SEP. 04 2026 - 00:00h Girolamini liburutegia, berriz zabalik Hamalau urtez itxita egon ondoren, Girolamini liburutegiak ateak zabaldu ditu berriro. Andrea Matteo III Acquaviva literato handiaren bildumari eskainitako erakusketarekin abiatu da Napolesko liburutegi publiko zaharrenaren ibilbide berria. Ikusgarria da liburutegia. Bere ondarea ehunka mila liburuki eta eskuizkribu baliotsuz osatuta dago, XVI. mendeko edizioen presentzia garrantzitsuarekin. (Ivan Romano | Getty Images) Eli TXAPARTEGI (Ivan Romano | Getty Images) Girolamini liburutegia, Italiako kultura-ondarearen liburutegi-konplexu garrantzitsuenetakoa, 1586an sortu zuen Oratoriaren Kongregazioak eta, harrezkero, mendeetan zehar bere espezializazioa sendotuz joan da, batez ere, filosofiaren, teologia kristauaren eta musika sakratuaren alorretan. Bere ondarea ehunka mila liburuki eta eskuizkribu baliotsuz osatuta dago, XVI. mendeko edizioen presentzia garrantzitsuarekin. Bildumaren osaketa prozesu luze eta estratifikatu baten emaitza da, batik bat dohaintzei esker aberastuz joan dena. Hain zuzen ere, estratifikazio historiko horrek funts bibliografikoaren izaera heterogeneoa baina koherentea definitzen lagundu du. Dena dela, liburutegiaren erabilera publikoa bat-batean eten zen 2011n, Massimo De Caro orduko zuzendaria inplikatzen zuen prozesu judizial polemiko eta mediatiko baten ondorioz; urtebetean bildumako bi mila liburuki baino gehiago ostu izana egotzi zioten. Girolamini liburutegiaren bildumaren espezializazioa sendotuz joan da mendeetan zehar, batez ere, filosofiaren, teologia kristauaren eta musika sakratuaren alorretan. (Ivan Romano | Getty Images) Bildumaren osaketa prozesu luze eta estratifikatu baten emaitza da, batik bat dohaintzei esker aberastuz joan dena. (Ivan Romano | Getty Images) LAPURRETAREN ONDORIOAK Lapurtutako aleen artean, bitxikeria baliotsuak zeuden. Horietako batzuk nazioarteko antigoaleko merkatuetan aurkitu ziren, bereziki Alemaniako eta Erresuma Batuko enkante etxeetan eta liburu denda espezializatuetan. Ordurako auzia bukatuta zegoen: dirua bidegabe erabiltzeagatik zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten Massimo De Carori, eta Kontu Auzitegiak ia 20 milioi euroko kalte-ordaina ezarri zuen. Azkenean, liburutegia enbargatu eta itxi egin behar izan zuten. Orain, ondarea berreskuratzeko, zaharberritzeko eta administrazioa berrantolatzeko prozesu konplexu baten ondoren, jendeari bere «altxorra» eskaintzeko prest da berriro liburutegia. Hala ere, asmoa da pixkanaka-pixkanaka irekitzea. Lehenengo urratsa izan da ‘Rinascimento meridionale. La biblioteca di Andrea Matteo III Acquaviva’ erakusketa zabaltzea, noble errenazentistaren bilduma bibliografiko bikainari eskainia. Ikusi nahi duenak sarrera nagusitik sartu beharko du konplexuko areto historikoetara. Via Duomoko 114. zenbakian dago, Napolesko hirigune historikoan, izen bereko elizaren ondoan. Ondarea berreskuratzeko, zaharberritzeko eta administrazioa berrantolatzeko prozesu konplexu baten ondoren, jendeari bere «altxorra» eskaintzeko prest da berriro liburutegia. (Ivan Romano | Getty Images) Hamalau urtez itxita egon ondoren, Girolamini liburutegiak ateak zabaldu ditu berriro. Andrea Matteo III Acquaviva literato handiaren bildumari eskainitako erakusketarekin abiatu da Napolesko liburutegi publiko zaharrenaren ibilbide berria. (Ivan Romano | Getty Images) Herritarrentzat, liburutegia berriro irekitzea eraikin historiko baten berreskurapena baino askoz gehiago izan da; oroimenerako, ikerketarako eta ezagutzarako leku bat errekuperatzea izan da. Ateak berriro irekita, hiriak bere historia kulturalaren funtsezko zati bat berreskuratu du.