongo lekutan lorik egin gabe egiten badute ere, aukeran, hobeto bidean dauden etxaldeetan (‘fazendetan”) gelditzea eta bertako faunaz gozatzea.
Poconen bete behar da gasolina-ontzia, transpantaneira errepidean ez baituzu aukerarik izango gasolina lortzeko. Aukeran, etanol edota gasolina izango duzu.
Sasoi lehorrean bidea ez da txarra, baina, euria eginez gero, zeharo lokaztu egiten da eta, arriskutsu bihurtzeaz gain, ez aurrera ez atzera gera zaitezke 4 x 4 ibilgailurik eduki ezean. Beraz, komeni da autoa itxurosoa izatea. Gurea Volkswagen Taigo automatikoa zen, eta eskerrak horri. Izan ere, bueltakoan euria egin zuenez, sekulako estualdia pasatu genuen Pouso Alegre Lodge-raino dauden 118 kilometroak egiteko. Ohikoena bi ordu eta erdi izaten da; guk zortzi ordu behar izan genituen.
Jaguarrak
Pantanaleko biodibertsitatearen izarrik handiena jaguarra da (Panthera onca). Parkeak du kontinente osoko jaguarren dentsitaterik handiena. Horrek parada ematen die turistei, batez ere sikate sasoian, ekaina eta azaro bitartean, animalia errazago ikusteko: orduantxe egin ohi du uraren mailak behera eta fauna kontzentratzen da ibaien ertzetan. Jaguarrek ibai-bazterretan dihardute ehizean eta eszena ikuskizun ikaragarri bihurtzen da. Gainera, gautarra izan arren, egunez ere ikustea oso erraza da.
Latinoamerikako beste leku askotan ez bezala, non jaguarra mehatxatuta dagoen, Pantanalean babestuta dago
Amerikako felidorik handiena da jaguarra, eta munduko hirugarrena, tigrea eta lehoiaren atzetik. Latinoamerikako beste leku askotan ez bezala, non jaguarra mehatxatuta dagoen, Pantanalean babestuta dago. Guztira, 2.000 inguru ale daude. Gainera, ehiztari ona denez, beste animalia batzuen kopurua erregulatzen du, oreka ekologikoari eutsiz.
Egun, orain dela 15 bat urte baino jaguar gehiago daude. Izan ere, jaguarrek behiei, txakurrei… erasotu egin ohi zietenez, bertako gizakiek akabatu egiten zituzten. Alabaina, jokabide hori aldatu egin da azken urteotan, animalia basatien ingurumen-babesari buruzko lege bat onartu zelako, eta horrek onura ekarri die bertako biztanleei.
Lekurik onena jaguarrak ikusteko Cuiaba ibaia, Encontro das Aguas parke Estatala eta Porto Jofre herriska dira
Lehen abeltzaintza eta nekazaritza jarduera nagusi zituzten etxalde asko nekazal-turismoko “fazenda” bihurtu dira, eta Porto Jofreko arrantzaleak jaguarren bila ibiltzen dira turistekin haien txalupetan. Hitz batean esanda, felidoarekiko jokabidea aldatu egin da denbora laburrean, komunitateetan babestearen aldeko jarrera nagusitu egin baita. «Guztiz debekatuta dago hiltzea», esan digu gurekin txalupan etorritako Arthur gidariak.
Lekurik onena jaguarrak ikusteko Cuiaba ibaia, Encontro das Aguas parke Estatala eta Porto Jofre herriska dira. Itsasontziz egindako txangoetan 20 metrora ikus daitezke; sinestezina da zugandik hain hurbil izatea. Guk Porto Jofren egin genituen bi saio (goizeko zortziretan hasi eta arratsaldeko bostak arte) ibaiadarretan zehar itsasontzi batean, eta 7 jaguarrekin egin genuen topo.
Halarik ere, bestelako aukerak ere badaude gozatzeko. Ilunabarrean, zeruak kolore gorrizta hartzen duenean, naturaren postalak sorginduko zaitu. Txorizalea baldin bazara, 600 bat hegazti espezie dituzu ikusgai: jabirua, guakamaio urdinak, tukanak, koartzak, ibisak, saiak, kolibriak...; eta ugaztunak gogoko badituzu, berriz, 240 inguru, tartean kapibarak, tapirrak, azeriak eta igaraba erraldoiak. Narrastien artean ezin ahaztu anakondak eta kaimanak. Jaguarrak ikusteak pazientzia eta denbora eskatzen ditu, bai, baina saria ahaztezina da.

