
Ehun urte beteko dira aurten Antoni Gaudi arkitektoa hil zenetik eta, urteurren borobila aitzakiatzat hartuta, Gaudi Urtea ospatzen ari dira Bartzelonan, modernismo katalanaren adierazle nagusia eta munduko arkitekturaren irudi garrantzitsuenetakoa izandako artistaren omenez. Zehazki, 1926ko ekainaren 10ean hil zen, tranbiak harrapatuta.
Erakusketak, kongresu zientifikoa, bisita gidatuak, hezkuntza proiektuak... Mendeurrena ospatzeko, hamaika ekitaldi prestatu dituzte, urtean zehar sakabanatuko direnak.
Sagrada Familiak ere urteurrena ospatzeko asmoa du jarduera bereziekin. Gainera, Unescok 2026ko arkitekturaren munduko hiriburu izendatu du Bartzelona, eta UPC Arkitekturaren Munduko Biltzarra hartuko du.